argia.eus
INPRIMATU
Martxoko infernua
  • Duela 32 urte izan zen. Ondo gogoratzen dut, 15 urte egin beharria izanik, egun hartakoa. Greba eguna zen Gasteizen, nahiko ohituta geunden; ez zen lehen ez bigarren greba eta lantegi batzuetan hilabete pare bat baino gehiago zeramaten greban. Lehenengo langileen mobilizazioak izan ziren, gero hauen familiak, diru-bilketak egin ziren eta poliki-poliki hiri guztia ari zen langileen aldeko dinamikan sartzen. Batzuek orduan probatu genituen poliziaren lehen porra-kolpeak, trankil-trankil taldeka paseatzeagatik.
Xabier Etxaniz Erle 2008ko martxoaren 10a
Xabier Etxaniz Erle
Xabier Etxaniz Erle, EHUko irakasleaAlex Larretxi
Martxoaren 3an, beraz, beste greba eguna zen. Ni eskolara joan nintzen, nabaria zen kalean giro berezia. Eskola orduan pasatu zidaten errekadua: “Etxera oinez joan beharrean autobusa hartzeko”; nire etxera bost minutu ziren oinez eta eguerdi hartan ordu erdi baino gehiago pasa nuen, lehenengo autobusean, gero autobusak etxe ondoan utzi beharrean utzi ninduen lekutik etxera joaten. Avenida moztuta zegoen eta gasolindegian istilu gogorrak izan omen ziren goizean, polizia etortzean langile batzuek sua ematearekin mehatxatu zuten. Goizeko giro berezia tentsio bilakatua zen eguerdirako.

Arratsaldean etxeko egongelan egon ginen, noizean behin kalera begira baina beti irratia entzuten, poliziaren irratia entzuten baikenuen orduan. San Francisco elizan izaniko tiroen berri izan genuen, sirenen hotsa entzuten zen Gasteiz osoan. Arratsaldeko 6etan iritsi zen nire izeba Madrildik. Trena hirira hurbildu ahala zerura igotzen ziren ke zutabeak ikusten ziren, Dato kalean emakume bati galdetu zion zer gertatzen zen: “Infernua da” erantzun zion emakume hark nire izebaren moja jantzia ikusita, poliziak langileak hil zituela, hiri guztia hankaz gora zegoela. Izeba etxera iritsi zenean egongelara bildu zen irratia entzutera, eta leihotik poliziei oihuak botatzera (zenbat aldiz sartu behar izan genuen poliziak gure etxera ere pilotak edo tiroak botako zituen beldur!).

Iluntzean agertu zen anaia, ni baino zaharragoa egun osoa emana zuen kalean eta arratsalde erdia “anbulantziak pasatzeko barrikadak kentzen eta gero berriro jartzen”. Gurasoek esana ziguten mila aldiz ez sartzeko politikan, anaiak ordurako ezagunak zituen tortura eta kartzela; egun horretan, baina, ez zioten ezer esan.

Hurrengo egunean protestara joan ginen, hiletetan ere izan ginen. Ematen zuen Gasteizko hiri guztia zegoela kalean, langileek irabazi egin zutela borroka, nahiz eta zazpi hildako izan, bost Gasteizen eta beste bi Bizkaian eta Katalunian, eta ehunka zauritu.
Baina infernuan beti irabazten du Luziferrek. Patronalak, eta sindikatu batzuek, ederki baliatu zuten egoera Gasteizko mugimendu asanblearioa desegiteko; herri honetan izan den langile mugimendurik inportanteenetarikoa deuseztatzeko. Martxoaren 3an hildako eta zaurituez gain herri mugimendua zauritu zen San Francisco parrokian.