argia.eus
INPRIMATU
Katalan hiztunak sarean indartsu
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2008ko martxoaren 12a
Europako Batzordeak antolatutako foroetan hala dirudi behintzat. Miquel Strubell Universitat Oberta de Catalunyako irakasleak gipuzkoaeuskara.net webgunean azaldu du Europako Batzordeak abian jarritako hiru sareko forotan katalanak nolako indarra hartu duen. Hiru gairi buruz antolatu dituzte eztabaida foroak: “Klima aldaketa eta energia”, “Europaren etorkizuna” eta “Kulturen arteko elkarrizketa”. Strubellek otsailaren 21eko parte hartze kopuruak aipatu ditu adibide moduan: zerrendan aurrena jarri zen ingelesezko foroa, 2.062 partehartzailerekin, katalanak bigarren postuan ziren 808 partehartzailerekin, italiera (381 partehartzaile), frantsesa (302) eta gaztelania (268) atzetik ziren. 2006ko foroetan ere katalanak arrakasta handia izan zuen eta Europako Batasunean ofizial diren poloniera, suediera edota portugesa baino partehartzaile gehiago izan zituen.