argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko martxoaren 12a

Irati Elorrieta algortarrak eta Begoña Torregrosa kataluniarrak irabazi dute Bilboko Udalak antolatutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa. Irati Elorrieta euskarazko sailean izan da nagusi, Post H.Pop ipuinari esker, eta Begoña Torregrosa gaztelaniazkoan, En un cajón del armario lanarekin.

 

Bestalde, Ruben Ruiz idazle gasteiztarraren Anekdotak ipuinak jaso du Lizardi Saria. Irabazleak 3.700 euroko saria jasoko du eta liburuaren 2.400 ale doan banatuko dituzte Zarauzko ikastetxeetan.

 

Valentin Sama argazkilari madrildarrak (Espainia) Trantsizioak izeneko erakusketa paratu du Iruñeko Contraluz galerian. Kopia originalak eta gaur arte inon erakutsi gabeko irudiak bildu ditu Samak bertan. Erakusketa martxoaren 31 arte izango da zabalik.

 
 

Peter Blake (pop artista britainiarraren (Dartfordt, 1932) ehundik gora obra bildu dituzte Bilboko Arte Eder museoan. Peter Blake. Atzera begirakoa izeneko erakusketa Tate Liverpool galeriak antolatu du. Ekainaren 22a arte izango da ikusgai.

 

Oskar Arana izango da hemendik aurrera Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) lehendakari berria. Aranak Beatriz Zabalondoren lekua hartuko du eta Itziar Otegi izango du laguntzaile bere kargu berrian.

 
 

Goizeder Urtasun nafarrak Ximeneiak dokumentala aurkeztu berri du. Langile mugimenduak azken 30 urteetan Nafarroan izan duen ibilbidea jaso du egileak. Dokumentalari buruzko informazioa http://ximeneiak.com webgunean eskura dezakezue.

 

Jon Martin ek (Oiartzun, 1981) Ero liburua (Elkar) argitaratu du. 2006an idazle gazteentzako Igartza bekako saria eskuratu zuen Martinek lan horri esker. Egileak era askotako gaitz psikiko, trauma eta obsesioak ipuingai bilakatu ditu.