Georges Abdallah amerikarren preso Lannemezanen

  • Apirilaren 23an Lannemezaneko epaitegiak aztertuko du Georges Ibrahim Abdallah militante libanoar presoaren zazpigarren eskaria baldintzapeko askapena lortzeko. Frantzian 24 urte preso daraman Abdallah-ren kasuak “berunezko urteak” gogorarazten ditu.
George Ibrahim Abdallah
George Ibrahim Abdallah
Frantziak, bereziki Parisen, 1985-86an paranoia antiterrorista ezagutu zuen. Urte haietan –2001eko iraila baino askoz lehenago– Parisera iristen zena harritzen zen autobus, tren eta metro geltokietan hainbeste polizia eta militar ikusteaz, kontrol zorrotzak, paperontziak kenduta bonben beldurrez, maletak edo motxilak uzteko kontsignak itxita... Sobietar Batasuna indarrean zegoen, Berlinek murrua zeukan erdian, gerrilla ezkertiarrak ari ziren Frantzian eta Alemanian, arabiarren artean ezkertiarrak ziren gogorrak eta ez islamistak. Garai hartan Georges Ibrahim Abdallah esatea Frantzian deabrua aipatzea zen.

Aipatu dugun testuingurua arras aldatu da urteotan, baina gaur 57 urte dituen Abdallah-k espetxean segitzen du Lannemezanen, Euskal Herritik hurbil. Bizitarako zigorra ezarri ziotenean 15 urteko segurtasun epea erantsi zioten jujeek. Aspaldi bukatu zelarik epe hori, Abdallah eta bere abokatuek behin eta berriro eskatu dute baldintzapeko askatasuna. Hogeita lau urte egin ditu zuloan, besteren artean Estatu Batuek egin dutelako presio kaleratu ez dezaten. Hain inportantea al da bada gizon hau?

Libanoko iparraldean jaio zen Georges Ibrahim Abdallah 1951n, familia kristau batean. Oso gazterik sartu zen Palestinaren Askapenerako Fronte Popularrean (FPLP frantses sigletan). OLP mugimenduaren barruko talde marxista honek betidanik gogor fama eduki du. 1978an FPLPko beste militanteekin israeldarren kontra ari zela zauritu zuten lehenbizikoz Abdallah. 1982an Israelek Libano inbaditu zuen, eta “Bakea Galilean” operazioak eragin zituen 25.000 heriotza, 45.000 zauritu, Beirut suntsitzea, Sabra eta Chatila errefuxiatu kanpamenduetan falange eskuindarrak israeldarren gainbegiradapean zibil palestinarrak masakratzea, eta beste ehunka militante arabiar desagertaraztea.

Palestina eta Libanoko gerrilleroek mundu osora zabaldu nahi izan zuten erantzuna. Frantziaren kasuan, Libanoko Indar Armatu Iraultzaileek (FARL frantsesez) bi hilketa oso berezi egin zituzten: Charles Ray AEBk Frantziako enbaxadan zeukaten arduradun militarra eta Yakov Barsimantov Israelgo zerbitzu sekretuen (Mossad delakoaren) Frantziako arduraduna.
Handik bi urtera, 1984an, polizia frantsesek Georges Ibrahim Abdallah arrestatu zuten. Paper faltsuak edukitzeagatik. Baina espetxealdia bukatzear zuela, amerikanoak presio egiten hasi zitzaizkien agintari frantsesei. Orduan gobernuan zeudenetatik batek baino gehiagok, tartean François Mitterrand presidenteak berak, aitortu dute presioak oso gogorrak izan zirela, Ronald Reagan bera aritu zitzaiela amenazoka.

Holakoetan beti antolatu daitekeenez zerbait, Frantziako kontraespionaje zerbitzua den DSTko agenteek Abdallahren pisu bat berriro arakatu eta... to!, kasualitatez, aipatu bi hilketetan erabilitako armak aurkitu zituzten bertan. Auzi berria, epai berria, prokuradore edo fiskalak 10 urte eskatu eta epaileek bizitako espetxea ezarri. Hori guztia 1987an gertatuko zen.

Tarte horretan, 1985 eta 1986an, Comité de Solidarité avec les Prisonniers Politiques Arabes izeneko talde ezezaguna hasi zen leherketa itsuak egiten Parisen, eskatuz Abdallah, Anis Naccache –libanoarra baina zerbitzu sekretu iraniarrei lotua– eta Varodjian Garbidjian militante armeniarra askatzea. Liburutegi, kafetegi, postetxe eta kasernetan egindako leherketok 13 heriotz eta 300 zauritu eragin zuten. Psikosia nagusitu zen Parisen. Poliziak zabaldu zuen terroristak Abdallahren bi anaia zirela. Hurrengo urtean iritsi zen Abdallahren kondena.

CIA eta DSTren beso luzea

Aipatu hiru militante haietatik, Abdallah besterik ez dago gaur espetxean. Gabidjian askatu eta Armeniara bidali zuen Frantziak, Naccache Iranera. 1985-86ko atentatuak? Gaur Frantzian aditu guztiek aitortzen dute Irango zerbitzu sekretuen lana izan zela. Motiboa bazuten: Iran itotzeko Mendebaldeak Irak gerra egitera animatu zuen eta amerikarrekin Frantziak ere Saddam Hussein babesten zuen. Pentsa non dauden gaur geopolitikaren mugarriak. Horregatik, arrazoi du Abdallahren abokatu Jacques Vergès-ek dioenean AEBk ez daukatela eskubiderik XXI. mendeko saltsak estali nahian libanoar militante historikoa eta 1982ko gatazkak manipulatzeko.

Abokatua ere, Jacques Vergès, ez da edozein. Ama vietnamdarraren eta aita frantsesaren semea –abizena katalana da– Frantziako Alderdi Komunistakoa izan zen, gero Aljeriako gerran FLNko militanteak defendatu zituen, Aljeria askatuan kargu politikoak eduki zituen, mugimendu ezkertiar armatuetako militanteak defendatu ditu, geroago nazi eta kolaborazionistak ere bai... Bere garaian, 1986an, kontuotaz erantzun zuen ARGIAn Vergèsek. Liburu saila ere badauka idatzita, tartean La Justice est un jeu klasiko, tartean atalburuok dituena: “Justizia espektakulu”, “Justizia borroka”, “Justizia joko”,

2007ko urrian egin zuen Abdallahren askapenaren defentsa Vergèsek Lannemezango epaitegian. Presoaren sustengu taldeko militanteek Interneten daukate jarrita honen hitzaldia: Pour Georges Abdallah, contre George Bush. Izenburuak nabarmentzen duenetik, abokatuak demostratzen du Abdallah hainbeste urte pasa eta gero espetxean baldin badago AEBen presioagatik dela.

Hasieratik egin dute bultzada amerinakoek. CIAko zuzendari William Casey-k orduan Barne ministro zen Robert Pandraud zuzenean mehatxatu zuen, geroztik publikatu denez. Gauza bera egin zuen Ronald Reaganek François Mitterrandekin. Horrela, 1999an Lannemezango epaileek hasieran Abdallah aske uztea erabaki zuten arren, amerikanoen presioak ekarri zuen auzia apelazioan ikusi eta gaur arte espetxeko atea ixtea. Amerikanoek israeldarrekin batera jokatzen dute Libanoko geopolitikan, eta bestalde ez dauzkate ahaztuta han erresistentziak 1983an eragin zizkien kalteak.

Abdallah preso atxikitzeko argudiatu dute kristau marxista zena musulman bihurtu dela, preso islamistekin harremanak dituela, ez dela damutu, kalteordainik ez duela pagatu... Amerikanoek partie civile edo akusazio partikularren bidetik sartu dute muturra, biktimen bidetik alegia. Merezi du Vergèsek horiei erantzunez idatzitako argudioa osorik irakurtzea. “Abdallah etsenplu moduan eduki nahi dute preso, bera espetxeratu eta askoz geroago testuinguru arras ezberdinean jazo diren beste gertakizunengatik”. Eta esaldi borobil hau, historiak gainditu dituen gatazkentzako balio duena: “Amaitu da fiskalen garaia, orain historialariei dagokie mintzatzea”.

Georges Ibrahim Abdallah libratzen badute, Libanon dauzka familia eta irakasle postua zain. Baina epaileek presio handiei egin beharko diete aurre. Filipe Bidart baldintza zorrotzetan libre uzteko eduki dituztenak baino are gogorragoei.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude