Erabilera azkartzeko bideen bila

  • Otsailaren 29an Soziolinguistika Klusterrak antolatutako I. Jardunaldiaren ardatz izan ziren euskararen erabilera indartzeko ikerketa, esperientzia, saiakera eta egitasmoak. Hona Geroa bermatzeko oraina ezagutu jardunaldiaz egindako hausnarketa.
Soziolinguistika klusterra
Soziolinguistika klusterraArgia
Soziolinguistika klusterrak 2007an esku artean izandako proiektuen errepasoa eginez eman zion hasiera jardunaldiari. Besteak beste, gazteen esparruan, arlo sozioekonomikoan edota familia transmisioan martxan dituzten azterlan eta egitasmoen berri eman zuten. Guztien azken helburua zera da, erabilera azkartzeko non eta nola eragin aztertzea, eta horretarako beharrezkoak diren oinarri teoriko eta metodologikoetan sakontzea. Bada guztietan beste ezaugarri esanguratsu bat, Klusterraren beraren filosofiarekin bat egiten duena, hau da, oso erakunde eta partaide desberdinak elkartzen direla proiektuetan, publiko, pribatu nahiz partaidetza sozialekoak, hausnarketarako eta lankidetzarako bilgune-sareak osatuz.

Proiektu horien artean lau hautatu zituzten jardunaldi hauetarako eta tailer moduan antolatu. Bertan bildutako 120 lagun inguruk aurrez aukeratutako lau tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten.

Hauexek izan ziren lau tailerrak: Eralan ikerketa proiektua, lan munduan normalizazio ahaleginak hobetzeko martxan jarri duten proiektua, ikerketa-ekintza metodoan oinarritua. Iñaki Marko izan zen horren berri ematen. Buruntzaldea eskualdean (Gipuzkoa) familia bidezko transmisioa lantzeko gaiari nola heldu zaion azaldu zuten Alex Mungia HABEko teknikariak eta kronika honen egileak. Bi tailer hauek azalpenezkoak izan ziren nagusiki. Beste biak, berriz, gazteen erabileraren ingurukoa eta normalizazio lanean gabiltzan teknikarion formazio premien ingurukoa, parte-hartzaileagoak izan ziren. Bi gaietan aurrez egindako lanen inguruko iritziak jasotzera bideratu ziren saioak, horretarako hainbat dinamika erabiliz.

Euskal Herritik kanpoko aditu bat ere izan zen hizlari, Kataluniako Xarxa Cruscat zentroko zuzendari den Xavier Vila i Moreno. Katalanaren berreskurapenean eskolak jokatu duen eta jokatzeko duen papera izan zuen aztergai. Gaztearen sozializazio eremuan hezkuntzak gaur egun oso pisu handia duela adierazi zuen eta, beraz, nahiz eta XXI. mendean eskolak bakarrik ez duen hizkuntza bat salbatuko, eskolarik gabe hizkuntza batek ez duela aurrera egingo esan zuen. Katalunian eskolaren bidez hizkuntza gaitasuna izugarri zabaldu dela adierazi zuen, baina horrek ez duela automatikoki ikasleen arteko erabilera informalean katalanaren alde egin. Autokritika eta gogoetaren beharra mahaigaineratu zituen, eta eskolak apustu horretan gehiago egin zezakeela azpimarratu zuen, hizkuntza kolokializatzearen bidetik.

Arratsaldeko mahai-inguruak eman zion amaiera jardunaldiari. Iñaki Mtnez. de Luna, Kike Amonarriz eta Txillardegik kaleko erabilerak azken hogei urteotan izan duen bilakaeraz jardun zuten, Xabier Isasi moderatzaile zutela.

Azken neurketan Bizkaiko datuek argi gorria piztu dutela adierazi zuten, espero ez zen geldialdia erakutsi dutelako. Datu positibotzat hartu dute, bestalde, haur eta gazteen artean egon den bilakaera, nahiz eta adin piramidean adin-talde hauek meharrak diren. Geldialdi bat egin eta jendearengana iristeko mezuak berritu beharra dagoela azpimarratu zuen Mtnez. de Lunak. Gizarte-egiturak euskaldundu ditugula, baina herritarrak aldaketa-premiaz jabetu gabe daudela adierazi zuen, jendeak ez dakiela zer eskatzen zaion... Hauxe bere proposamena: hainbat gizarte eremutan sortzen diren gune berriak zein hizkuntzatan ari diren sortzen neurtzeko adierazle sistema adostua prestatzea.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude