argia.eus
INPRIMATU
Aurkariaren etengabeko ernegazioaren laguntzaz lortutako garaipena (Garbiñe Ubeda Goikoetxea)
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2008ko martxoaren 16a
José Luís Rodríguez Zapatero
J. Manterola / Argazki Press
José Luis Rodríguez Zapaterok bikain gainditu ditu hauteskundeotan ipini dizkioten oztopoak. Eskuin politiko nahiz mediatikoak agintera istripuz –alegia, martxoaren 11ko atentatuen ondorioz– heldu izana behin eta berriz leporatu izan badio ere, ezin uka PSOEk Moncloan jarrai dezan harilkatu duen estrategia aproposa izan ez denik.

Lehenik eta behin, PP alderdia zentro epeletik eskuin muturrera irristatzeraino bultzatu izana aitortu behar zaio ongi asmatutako kolpeen artean, Mariano Raxoi jaunak lideratzen duen alderdiaren joera nagusia Espainiako apezpikurik atzerakoienekin, eskubide sozialen murrizketekin, frankismoaren oinordekoekin garbi identifikatzea. Eta horrekin batera, bipolarizazioaren tentsioa, batez ere ERCren estropozua, IUren amiltzea eta Gaspar Llamazaresen dimisioa ekarri dituena, haren alde jartzea. Bigarren lorpen esanguratsua, gai ekonomiko eta sozialetan indarrean jarritako programek beste lau urtetako luzapena merezi dutela sinestaraztea.

José Luis Rodríguez Zapaterok gidatuko duen gobernu berriak, gehiengo erosoagorik lortu ez duen neurrian, aurreko legealdiko moldeetatik hurbil jarraituko duela dirudi. Nazionalistek lortutako emaitza kaskarren ondorioz kongresuko aulkien koloreak nabarmen aldatuko baldin badira ere, haien sostengua beharko baitu aurrera begiratzeko. Eta, bestalde, ekonomiaren makaltzea, langabezia eta inflazioa mahai gainean izango ditu berdin, hausteskundeetako zurrunbiloa bere onera etortzen denean. Lau urteotan egindako akatsak agudo zuzenduko zituela agindu zien espainiarrei garaipenaren berotasunean.

Haize berritzaileak nondik joko duen aipatzen hasita, Madrilgo politika ukituko duen aldaketa esanguratsuenetako bat PPren ildotik agertzea espero dute adituek. Etengabeko krispazioak, salbuespenik gabeko ernegazioak eta leporatzeak, nahita nahiezko erasoak alderdiari orain dela lau urte baino boto gehiago eman dizkion arren, aurkaria bazterrean uzteko estrategia gisa huts egin baitiote Mariano Raxoiri. Eta dagoeneko bigarren porrota du. Ikuskizun da, PPren lidergoari ezinegonik eragingo ote dion, eta eragiten badio, maniobratzeko zer nolako aukerak zabalduko zaizkion Zapateroren Gobernuari.