Joxemari Ostolaza
Orain hogeita bost urtetik gora Donibane Lohizune eta Ziburu artean bertako musika taldeentzat antolatu kantaldiko pasadizoa. Hamabost egun lehenago kantaldia emana genuen Donibaneko Elizan, bertako koral batekin batera. Txomin eta Ramuntxo kantua, Baigorriko gaiteroen laguntzaz emana izan zen bertakoen emozioz aretoa lehertu zuena. Entzulegoaren gehiengoa erdalduna bazen ere, tximista legez hartu zuen gure mezua eta horrela adierazi zigun bere txalo luze beroan. Ez zitzaion erretoreari gustatu eta hurrengo kantaldian gure parte hartzea eragotzi zuen. Beste talde guztiek onartu egin zuten erretorearen txantaia, eta kantaldia burutu zuten, erretoreari beren duintasuna eta lotsa erakusteko aukera galduz.
Oraingo hauteskundeetan berdintsu gaude. Alderdi Legearen aurka daude gehienak, bere aplikazioan ezik. Legea astakeriatzat dute baina ondorioak onartzen dituzte, kaltetuak bakarrik utziz parte hartu ezinik. Banuen nik nire zozoan aukera hau baliatuko zutenaren esperantza, eta denak ala inor ez aplikatzeko aski lotsaren jabeak izanen zirela sinetsi nahi nuen. Ez da horrela gertatuko eta aukera galduko dugu Espainiako Estatuari aurre egiteko, nor izan beharko genukeen erakusteko.