Emakumearen askapenak gizon berria behar du

  • Ilustrazioak Herritarren Eskubideen Karta (1789) ekarri zuen, giza eskubideen lehenengo aldarrikapena, hain zuzen. Olympe de Gouges idazleak “gizon” zioen artikulu bakoitzean “emakume” jarri zuen eta ordukoek ez zuten ulertu, ezta onartu ere. Orain, azkenean, gizonek ere gizarte matxistaren roletatik askatzeko bidea zabaltzeari heldu nahi diote.
GHIA-ko kideak topaketa batean
GHIA-ko kideak Agurainen egindako topaketa bateanGHIA
Feminismoa XIX. mendeko mugimendu sozialek gorpuztu zuten. Garai hartan, esklabutzarekin amaitzeko mugimenduek AEBetan, eta marxismoak Europan, emakumearen zapalkuntza agerian utzi zuten. Hainbat anderek, orduan, mugimendu horiek euren bizi-baldintzak aldatzeko helbururik ez zutenez, talde berezituak osatu zituzten. Anarkismoak emakumezkoen zapalkuntza bikoitza argiago ikusi zuen eta XX. mendearen hasieran egitasmo libertarioaren zati bilakatu zen. Hala jaso du Maria Ángeles García Marotok Las mujeres en la prensa anarquista. España 1900-1936 liburuan.

Gizonen parte-hartzea

“Feminismoak, hasiera-hasieratik, emakume eta gizonen ikuspuntu aldaketaren beharra planteatu zuen”, azaldu du Plazandreok plataformako kide eta UEUko Antropologia sailburu Maider Zilbetik. “Azken batean, elkarrekin bizitzeko modu berri batzuk asmatzeko beharrizana azaleratu zuen”. Horregatik, feminismoak gizon-taldeak behar-beharrezkoak dituelakoan dago Zilbeti, “emakumeek euren feminitatea zalantzan jarri eta gero, eguneroko bizitza eta sexu harremanak ulertzeko modu berri hori zabal dadin, gizonek euren bidea egin behar dute-eta”. Hala ere, feminismoak ez du asmatu mezu hori horren argi zabaltzen. Alde batetik, gizonek euren pribilegioak galtzeko arriskutzat hartu zuten feminismoa. Orain, eredu sexistaren ustezko pribilegio horiek eurei zer kalte egiten dieten jabetzeaz gain, gizonezkoen askapen mugimendua ere martxan jarri dute.

Luis Bonino ikertzailearen arabera, Espainiako Estatuko gizonen %10 baino ez da matxista konbentzitua. Hala ere, gizonen %2-4 baino ez dira berdintasunarekin konprometitutako gizonak. Berdintasunaren aldeko Arabako Gizonen Taldeko (GHIA) kide Ritxar Baceteren ustez, “gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren guztiz kontra azaltzen ez diren gainerako %76-78 hori osatzen duten gizonak berdintasunera erakartzean dago gakoa”. Izan ere, kontra egon ez arren, ez dute berdintasun praktikarik euren bizitza pribatuan. “Esaterako, zaintzaren esparru ludikoak bereganatu dituzte, umeak zaintzen ikus ditzakegu, larunbat goizetan batez ere, egun hori neskalagunak etxea garbitzeko aprobetxatzen duelako”, azaldu du Bacetek. Hortaz, aurreko belaunaldiekin alderatuta, “alde estetikoak aldatu dira, baina ez estrukturalak, emakumeak etxearen zama eta logistika bere gain hartu behar izaten jarraitzen duelako”. Azken batean, albistea gizon-taldeen berritasunean datza.

Gizonen indarkeria, eredu sexistaren oparia

Berdintasunaren paradigmara gerturatzeko, gizonak “errudun” hartzen ez dituen diskurtsoa garatu behar dela uste du Berdintasunaren aldeko Arabako Gizonen Taldeko (GHIA) kide Ritxar Bacetek, “gizonak ere kultura matxista pairatu duelako”. Horregatik, genero indarkeria gaitzesteko elkartzen ziren lagunek erabaki zuten maskulinitatea zalantzan jartzen duten gizon-taldeak osatzea. GHIAk berak 2006ko amaieran agerraldi publikoan bere burua ezagutzera eman zuen, aurretik beste sei bat urte lanean aritu eta gero.

Indarkeria matxista gizonen arazoa ere badela jabetuz, gizarte-planteamendu berriak ekarri nahi dituzte. Lehenengo eta behin, sistema sexistak gizonei esleitzen dien rolak hainbat pribilegio dakarrela dirudien arren, “oinarri-oinarrian biolentzia dago”. Horren adibidea dugu neskalagunari tratu txarrak ematen dizkion gizona ez dela autodidakta izaten. Bacetek eredu sexistako gizonen hainbat gaitz azpimarratu du: “Zazpi urte gutxiago bizi gara; 18-35 urte bitarteko gazteen arteko heriotzen %75 indarkeria hilketak dira; euren buruaz beste egiten duten lagunen %80 gizonak dira; espetxeko populazioaren %90 gizonez osatua dago….”.

Emakumeek gune publikoak lortzeko legearen beharra izan badute ere, gizonezkoek esparru pribatuak irabazteke dituzte. Horren oztopo nagusia “gizonen arteko ituna” litzateke: gizonek euren esparruetan txiste jakin batzuk, berezko tonu batekin, komentario zehatzak… egin ditzaketela sentitzen dute, eta gizontasuna beste era batera ulertzen duenak, matxismorik gabe, itun hori apurtzen duela sentitzen du. Berdin autonomiarekin, zaintza bezalako lanak emakumeei dagozkiela ulertzen baitu gizonen arteko itun horrek. Finean, gizonen mugimenduak mundu pribatuan du borroka-lekua.

Taldeetan elkartzeak lan kolektiboa bideratzen du. Horrela, Berdintasunaren aldeko Arabako Gizonen Taldeak (GHIA), adibidez, Internet baliabide estrategiko moduan erabiltzen du. http://gizonak.blogspot.com webgunea ideiak zabaltzeko erabiltzen dute; baita posta-zerrenda bidez eztabaidak, dokumentuak eta sentiberatze-lana garatzeko ere; azkenik, prestakuntza berezitua lantzen dute, sexualitateari buruzko tailerrak, kasu. Gainerako lana norberak egin beharrekoa da. Esparru horretan, gizonek euren sentimenduen inguruan hausnartzen dute eta ez, lehen bezala, egiten zutenaren inguruan. Aldaketa kualitatibo hori, beraz, esparru pribatuan eman da. Jendaurreko agerraldiak indarkeria matxista gaitzesteko erabiltzen dituzte. Elkarretaratze horrek aldatutako paradigmaren berri ematen digu: emakumeen askapenean lagun eta euren askapen propioaren lekuko.

Eredu berri baten alde

Feminismoa eta gizonen askapen mugimendua biak “ezinbestekoak” direlakoan dago Ritxar Bacete. “Berdintasuna ez da gizonek garatutako bidea izan, eta horregatik, emakumeek generoaren auzia planteatzeko beste hizkera bat garatu behar izan dute; feminismotik datozen kontzeptu batzuk onartu eta eredu sexista zalantzan jarrita, gizonek ere geure hizkera garatu ahalko dugu, eta orduan, gizon eta emakumeok elkarrekin eredu zuzenago baten alde egin ahal izango dugu”.

Testuinguru horretan, indarkeria matxistaren aurkako talde mistoak gero eta gehiago dira. Horrek orduan eta gizon gehiagoren parte-hartzearen berri ematen du, elkarrekin bizi eta harremanak garatzeko eredu zuzenago baten alde lanean. “Berdintasuna hobeto bizitzeko estrategia da –azaldu du Bacetek–, eta horrekin emakumeek, gizonek eta gizarteak oro har irabaziko dute”. Maider Zilbetik ere berdintasunak gure bizi-proiektua geurea izatea bermatuko duela gogorarazi digu.

Gizarte osoa aldatzea zaila bada ere, gizarte tradizionalaren ereduari eusten dioten arlo batzuk aldatzea zerbait egitea badela uste du Bacetek. Hala ere, askapenaren azken pausoak egitura ekonomikoak aldatzean etorriko dira. “Emakumeei dagokienez, lanpostu publiko batzuetara heldu ahal izan direla ikus dezakegu (Legebiltzarrean dihardute, adibidez), baina etxeko garbiketan aritzen direnak emakumezkoak bakarrik dira, gehienak etorkinak”, adierazi du. Gizonek euren ustezko pribilegioei uko egiteko hausnarketa munduko herrialderik aberatsenek txiroenekin euren aberastasuna partekatu nahi dutela iragartzea bezain ulergaitza izan daiteke. Eredu sexistak gizon izateari gehiegi eskatzen dio, oso rol indartsua eman dio, baina ez dio bere ahultasuna gainditzeko baliabiderik eskaini nahi izan. Fikziozko gizonak sortu nahi izan ditu.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude