«Nola irentsi egin ez duzunagatik atxilotu eta kondenatzea?»

  • Eskolako patioan inolako motiborik gabe zigortzen zintuztenean, asaldatu egiten zinen, minberatu, baina “irakasleak beti du arrazoia” esaten zizun amak. Bizitzaren patioan inolako motiborik gabe zigortzen zaituztenean, asaldatu egiten zara, minberatu, eta “botereak beti du arrazoia?” galdetu nahi zenioke amari.
Fernando Olalde
Fernando Olalde 18/98 makrosumarioaren baitan auzipetuaMaddi Soroa

Etxe oneko semea omen zara…


Egia da etxean dirua bazegoela. Txiki-txikia nintzenetik koxkortzen hasi nintzenera aldea nabaritu nuen, bistakoa zen familia hobera zihoala. Txikitan kontrol gehiago zegoen maila guztietan, garaiak ere desberdinak ziren.


Desberdin, agian, Krafft-en sortzaileetako baten semea izateak egingo zintuen.


Ez bereziki. Baina une jakin batean, geroari so jarri eta zure buruari “nola integratuko diat hori nire pentsamenduan? Nire izaeran? Nire bizimoduan?” planteatzen diozunean, bistan da niri koadratzen ez zidan giro bat zela. Bizitzaren nondik norakoez jabetzen hastean konturatzen zara arazo bat izan daitekeela.

Kontzientzia politiko-soziala hartzearekin batera ohartu zinen hortaz?


Nik bereiziko nituzke elitismoaren ukazioaren kontzientzia eta kontzientzia politiko-soziala. Gurasoek euren munduan sartzera bultzatu eta atzera egiten nuenean, ez zen kontzientzia politiko-soziala. Gero, hazi ahala, zure pentsamendua garatzen duzu, harreman jakin batzuk hobesten, irakurketa zehatz batzuk lantzen... Hor garatzen duzu kontzientzia sozial bat, herri kontzientzia bat.


Orduko egoerak lagunduko zizun kontzientziatzen...


Salbuespen egoerak eta 70eko hamarkadako trapailak bete-betean harrapatu ninduen, eta Burgosko auzia Parisko maiatza baino klabeagoa izan zen niretzat. Beti eman izan dit inbidia nik baino 5 urte gehiago dauzkan belaunaldiak. Horiek bai harrapatu zutela olatua txanpa jotzeko moduan!

Txanpa jotzeko moduan ez zintuen harrapatuko, baina herentzia sistemari aurre egin behar zitzaiola erakutsi zizun behintzat.


Herentzia metaketa sistema baten parte da, eta belaunaldi ezberdinek geroz eta ondare gehiago pilatzen dute, sistema osoa medio ezberdinen jabetzan ardaztuz. Zergatik onartu behar dugu hori? Nik metaketa sistema hori puskatu nahi izan nuen.

1994ko abenduan hil zen zuen aita eta...


“Nirekin hau bukatu da” esan nuen. 180 milioi pezetako herentzia jaso nuen, eta 15 milioiko pisua erosi ondoren, zer egin genezakeen aztertzen hasi ginen lagunekin. Zerbait independentea egin nahi genuen, bizitza propioa zuen zerbait, eta mugimendu sozialen zirrikitua aurkitu genuen. Azpiegiturarako, koordinaziorako eta komunikaziorako bitartekoak emateko modua eta beharra zegoela ikusi genuen. Giza mugimenduen espektro zabalera iritsi nahi genuen, eta horretarako gu ere anitzak izan behar ginen. Horrela sortu zen Joxemi Zumalabe fundazioa.


Ez zenuen usteko 2000ko urriaren 5eko goizaldean atxilo eramango zintuztenik.


Sekula, sekula. Nire bila etorri zirenean, eta fundazioaren kontuagatik zela ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi, “ezinezkoa da, ez da posible” esaten nien. Erabateko sorpresa izan zen.

Zer pasa zitzaizun burutik kalabozoko bakardadean?


Oso gaizki egon nintzen. Bakardadea, inpotentzia, tabako premia gorria... Ia-ia zoratu. Ez nekien denbora nola bete, ezin nion buru-janari utzi. Deliturik egin ez duzunez oso modu injustuan sartu zaituztela iruditzen zaizu, jasanezina da. Nola onartuko duzu egin ez duzunagatik atxilotu eta kondenatzea?


Dena gaizkiulertu bat dela eta segidan irtengo zaretela pentsatuz, akaso?


Orain oso gutxira arte uste izan dut libratzeko aukera izango genuela. Jakina,beldurra hor dago, boterea boterea delako. Arrazoia eta egia gailenduko zirela sinetsi genuenean, ordea, gizajo samarrak izan ginen. Euskal Herrian denek dakite Joxemi Zumalabe fundazioa ez dela inoiz izan ASKren ondorengoa, ETAk ez duela inoiz desobedientzia zibilaren estrategiarik garatu, eta horrenbestez, fundazioak ez duela inoiz estrategia horren sozializazioaren ardura hartu.


Atxiloketatik epaiketara bitarteko urteak ez ziren samurrak izango.


Ohitzen joaten zara. Defentsa gorpuztu ahala, irabazteko arma guztiak dauzkazula sinesten duzu. Abokatuak izugarrizko lan ona egiten ikusten dituzu, konfiantza hartzen joaten zara. Era berean, fundazioak lanean jarraitzen du, 18/98+ plataforman eragin handia dauka. Aspaldian ikusi gabeko fenomeno soziala izan da plataformarena. Izugarria da sentsibilitate desberdineko jendea bildu eta kalitate oneko lana egitea. Ezinbestekoa, herri honentzat.


Gaur egun, sentsibilitate desberdinak lotzea bezain zaila da jendea mobilizatzea.


Mobilizatu duguna baino jende gehiago mobilizatzea zaila da. Egiten duzuna egiten duzula, ez zara sekula futboleko audientzietara iritsiko. Gizarte osoa sei alderdi politikotan banatzen dela dioen eskema gezurra da. Gizartea ezin da hamar talde sektorialetan sailkatu. Jende asko analisi sozial horietatik kanpo dago. Horiengana ez zara iristen. Horiengana iristeko lurrikara bat behar du. Zer esan nahi du horrek? Sekulako jende pila mobilizatu dugun arren, askoz jende gehiago dagoela 18/98 zer den ez dakiena.

Zer alternatiba dauka horrek?


Gertatzen ari dena oso larria da. Oso-oso larria. Ez dakidana da ez ote den larriagoa izango gertatuko dena. Estatuaren erasoa aspaldi ezagutu dugun bortitzena da, eta gizartearen zatiketa eta polarizazioa izugarria. Oso pesimista naiz, xeha-xehatuta nauka egoerak, eta ez daukat alternatibarik.


Badu zerikusirik Eusko Jaurlaritzak makrosumarioarekiko erakutsi duen jarrerak?


Keinu interesgarri batzuk izan ditu, baina ez aski. Dena den, nolako erantzuna beharko luke lehendakaria auzipetua dagoenean, “dena ETA da” dioen teoria baliozkotzat jotzen dutenean, eta tortura zantzuak geroz eta nabarmenagoak direnean?


Barajasko atentatuak ez zuen gehiegi lagunduko...


Epaiketaren geroarekiko, baina batez ere, Euskal Herriaren geroarekiko perspektiba aldatu zidan. Lizarra-Garaziko su-etenaren hausturak izugarri kolpatu ninduen, sekulako akatsa iruditu zitzaidan. Oraingoan, “ez dut gehiago politikaz ezer jakin nahi, 18/98 zer den ez dakitenen portzentajera konbertituko naiz” pentsatu nuen. Nora goaz? Garbi daukat batzuek determinazio gehiago erakutsi behar zutela eta besteek gerri politiko gehiago, eta bestetzuek konturatu behar dute borroka armatuarekin ez goazela inora.


Su-etenak indarrean jarraitu balu, sententzia bestelakoa izango zela uste duzu?


Dudarik gabe. Joan den abendu arteko balizko su-eten luzea egon balitz aldaketen seinale garbia izango zen, eta aldaketa horiek eragina izango zuten sententzian.


Zer sentitu zenuen, bigarren aldiz atxilotu, lau egun kartzelan pasa, epailearen aurretik sententzia notifikatzeko igaro, eta fidantzapean aske geratzean?


Sekulako konfusioa. Alde batetik, “hil nahi dut! Nora noa? Zergatik ematen didate beste bizitza bat katuei bezala? Zer opari da hau?”. Bestetik pozaldi amaigabea. Sei ordu daramatzazu kalabozoan, epailearen aurretik pasa zara, eta bermepean aterako zarela esaten dizutenean, bat-batean oporretan zaudela iruditzen zaizu. Baina hain dira une nahasiak zure poza transmititzeak mina ematen dizula. Ez nekien barruan geratzen ziren lagunei nola begiratu, ez nekien zer esan.


Hemendik aurrera zer datorren bazeneki, sikiera.


Helegitea ahal bezain ongi lantzen ahaleginduko gara. Behin helegitea aurkeztuta, auzia etorriko da, eta gero beste sententzia bat. Ez naiz baikorra egoera politiko sozialak ez duelako hala egoteko biderik ematen. Nire baikortasun bakarra arrazoia izatean datza. Horretan oinarritzen naiz. Arrazoia izateak beti uzten du esperantzaren atea zabalik.


Bitartean hamar urteko kondenaren Damoclesen ezpata gainean duzula bizi behar.


Horrek bizitzaren kudeaketa ezberdina dakar. Lanean afera berrietan ez sartzen saiatzen naiz. Alderantziz, karpetak ixten, eta gaiak ahal bezain prestatuak uzten. Etxekoekin, goxoago, leunago egoteko joera dut, ez dut liskarrik nahi. Bestalde, ezin dut planik egin, eta neure burua kondena bati aurre egiteko gaitu behar dut. Ez da samurra. Eguna hasperenka pasatzen dudan etengabeko sentsazio goibela da.


Badakizu nork diseinatu zuen amesgaizto hau?


Dena Espainiako inteligentzia zerbitzuetatik hasten da. Ez dakit zein den ideologoa, zer polizia den, baina PSOE boterean zegoen. Orduan gorpuztu zen ETArekin bukatzeko ETAn antolatua dagoena baino jende askoz gehiago kolpatu behar dela dioen teoria. Hori hala, errepresioa geroz eta talde zabalagoetara hedatzea erabaki zuten, ETAri arnasa ematen diotelakoan, ETAren oinarri ekonomiko, komunikatibo, eta ideologikoa direlakoan.

Zer esan nahi duzu, ez daukala zerikusirik agintean PP edo PSOE egotearekin?


Ez da gauza bera agintean PP edo PSOE egotea, baina hau guztia 90eko hamarkada hasierako kontua da. PSOEk urte asko zeramatzan gobernuan, inteligentzia zerbitzuak kontrolatzeko beste. Horregatik pasa ziren teoriatik praktikara, polizia informeak eginez, gertaerak manipulatuz bere teoria horiek frogatzeko eta jende multzo zabala inputatzeko. Dena egun batez auzitegi baten aurrean oinarrizko froga gisan aurkeztu moduan. Hori gutxi balitz, bete behar zuen papera betetzen zuen epaile batekin egin zuten topo. Garzonen rola ezinbestekoa da pelikula honetan. Ez dakit Garzonek erabiltzen duen polizia, poliziak erabiltzen duen Garzon, edo Gobernuak erabiltzen dituen Garzon eta polizia. Ez dakit nork erabiltzen duen nor, baina interesen metaketak soilik ahalbidetzen du estrategia muturreraino eramatea.


Oker gaude, beraz, martxoaren 9ko hauteskundeei begira gaudenak.


Gobernutik gauza batzuk aldatu daitezke. Justizia eta interes politikoen arteko harremana badago, ez dakit zer forma ematen zaien, baina badago. Horrek ez du esan nahi Gobernuak gauzak aldatu nahi dituenik. Hauteskundeek ere, berez, ez dute ezer aldatuko, une honetan irudikatzea zaila den distentsio prozesu batek soilik alda baititzake gauzak.


Kantuak ere halaxe dio: “Hau dena aldatu nahi nuke!“.


Uneotan ez dut irteerarik ikusten. Jarrerak oso finkatuta daude, erro-errotuak. Asko kezkatzen nau immobilismo honek. Uste dut politikariak arduragabekeria handiz jokatzen ari direla. Sufrimenduaren mapa etengabe ari da hedatzen eta gizarteak aldaketa nahi du. Kontua nondik nora joango den?... Ez daukat batere garbi.
Nortasun agiria
1955eko irailaren 21ean jaio zen Donostian. Bertako Marianistetan ikasi ondoren ingeniaritzari ekin bazion ere, ekonomian lizentziatu zen Sarrikoko unibertsitatean. Krafft enpresaren sortzailearen seme, aitarengandik jasotako herentzia Joxemi Zumalabe Fundazioan inbertitu zuen. Ez zuen asko usteko horrek Casa de Campoko akusatuen aulkian eseraraziko zuenik 18/98 makrosumarioaren baitan. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina Donostiako Egia Kolektiboan jarraitzen du lanean, helegiteak eman ditzakeen fruituen zain.
Anjela Murillo
"Deklaratu nuenean, Anjela Murillok interesa agertzen zuen sentsazioa nuen, ulertzen ninduen sentsazioa. Besteekin ere berdin, batzuekin gehiago besteekin gutxiago, baina zerbait komunikatzen ari gintzaizkiola sinetsita nengoen. Beste behin ere nire inozokeria izan zen, zeren edo ez zuen ulertzen edo ez zuen ulertu nahi izan".
Justiziarekiko sinesmena
"Hori hirutasunean sinestea bezalakoa da. Justiziaren ideia demokraziaren ideia bezalakoa da. Oso ideia politak dira, beste gauza bat da nola gauzatzen diren erakundeetan. Justizia horren mugak zure justiziaren ideiarekiko alderatzen badituzu, muga erraldoiak daude".
Ingeniaritza
"Ingeniaritzari ekin nion, gustu estetikoagatik soilik. Fisika eta Matematikak pasioa pizten didate. Lehen eta bigarren mailak gainditu nituen baina ohartu nintzen estetikoegia zela dena, ez zeukala nire bizitza eta giroarekin zerikusirik. Eremu elektromagnetikoek liluratzen ninduten baina nire errealitate sozialera eramanda ez zuten deus ekartzen. Horregatik lizentziatu nintzen ekonomian".

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude