Binayak Sen pediatra indiarra libratu

  • Indiako Chhattisgarh estatuan gizonik ezagunenetakoa den Binayak Sen, pediatra eta giza eskubideen aldeko taldeetako militantea, preso dago iazko maiatzetik. Gerrilla maoistaren kontrako paranoiaren erdian, Indiako Gobernuak Sen doktorea zigortuz bere indarra erakutsi nahi du.
Chhattisgarh estatuko ospitale bat
Chhattisgarh estatuko ospitale batDibopics
Noam Chomsky, Arundaty Roi eta beste pertsonalitate ezagun asko tartean direla, mundu osotik ari dira saiatzen Indiako Gobernuak aske utz dezan Binayak Sen. Konpondu gabeko arazo sakonak, erakunde armatu batek eta Estatuaren ahalegin antiterroristak osatutako koktela zer den ondo dakien euskaldunari ez zaio arras arrotz suertatuko istorio hau.

Sen doktorearen kasua besteren artean Truth Out gunean eta New Internationalist eta Tehelka aldizkarienetan irakur daiteke. Medikuaren eta bere arrestatzearen inguruko eskandaluak badu oihartzunik Wikipedian eta Amnesty International erakundearen webgunean ere.

Indiako estatu txiro batean ari da gertatzen, Chhattisgarh-en. Hemen azken urteotan gerrilla maoistak indar hartu du, Indiako beste eskualde askotan bezala. Maoistak batetik eta Indiako Estatuaren armada bestetik, herritarrak ahal bezala bizi dira tartean. Chhattisgarhen oraindik asko dira nomada gisa bizi diren jendeak, oihanetik bizi direnak, eta hauei lurrak kentzen dizkiete egunetik egunera, India murgilduta dagoen industrializazio prozesu bortitzak hala eskatuta. Testuinguruaren berri Net Hurbil honek eman zuen, urtarrileko lehenbiziko zenbakian.

Eremu mixeriazko horretara duela 30 urte iritsi zen Binayak Sen doktorea, aurten 59 urte bete behar dituena. Vellore hiriko unibertsitate kristauan Medikuntza fakultatean ezagutu zutenek ikaslerik onena zela diote. Indiako elite barruko doktore aberats izan zitekeen, baina nahiago izan zuen nekazarien osasunaz okupatu. “Titulua lortu berritan –idatzi du Tehelkan Shoma Chaudhury kazetariak–, Velloreko txabolategiak ezagutuz berehala ulertu zuen oso estu daudela loturik soldata, bizimodua eta osasuna. Hoshangabad herri nekazarian kuakeroek daukaten osasun-etxe batean hasi zen lanean, eta hemen beregan eragin handia izan zuen Gandhiren biografia idatzi zuen Marjorie Sykes-ek”.

Chhattisgarhera jauzi 1981ean egin zuen. Hemen Shankar Guha Niyogi ezagutu zuen, meatzarien sindikalista ospetsua. Elkarrekin eta langileen diruarekin Shaheed Hospital eraiki zuten Dallirajhara herrian. 1990ean Raipur hirira joan zen bere emazte Ilinarekin, eta Rupantar izeneko GKE sortu zuten. Honetan aritu dira azken 18 urteotan, herri txikietako osasungintzako langileak trebatzen eta zokorik urrunenetara iristeko klinika mugikorrak antolatzen.

Kamar eta beste tribuetako jendeak herrixketan bizi dira, Indiako egiturek bazterturik. Asko txabolategi berrietan daude, gerrillaren eta Gobernuaren kontraintsurgentziaren arteko borroketatik ihesi, edo urtegiren bat eraikitzeko sorlekutik kanporatuta. Ez eskola, ez ur, ez argindar, ez osasun zerbitzu eta ez ezer. Bizibide izan dituzten basoetara gero eta nekezago joan daitezke, Estatuak edo enpresa handiek jabegoa ostu dietelako.

Lurralde gogor horretan egindako lanagatik 2004an sari inportantea eman zioten sendagileari, Paul Harrison saria. Bere merezimenduetan hauek aipatzen ziren: “Binayak Sen doktoreak egia eta jendearekiko zerbitzua guduaren fronteraino eraman du. Moldea hautsi du, definizio berria eman dio gizarte bidegabean doktore batek daukan eginkizunari, honi garrantzia handiagoa emanik norbere ongizateari baino”. Ohore hori zikindu zion Indiako Gobernuak 2007ko maiatzaren 14an arrestatu eta maoisten buruzagi zela zabaldu zuenean.

Gerrillaren kontra ala alde

Chhattisgarheko poliziaren hitzetan, Binayak Sen maoista arriskutsua da. Matxinada, konspirazio kriminala, nazioaren kontra gerra egitea eta terrorismoa erabiltzea egozten dizkio. Auzitegiek hirutan ukatu diote fidantzapeko askatasuna. Akusazio horiek ez ditu aintzat hartu Indiako Gizarte Zientzien Akademiak, R. R. Keitah Urrezko Domina eman dionez gero Sen doktoreari joan den abenduaren 31n: “Akademia honek ohoratzen du Binayak Senen lanaren eta Mahatma Gandhik, Nazioaren Aitak, sustatu zituen balioen arteko lotura”. Aldiz, Chhattisgarheko poliziaren buruak honela erantzun die akademikoei: “Eta zer? Izan daiteke humanista eta idealista eta aldi berean maoista”.

Maoistekin harremanak izan dituela Sen doktoreak? Beti aitortu ditu, agintariek ere ezagutzen zituzten eta. Gerrillarien ideologoetako bat, Narayan Sanyal, presondegian sarritan bisitatu zuen eta bere artritis arazo larrietatik artatu ere bai. Baina pediatrari gauzak estutu zitzaizkion enpresari batek deklaratu zuenean buruzagi maoistaren eta Senen artean harreman estuagoak bazirela, enpresariak egiten zuela bitartekari lana. Alferrik esan go zion geroago juezari Piyush Guha enpresariak hitzok poliziak sinarazi zizkiola torturapean, bost egunetan inkomunikaturik edukita. Geroagp azaldu dira beste gutun eta paper bitxiagoak, Binayak inplikatzen dutenak. Baina zergatik eta zertarako?

Indiako estatu guztietan Chhattisgarhen da gerrilla maoista indartsuen. 2007an Indian gerrillariek eragindako 571 hildakoetatik 311 Chhattisgarhen izan ziren. Maoistek aldarrikatzen dute herritarrak alde dituztela; baina frogatua dirudi ere herritar askok behartuta laguntzen dietela. Erantzun gisa, Estatuak maoisten kontra Salwa Judum miliziak antolatu ditu. Ehunka herri hustu dituzte, eta beste hainbeste kontzentrazio eremu sortu.

Militarren kontraintsurgentziazko eskeman Binayak Sen moduko jendeak lekuko gogaikarriak dira. 2005ean beste 15 pertsonalitaterekin batera Senek dosier gordina argitaratu zuen Salwa Judum miliziez, estuasunean jarriz lekuko agintariak. Hemen ere gerra zikina eguneroko ogia baita: desagertzeak, talde manipulatuak, kaleko exekuzioak eta enparauak.
Otsailaren 2an eraman zuten Binayak Sen Raipur hiriko epaitegira. Aurreko egunetan poliziak arrestatze gehiago eginak zituen, ospakizuna girotzeko bezala. Jujearen aurrean Senek akusazioak oro errefusatu zituen, eta bukaeran emazte, amaginarreba eta alabarekin minutu batzuez egotea eskatu.

Poliziaren kamionetan sartu zutenean, sarearen atzetik mintzatu zitzaien Binayak Sen han bildutakoei: “Ez daukazue gizakien artean bi kategoria sortzerik. Jabetu zaitezte horretaz, bestela laster beranduegi izanen da. Ni bezalako jendeak arrestatzen badituzte, giza eskubideen aldeko langileek ez dute gehiago non jardunik edukiko. Nik ez dut inoiz maoisten bortizkeria justifikatu. Mugimendu hori ez da baliagarria eta iraunkorra ere ez. Salwa Judum-ekin batera, tribuetako komunitateetan eten lanjerosa eragin dute. Baina kexuak egiazkoak dira. Gosea dago eskualde honetan. Jendearen gorputz masa 18,5en azpitik dago. Herritarren %80 malnutrizioan bizi da”.

Gero bertako polizien buruetako bati entzun zaio: “Baina zergatik kritikatzen du gehiago Salwa Judum maoistak baino?”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude