Berrizko Folklorea
Betiko molde horiek Berrizko foklorean dituzu ikusgai. Bizkaiko herri horretako San Lorentzo taldeak emanda, Durangaldeko dantzari-dantza eta soka-dantza osorik agertzen dira DVDan. Orain 200 urte egiten ziren bezala, edo ia. Sabin Egiguren Bizkai elkarteko presidentearen esanetan, gaur egun ez dago, Euskal Herrian, dantzari-dantza Berrizko talde horrek bezain ondo egiterik. Baina erne, zenbait aje sumatzen hasia baita Egiguren berriztarren jardunean. Huts txikiak, baina huts. Durangaldeko dantza maisu zaharrek erreleborik ez izatearen ondorio mikatza.
Hala ere, hirietako dantza taldeak –edo talde kaletarrak, esan diezaiegun– ditu “jomugan” Bizkaik. Balletaren eraginez, besteak beste, “desitxuratu egin dute dantzari-dantza”. Egiguren dixit. Beste edozein euskal dantzaz esan zezakeen –eta esan egiten du– gauza bera. Mezu hori Berrizko folklorean ere bada, antzinako dantzari eta txistularien ahotan. Joandako garaiak beti hobe.
DVDa, bestalde, oso erakargarria suerta daiteke mundu hori maite dutenentzat, eta beharbada apur bat astuna urrunagotik ikusten duenarentzat. Lehen zatiak elkarrizketak, kopla zaharrak eta bestelako agiri interesgarriak biltzen ditu batez ere; bigarrenean, berriz, dantza hutsa aurkituko duzu, tradizioa desitxuratzen duen kutsaduraz biluzik. Dantza hutsa, eta ona.