Iñaki Zubeldia idazleaDani Blanco
Epaileek ez dute ustezko prebarikazioaren beldurrik. Garai bateko Torquemada edo Juan del Valle Alvarado inkisidoreek bezalaxe “sorgin” pilo bat topatu dute euskaldunon artean. Gainera zuk ere sorginen iturri beretik edaten baduzu, sorginkeriaz kutsatuta gera zaitezke hori eta horrenbestez.
Torturatzaile bihozgabeek eskuak libre dituzte nahi dituzten izugarrikeriak egiteko eta inork ez die konturik hartzen. Okerrago oraindik, bulegoetan dauden jauntxo dotoreen agindu isilak betetzen omen dituzte euskal sorginei ahalmenak mozteko.
GALtzaileak eta GALzaleak otso berbera bilakatu dira, Euskal Herrian zehar triskantza beldurgarriak eraginez. Okerrena zera da: erasotako ardiek eta arkumeek bere artaldeko ez diren beste ardi latxa batzuei egozten ari direla errua, otsoak eta beste ardi batzuk bereizi ezinik.
Lapur mota ugarik gizarte zibila hartu dute lapurreta-subjektu: pabiloiak, txaletak, kale-etxeak, telefono-kableak, autoak, gazteen biltokiak... Epaile, politikari eta polizia mota guztiek ez dakite zer egin hauekin. Lasai egiten dute lapurreta, armak (zuriak eta beltzak) eskuetan erabiliz. Banku boteretsuekin, poliziarekin eta politikariekin sartzen ez direnez eta, ehun mila aldiz eginda ere, delitu txikiak omen direnez... zer egingo zaie ba? Bi edo hiru harrapatu eta handik bi ordura libre daude.
Adin txikiko etorkinak ere libre dabiltza. Ostatua, janaria eta dirua dohainik ematen zaie eta horietako ausartenak hor dabiltza labanak atera eta lapurretak egiten, bizikletak, mobilak, eta ahal dituztenak ebasten. Euren begiraleak ere izututa dabiltza eta askok “erreta” ez, “kiskalduta” baja hartu behar izan dute. Halaxe bukatu du, kiskalduta, Segurako aterpetxeak ere. Badakit SOS Racismoko kideek kristorenak esango dituztela nitaz, baina adin txikiko etorkin borondate eta jarrera onekoen aurka ez daukat ezer. Baina horien arteko lau edo bost bandoleroren balentriak nork geraraziko ditu? Begiraleek ezin dute, ertzainek ere ez nonbait, epaileek ere ez. Eta badirudi legeak babesa ematen diela edozein triskantza egiteko.
Nork babestuko du gizarte zibila?