Heathrow berriaren kontrako ekintzen irakaspenak

  • Britainia Handian asteotan Heathrow-ko aireportuaren handitzeaz eztabaidatzen da. Gobernuak baimendu nahi duen hirugarrengo pistaren kontra ari dira saiatzen batetik kaltetutako inguruko bizilagunak eta bestetik klimaren aldaketaz kezkatuta dauden ekologistak.
Heathrow aireportuaren aurka
Heathrow aireportuaren aurka egindako manifestazio batFotdmike

Garairik onena eta txarrena da aldi berean klimaren aldaketaren inguruko ekintzaile izateko. Gaiak sekula baino indar handiagoa du, baina klimaren aldaketaren kontrako ekintza politikoa errenka doa zientziaren atzetik, eta zientziak apenas jarraitzen dion pausoa klimari gertatzen zaionari. Inertzia hau ezin nabarmenago ikus daiteke gobernuen eta hegan egin nahi duen publikoaren jarreretan”.

David Matthews-ek hitzokin hasi du Flight fight (euskaraz “Hegaldien kontrako borrokan” ipini dezakeguna) titulatu duen artikulua, Britainia Handiko giro ezkertiarretan eragina duen Red Pepper hilabetekarian. Iazko abuztuan telebistek erakutsi zizkiguten Heathrowko aireportu inguruetan militanteen eta polizien arteko gatazken eta elkarbizitza korapilatsuaren irudiak, eta geroztik hango berririk ez da azaldu. Baina aireportuaren zabaltzearen inguruko kalapitak bero dirau, eta hain justu egunotan bukatua da pista berria egin ala ez erabakitzeko prozesuan jende aurreko agertze eta iritzi emate prozesua.

Gaur Londresko Heathrowen 473.000 hegaldi mugitzen dira urtean, eta plan berriekin kopuru horrek 720.000raino igo behar luke. Horretarako, azpiegitura gehiago eraiki nahi dituzte. Berdin Britainia Handiko beste leku askotan. Baina aireportu inguruetan ezarri nahi diren aldaketen tamainakoak dira ere hilabeteotan zabaldu diren protestak.

Haserre dauden lehenak inguruetako bizilagunak dira. Heathrow zabaltzeko, adibidez, 700 etxebizitza eraitsi nahi dira, 3.000 pertsona lekuz aldatu, 15.000 etxe gehiagok gainean izango dituzte etengabe hegazkinak... Txikizioaz gain, zarata da bizilagunen kexu eta kezka iturria, zarata bera eta zaratak eragindako biziezina eta gaixotasunak. Lekuko herritarroi gehitu zaizkie klimaren aldaketaren kontrako militanteak, eta hauek eman diote gorputza mugimenduari. Antolaketaz gain, argudioetan: Gobernuak beroketa globalaz kezkatuta dagoela dion arren, aldi berean aireportuen hedatzea sustatzen du.

2003an The Future of Air Transport dosierra onartu zuen Londresek, Heathrow, Stansted, Newcastle, Bristol eta beste hainbat hiritako aireportuen handitzea aurrikusiz eta industria honi lehentasuna emanez. Erabakiok deusetan utzi dituzte burrunbagatiko kexuak eta ingurumenean eragiten diren txikizioekiko protestak.

Aireportuen handitzearen aldekoek diote hegazkinek Britainia Handiko gas isurien %6-7a baino ez dutela sortzen. Baina horiei erantzuten zaie kopuruok ziztu bizian ari direla handitzen, urteotako hazkundeari eusten bazaio 2050ean hegazkinek jango dutela erresuma osoak klimaren aldaketa eragozteko edukiko duen karbono aurrekontu osoaren erdia, eta gainera hegazkinen kutsadurak –atmosferan oso goian isurtzen delako– lur azalean sortutakoaren halako bi edo lau hondatzen duela klima. Hala ere, argudio hauek guztiek ez dute samurtu Londresgo Gobernuaren erabakia.

Honen aurka, Airport Watch (Aireportuen Behatokia) erakundeak biltzen ditu 2000 urtetik azpiegitura erraldoi horien kontrako mugimenduak. Hor daude Friends of the Earth edo Greenpeace bezalako talde ekologistak, Campaign to Protect Rural England eta National Trust kontserbazio erakundeak, bizi basatiaren defentsarakoak, lekuko jendeek zarataren kontra antolatutako taldeak, eta zuzeneko ekintzetan oinarritzen direnak, hala nola Plane Stupid edo Rising Tide.

Auzotarrak eta zuzeneko ekintza

“Kezka desberdinetatik abiatutako taldeen arteko elkarlanak arrakasta handiak ekarri ditu –idatzi du David Matthewsek– horrela elkarrekin deuseztatu ahal izan dituztelako kide bakoitzaren kontra haizatu diren kritikak”. Iazko abuztuan Camp for Climate Action kanpalekua antolatu zuten Heathrow inguruan, eta haren irudiak zabaldu ziren mundura. Hasieran agintariek debekatzea pentsatu zuten, antolatzaileak erradikal koadrila bailitzan geldiaraziz, baina Airport Watch-en babesean halako herritar talde anitza hurbildu zenez, ez zuten baimentzea beste biderik aurkitu, ahalik eta oztopo gehien jarrita, prefosta.

Azpiegitura erraldoion kontrako mugimenduetan kaltetutako lekuan lekuko jendeek gero eta garrantzia handiagoa dute. Jende horiek beren herritar eskubideak zintzo erabili dituzte, kexuak aurkeztu, iradokizunak, proposamenak... eta ezertan kasurik ez diete egin agintariek. Militante eta erakunde ondo antolatuekin elkarlanean hasi dira orduan. Denborak erakutsiko du noraino hel daitezkeen denak elkarrekin, eta zenbat denbora behar duten agintariek beren artean zatiketak eragiteko.

Eztabaidetako bat beti zuzeneko ekintzen inguruan egon da eta hala egonen ere. Gainerako protestek deusetarako balio ez dutela ikusitakoan, harrera oso ona edukitzen dute. Baina beste aldetik, komunikabide nagusiek sarritan ekintza deigarriotan zentratu eta sustraian dagoen eskaria ezkutatzea lortzen dute. Alderantziz berdin, zuzeneko ekintza batek batzuentzako ia beti sakoneko gaietatik arreta desbideratzea dakar, eta aldiz besteentzako ekintzaile multzo txiki batek aukera gehiago ditu holako akzio batekin prentsaren begirada erakarri eta mezua pasarazteko.

Militante batek kazetariari esan dion moduan: “Zuzeneko ekintzak ateak zabaltzen ditu, presioa handitzen, fokoak erakartzen. Bultzada agresiboa baino gehiago da; parte hartzaileei indarra damaie. Adorez eta berotuta egiten dute aurrera, entzun egin beharko dietela eta beraiei eragiten dieten gauzen kontra eragiteko eskubidea dutela. Behin dastatu baduzu, berriro egin nahiko duzu”.

Molde honetako ekintzetara bihurtu diren asko legeak xuxen betez egindako urratsek deus ekarri ez dutelako egin dute. Inguruko biztanleak saiatu dira udal agintarien bidez kalteak gutxitzen edo deusezten, baina ororen buru ohartu dira holako proiektu erraldoiak Londrestik datozela zuzenean erabakita, askotan kakotx bat ere aldatzeko modurik gabe. “Halako indarra dauka estatuak darabilen makinatzarrak, ezen eta lekuko politikariak ere maiz ez baitira Gobernua bera baino samurragoak herritarren kexuei arreta jartzeko”.

Hori gutxi balitz, hainbeste diru jokatzen den proiektuetan beti dute aireportuak diren enpresa erraldoiek hautetsiak erosteko nahikoa diru, eta beste batzuetan hautetsiek eduki ditzakete obra horietan interesak, saltzeko lurrak bezala mantentzeko lanpostuak.

Dena dela, Aireportuen Behatokiko erakundeak baliatzen ari dira Gobernuak proiektua jendaurrean erakusteko daukan epea, horretan ahalik eta herritar gehien mobilizatzeko.

Gobernuak –amaitu du Matthewsek Europakoez ere ari dela– egon daitezke abiazioaren eta hegazkin industriaren beroaldia gelditzeko gogo gutxirekin, baina boterea eskuetan daukate. Aurkako kanpainan ari direnek arrakasta izango dute uztartzen badituzte oinarri zabaleko eta lekuko jendeen oposizioa batetik, eta bestetik, klimaren aldaketaren kontra dei egiteko zuzeneko ekintza onargarriak eta irudimentsuak egiten dituztenak”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude