Betiko joandako glamourra

  • Gorteetako kaleak eta haren inguruak nortasun handiko auzoa osatzen dute Bilbon. La Palanca du goitizena, ez dago erabat argi nondik sortua. Teoria batek prostituzioan kokatzen du hitzaren jatorria, beste batek meatzaritzan. Bi eginkizun horiek dira, hain zuzen, auzoaren izaera zizelkatzen lan handiena egin duten mailuak. Baina meatzariek aspaldi aldatu zuten lanbidea, eta gaurko prostituzioak ez dauka zerikusirik garai batekoarekin. Palanka hau ez da ia inor erakartzeko gauza, are gutxiago mundua mugiaraztekoa. Lehengo giroaz, argiaz, koloreaz, kabaretez, artistez... ez da arrastorik.
'La Palanca' auzoko kabaret ba
Bilboko 'La Palanca' auzoko kabaret bat

“Bilboko historia kontatzen dela, beti salto egiten da Zazpi Kaleetatik, Erdi Arotik, burgesiaren hiri modernora. Ez da hitz egiten San Frantzisko kaleaz, Gorteetakoaz, La Palancaz... Liburuak hutsune hori bete nahi du”. Hitzak Arturo Izarzelaiarenak dira, eta aipatu duen liburua, El barrio de Las Cortes, una historia de la La Palanca Bilbaina (Gorteetako auzoa, Bilboko La Palancaren historia), Izarzelaiak eta Txema Uriartek, biak bilbotar petoak, elkarlanean idatzitakoa.

La Palanca izendapena ez duzu inongo agiri ofizialetan aurkituko. Herriak sortu zuen, eta hark baino ez du erabiltzen. “Toki zehatz batena baino, giro baten izena da”, dio Txema Uriartek. Prostituzioa, kabaretak eta parranda, horiek bihurtu zuten Gorteetako kalea berezi.

Ez dakigu noiz hasi zen prostituzioa auzoan, baina argi dago Bigarren Karlistaldia amaitu zen garaian, 1876an, ondo errotuta zegoela. Garai hartan agintariek erabaki zuten prostituzioa arazo bilakatua zela Bilboko inguru horretan, eta arautegia sortu zuten kontrol pixka bat ezartze aldera. Aldameneko meatzeetako langileak bezero, prostituzio etxeak –tolerantzia etxe esaten zitzaien– perretxikoak legez ugaltzen ziren. Ustez, La Palanca izena meatzariek erabiltzen zuten palankatik etor liteke; edo beharbada, beste teoria baten arabera, prostituta nahiz bezeroek genitalak garbitzeko erabiltzen zituzten garbiontzietatik, gaztelaniaz palangana.

Gau giroaz den bezainbatean, Gorteetako kaleak Espainiako II. Errepublikan bizi izan zituen garai loriatsuenak. 36ko Gerra aurretik bost kabaret handi zeuden bertan, eta hamaika areto txiki. Gerrak eraman zituen gehienak. Izarzelaiak eta Uriartek beren liburuan diotenez, frankistek ez zituzten gustuko halako lekuak, jendea elkartzeko eta, akaso, konspirazioren bat edo beste sortzeko hain aproposak. Gerra ondoko lehenengo urteetan, debekatu egin zuten kabaret, dantzaleku eta antzekoak irekitzeko lizentzia berriak ematea.

30 orkestra, mila pertsonaia

60ko hamarkadan berpizte halakoa izan zen kaleko giroan. Areto asko zabaldu zituzten, ez lehengo kabaret handiak, baina bai zuzeneko ikuskizunak eskaintzeko adinakoak. Izarzelaiak eta Uriartek jasotako testigantzen arabera, 20 edo 30 areto zeuden Gorteetako kalean, bakoitzak bere orkestra zuela. Neoizko argiari esker, La Palancan ez zuen sekula iluntzen. Parranda handien gunea zen, artisten, sasi-artisten eta eta era guztietako pertsonaia bitxien biltokia. Prostituzioak, zer esanik ez, indar betean jarraitzen zuen. Glamourra zegoen.

70eko hamarkadaren amaierak giro haren azkentzea ekarri zuen. Bideoaren eta play-backaren erruz, zuzeneko ikuskizunarenak egin zuen. 80ko hamarkadako lehen urteetan itxi zuten Bataclán, ustez Gorteetako azken areto dotorea. Bestetik, heroina iritsi zen auzora, haren arima errotik aldatuz. Ordura arteko prostitutak auzokideak ziren, kaleko bizitzan integratuak. Zaldi zuriak beste prostituzio mota bat ekarri zuen, baina hori ere desagertuta dago gaur egun.

Orain, hiruzpalau night clubek eusten diote nola edo hala, lehengo dotoreziaz oroitzapena baino ez da gelditzen, eta kalean dabiltzan prostitutak, ez asko, afrikar etorkinak dira batez ere. Garai batean, 2.000 inguru egon ziren erregistratuta Bilbon, gehien-gehienak La Palancan. Gaurkoa haren itzala ere ez da, baina meatzariek baino luzeago iraun dute behintzat.
Higiene berezia
1873an, Bilboko Udalak lehenbiziko Higiene Bereziko Arautegia onartu zuen. Haren bidez prostituzioa arautu nahi zuten, osasunaren aldetik batez ere. Arautegia 1894an berridatzi zuten, Higiene Bereziko Bulegoa ezarriz. Garaiko agirietan irakur daitekeen legez, "prostituzioa ikuskatzea eta ahal den heinean erreprimitzea" zen helburua. Den-dena "moralaren eta osasun publikoaren onerako, gaixotasun kutsakorrak zabaltzea eragotziz". Prostituten "higieneak" baino, bezeroenak sortzen zuen kezka. Gaitz benereoek jotako gizon kopurua gora zihoan, eta horrek eragin zuen, azken batean, Udalak neurriak hartzea.

Higiene Bereziko Bulegoak erregistro batean jasotzen zituen prostituzio-etxeak eta horietan lan egiten zuten emakume guztiak. Hala zen teorian behintzat, praktikan batzuek saihestu egiten baitzuten erregistroa. Legea betetzen zutenek aldiro joan behar zuten Sendagile Higienistarengana. XIX. mende amaieran, astean bi aldiz egin behar zuten hori, eta azterketa medikua gainditzen ez zutenak erietxera bidaltzen zituzten. Izen desberdinekin bada ere, higiene bereziko zerbitzuek 1956ra arte jarraitu zuten indarrean Bilbon. Urte hartan, gobernu frankistak legea ezarri zuen prostituzioa debekatuz. Hura ere teoria hutsa.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude