Adimena sasoian izateko trikimailuak
Neurologoek diotenez, gogoratzea eta ikastea txanpon beraren bi aldeak dira. Aurrenekoa behar bezala egiten ez bada, garuna hondatuz doa pixkanaka. Baina, muskuluak bezalaxe, ezagutza-gaitasunak ere entrenatu eta bizkortu daitezke.
Hona, bada, neuronak sasoi betean edukitzeko proposatzen dizkizuedan jarduera erraz batzuk:
Hitz egin besteekin. AEBetako Michigan Unibertsitateko ikerketa batek frogatu duenez, egunean gutxienez hamar minutuko solasaldia edukitzen dutenek beren garuna bizkortu, errendimendu intelektuala hobetu eta oroimena galtzeko arrisku gutxiago dute. Mesede horiek berdin-berdin lortuko dituzu edozein dela ere zure adina.
Jolastu. Gurutzegramak egin, itxuraz berdinak diren bi irudiren arteko aldeak aurkitu edo irudi bat buruz ikasten saiatu, ondoren ea zenbat gogoratzen duzun ikusteko. Jolas horiek garuna sasoian edukitzen lagunduko dizute.
Egin kirolen bat. Aspalditxotik uste zen ariketa fisikoak garuneko barne-loturak hobetzen laguntzen zuela, eta horixe frogatu du beste ikerketa batek: ez da beharrezkoa eliteko kirolari bihurtzea, egunean pare bat kilometro egitea aski baita. Aipatutako ikerketan, emaitzarik hoberenak 55 urtetik gorakoengan lortu ziren.
Baztertu estresa. Bizkorregi bizi bazara, zure gorputzak kortisol gehiago sortzen du, eta hormona hori arreta galerarekin, mintzamen arazoekin, begiaren eta eskuaren arteko koordinazio eskasarekin, ikasteko gaitasuna gutxitzearekin eta ikusmeneko nahiz hitzezko oroimen txarragoarekin lotu izan da.
Egin kasu arazo kardiobaskularrei. Hipertentsioa edo bihotzeko erritmoaren arazoak dituztenek, edo bularreko angina bat izan dutenek, arazo horiek ez dituztenek baino bi aldiz azkarrago gal dezakete oroimena, Neurology aldizkarian argitaratu berri dutenez.