argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Begiaren eta gizentasunaren arteko harremana umeengan
  • Gehiegizko pisuak arazoak dakartza, bai pertsona helduengan eta baita umeengan ere. Esaterako, gorputz masaren indize altua eta sabelean gizentasun handia duten haurrek aldaketak izaten dituzte erretinako odol-hodietan. Eta hori gaitz kardiobaskularra izateko arrisku handiaren aurreneko seinalea izan daiteke.
Jabier Agirre 2008ko otsailaren 20a
Erretina
Erretina
Erretina, begi-globoaren geruzarik barrukoena, oso leku aproposa da, arrazoi ezberdinengatik, tentsio arterial altuak edo diabetesak, esate baterako, gorputzeko odol-hodietan eragiten dituzten aurreneko aldaketak ikusi ahal izateko. Horrela, hipertentsioa erretinako arteriolak estutzearekin lotu izan da, eta diabetesa, berriz, benulak zabaltzearekin. Arteria eta zain txiki horien hondatzeak eta narriadura mailak desoreka kardiobaskularrak aurreikusteko aukera ematen diete adituei, gaitzak jada agertu direnean horien larritasuna neurtzeko parada eskaintzeaz gain.

Hainbat ikerketak frogatu du, pertsona helduengan, erretinako kaltea, batetik, eta arrisku kardiobaskularreko faktore ezberdinek, bestetik, gizentasunarekin duten harremana. Hala ere, oso ikerketa gutxi egin dira harreman horiek haurtzaroan nolakoak diren ezagutzeko. Australian egin den ikerketa batek horixe ebaluatu du: nola eragiten dion gizentasunak erretinako odol-hodiei haurtzaroan.

Horretarako, sei urte inguruko 1.608 umeren datuak aztertu zituzten. Ikertzaileek gorputzeko masaren indizea, sabeleko zirkunferentziaren diametroa, gorputzaren azalera, eta bestelako faktore soziodemografikoak neurtu zituzten, gurasoek betetako galdera-sorten bidez. Eta ume guztiei begi-hondoaren argazkia egin zitzaien, beraien erretinaren egoera ebaluatzeko.

Datuak aztertu ondoren, gain-pisurik handiena zuten umeen erretinako arteriolak estuagoak zirela ikusi zuten. Gain-pisu txikiagoa zutenek baino bi mikrometro estuago, hain justu. Bestalde, ume gizenek inguru horretako benulen dilatazioa zuten. Oraingoz datu kezkagarriak dirudite, helduak direnean arrisku kardiobaskular handiagoa izateko lehenengo zantzuak izan daitezkeelako.