Patxi Baztarrika:"Euskaldun berriak gero eta gehiago ari dira euskara transmititzen"
Ikerketak dioenez, gurasoen hizkuntza-gaitasuna oso garrantzitsua da seme-alabei euskara transmititzeko orduan, eta gurasoek euskara ama-hizkuntza izatea erabakigarria.
Gaur egun, gurasoak euskaldunak direnean euskararen transmisioa ia ziurtatuta dago. Guraso horiek euskaldunak izateaz gain, euskara etxean jaso badute, seme-alaba ia guztiek euskara jasoko dute haiengandik. Gehienek euskara bakarrik eta gainontzekoek erdararekin batera. Azken urteotan, gainera, ikusten ari gara guraso euskaldun berriak, hau da, euskara etxetik kanpo ikasi dutenak gero eta gehiago ari direla euskara transmititzen, eta familia bidez transmititzen ez den kasuetan, eskola bidez ziurtatzen da, neurri handi batean, seme-alaba horiek euskara ikasiko dutela. Izan ere, euskaldun berrien seme-alaben %80tik gora elebidunak dira gaur egun.
Eta seme-alabei dagokienez, euskaldun zaharren %70ek familian euskara erabiltzen dute nagusiki eta, euskaldun berrien %90ek, aldiz, gaztelania. Seme-alaben ama-hizkuntza eta erabilera bete-betean daude orduan lotuta?
Hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktore nagusiak bi dira: hizkuntza hitz egiteko erraztasuna eta hizkuntza horretako hiztunen harreman-sarea. Hau da, hizkuntza erabiliko dugu menperatzen badugu eta norekin hitz egin baldin badaukagu. Euskaldun zaharrek baldintza biak betetzen dituzte gehienetan. Etxean jaso dute euskara, beraz, umetatik menperatzen dute, eta, gainera, familia-giro euskaldunean bizi dira, beraz, aukera dute egunero erabiltzeko. Euskaldun berri asko eta asko, aldiz, kontrako egoeran bizi da. Erdara dute lehen hizkuntza eta eskolan edo euskaltegian ikasi dute euskara. Gainera, familia-giroa erdalduna dute, hortaz, neba-arreben artean ez bada, nekez aurkituko dute norekin hitz egin.
Amak hizkuntza arloan duen jarrerak aitarenak baino eragin handiagoa du seme-alaben hizkuntza-erabileran. Zergatik ote?
Azken 15 urteotan euskarari buruz egin ditugun ikerketetan, hainbat aldiz aztertu ditugu hizkuntza aldagaiak, eta ez dugu inoiz sexuaren araberako alde esanguratsurik jaso. Ez euskararen ezagutzan, ez erraztasunean, ezta eremu desberdinetako erabileran ere. Oraingoan, ordea, familia bidezko transmisioan sakondu dugunean, aldea agerikoa da. Aurrerantzean transmisioari buruz egingo ditugun azterketetan sakon ikertuko dugu gertakaria. Oraingoz esan dezakeguna da ume jaioberriaren ardura nagusia amak hartzen duela oraindik, eta horrek, noski, erabateko eragina duela hizkuntzaren transmisioan ere.
Familiako elebidunen dentsitatea %80tik gorakoa denean soilik bermatzen da euskaraz bizi ahal izateko aukera. Datu gordina da.
Gordina baino, logikoa da. Beste erabilera eremu batzuetan ez bezala, familian nahikoa da kide batek euskaraz ez jakitea, euskararen erabilerak nabarmen behera egiteko. Horrelakoetan, halere, euskararen eta erdararen, bien, erabilerak gora egiten du nabarmen. Seme-alabek, gainera, etxeko kide erdaldun bakar hori aita ala ama izaten baita gehienetan, ondo bereizten dute batarekin eta bestearekin erabili beharreko hizkuntza.