Donostiako portuaMaddi Soroa
Haize Orrazia. Luis Peña Ganchegui arkitektoak eta Eduardo Chillida eskultoreak, burdina forjatua, harria eta itsasoa uztartuz, espazio paregabe eta errepikaezina sortu zuten duela 30 urte, Ondarreta hondartzaren ertz batean. Lan hura sortu aurretik, badiako mendebaldea babesgabea eta basatia zen; egun, ordea, Donostiako txokorik maitatuenetakoa da bertakoentzat nahiz bisitarientzat. Santa Klara irlari so, itsasoaren gazi-gozoak miresteko erakusleiho bikaina da ingurua.
Kontxa. 1845ean, medikuek itsasoan bainu hartzeko gomendatu zioten Isabel II.a erreginari, larruazaleko arazoak konpontzeko. Hala, modan jarri zituen Kontxako hondartza eta Donostian bera, gorte osoa eta hainbat aristokrata uda oro gerturatzen hasi baitziren. Hiriak izen ona irabazi eta hazteko beharra ikusi zuenez, 1864an harresiak bota zituzten, gaur egun ezagutzen dugun erdialdea sortuz. Urumea ibaiari lurra kenduz ibai ertzak auzo bihurtu eta zerbitzuetara bideratutako hirigunea sortu zen. Hori horrela, Donostia Europako goi-mailako klasearen helmuga turistiko bihurtu zen eta hiriak “Belle Epoque” delakoa bizi izan zuen. Maria Cristina erreginak Miramar jauregian jarri zuen gortearen udako egoitza, eta orduan sortu ziren luxuzko hotelak, kasinoak, antzokiak…
Gros. Antzina langileen bizitokia zen, baina 1920tik aurrera egun zutik dirauten etxebizitza dotoreak sortu eta auzoak nortasun berezia garatu zuen. Gaur, itsasoari so eta Urgull mendiari diosala eginez aurkituko dugu Rafael Moneoren obra, Groseko altxorra: Kursaal, itsasoaren aurrean kokatutako bi harkaitz bailiran asmaturiko obra, arkitektura berriaren ikur eta hiriko kultur ardatz nagusi bilakatua. Handik aurrera eta Monpaseko muturreraino, Zurriolako pasealekuaz gozatzeko aukera eskaintzen du Grosek, Ulia mendia erreferente harturik.
Portua. 1450ean sortu zen Donostiako lehen portua. Itsas merkataritza balearen eta bakailaoaren arrantzarekin batera hazi zen, eta 1864an hiriko harresiak bota zituzten arte, berau izan zen Donostiako erdigunea. Egun, mota askotako itsasontzien babeslekua da. Baxurako arrantzako koloredun ontziak, kirol-portuko belaontziak, piraguak... Eta Itsas Museoa, noski.