Bonberenea: 10 urte bizirik! liburua
Askoren artean egina da Bonberenea 10 urte bizirik! liburua. Asko izan dira hamar urteko epe luze horretan Tolosako gaztetxe dotorea amestutakoa bezala izan zedin borrokatu eta lan egin dutenak. Udalaren eta bestelako indarren asmo suntsitzaileen aurka ekin behar izan dute maiz, baina aurrera jarraitu dute tinko; Tolosako inauterietan txosna jartzen, musika emanaldiak eskaintzen, jatetxe makrobiotikoa martxan jartzen, www.bonberenea.com webgunea eratzen; baita fanzinea kaleratzen ere. Gaztetxeak eskalatzeko rokodromoa eta grabaketa estudioa dauzka gainera, gaztetxean sortu den dinamikaren erakusgarri. Hamar urtean hamaika ahalegin gauzatu dituzte. Horien guztien azalpenak eskaini dituzte atzera begiratuz aurrera egiteko bidea erakusten duen liburu honetan.