Mundu osoan ezagun egin den zinema zuzendari, gidoigile eta showmanaren bizitza eta eginahalen berri eman du Koldo Goitiak Woody Allen. Bizitza kontrako eztarritik liburuan. 1935ean New Yorkeko (AEB) Brooklyn auzoan jaio zenetik eman dituen urratsak eta gaur arte egin dituen film guztien xehetasunak jaso ahal izango ditu irakurleak. Baita haren izaerarekin lotuta dauden bestelako alderdiak ere; esate baterako, emakumeekin duen arrakasta; gizon metodikoa, txukuna eta langile amorratua dela; edota arrakastari dion izu patologikoa. “Hoollywooden nire filmak pase pribatuetan ikusten ari badira, garbi daukat zerbait gaizki egin dudala”, aitortu omen zuen elkarrizketa batean bizitzaren tragedia modu komikoan azaltzen maisu den gizonak.