Obreroen zigorra: bizi laburragoa eta ezintasun gehiagoz

  • Herritarrak gaur lehen baino urte gehiago bizi direla jakina da, emakumeak gizonak baino luzeago irauten duela ere bai. Baina bataz besteko datuak nola banatzen dira gizarte mailen arabera? Eta ezintasunak kontuan hartuta? Frantziako datuak azaldu dira, eta Euskal Herrirako balio lezakete.
Konponketa lanetako panoa
Kaleko konponketa lanetako panoaEus
Langileen zigor bikoitza: ezintasunezko urte gehiago eta bizi laburragoa”. Izenburu hori deigarri egiten da jakinez gero Frantziako Institut National d’Etudes Demographiques (INED) erakunde ofizialak ipini duela 2008ko urtarrileko Population et Sociétés buletinean. Gehienetan horrelako organismoek egia latzenak koadro estatistiko ezin ulertuzkotan gorde ohi dituzte eta.

Informea honela hasten da: “Frantzian obreroek bataz beste koadro exekutiboek baino bizi laburragoa dute. Urte gutxiagoz bizitze horrek esan nahi ote du osasun txarrezko urte gutxiago jasaten dutela? 2003an Frantzian osasunaz egindako inkestan oinarriturik, horrela ez dela erakutsi dute Emmanuelle Cambois, Caroline Laborde eta Jean-Marie Robine-k. Obreroek koadroek baino bizi laburragoa dute eta gainera hauek baino urte gehiago egiten dituzte ezintasunekin”.

Frantzian gizonezkoek bataz beste ia 78 urtera iristeko itxaropena dute eta emakumeek 84ra. Bizia luzatuz irabazi diren urteak osasun txukunez ematen ote dira, ala ezintasun eta menpekotasun egoera kaxkarretan? Biziaren luzatzea bezala ezintasunezko urteak nola daude banatuta maila sozialen arabera?

Galderoi erantzuteko, ikertzaileek alderatu dituzte bizi itxaropena eta osasun onez pasatako urteak, horrela ateratzeko herritar batek ezintasunik gabe irauteko aurrean dauzkan urteak.

Frantziako estatistiketan hiru ezintasun maila nagusi daude aurreikusita. I motako ezintasuna da funtzio edo zentzumenen mugaren bat eduki bai baina eguneroko bizimoduan oztopo nagusirik ez dutenena. II motakoa da 6 hilabete baino gehiagoz eguneroko bizimodua oztopatu eta etxeko lanetan bezala lanbide profesionalean ondorioak dauzkana. III motako ezintasuna daukate norbere burua artatzeko eginkizunak ere –garbitzea, janztea, jatea...– nekez egiten dituztenek.

Frantzian 35 urte baino gehiagoko herritarren herenak dauka I motako ezintasunen bat, %18,5ek II motakoa eta %4,5ek IIIkoa. 35 urteko gizonezko batek espero dezake 43 urte gehiago bizitzea eta emakumeak 49. Urte horietatik, I motako ezintasunik gabe gizonak 15 pasako ditu eta emakumeak 20; II motako ezintasuna gabe gizonak 34 eta emakumeak 37; eta III motakoa gabe gizonak 40 eta emakumeak 44.

Ezintasun gogorrenekin (III motakoekin) gizonezkoek bataz beste 3 urte ematen dituzte eta emakumeek 5, ia beti 60 urteak pasa ondoren. 60 urtetara iritsi den gizonezko batek badaki geratzen zaizkion urteen erdiak ezintasunen batek ukituta pasa beharko dituela. Emakumeak gizonezkoak baino urte gehiagoz iraunen du bizirik baina ezintasunezko urteak ere gehiago izango ditu. Asko laburtuz gero, esan daiteke 35 urteko pertsona batek beste 30 urte dauzkala aurretik inolako ezintasunik gabe bizitzeko. Beti ere bataz besteko zenbakiak direla jakinda.

Exekutiboak, luzeago eta hobeto

Ikerketan honela sailkatu dituzte herritarren bizibideak: koadro exekutiboak, erdi mailako lanbideak, nekazariak, autonomoak, enplegatuak, obreroak eta jarduerarik gabeak. Bizi esperantza lehenetik azkenera gutxituz doa, nabarmen. Frantsesez cadre deitzen diren gizonezkoei –exekutiboak, baina baita maila handiko enplegatuak ere– 35 urte dituztenean beste 47 gehiago geratzen zaizkie; hau da, bataz bestekoari baino 4 gehiago eta obreroei baino 6 gehiago. 47 urte horietatik 34 batere ezintasunik gabe pasako dituzte, hau da, obreroek baino 10 gehiago. 35 urteko obrero batek kalkulatu behar du 24 gehiago geratzen zaizkiola batere ezintasunik gabe.

Emakumeetan, bizi itxaropenean ez dago halako tarterik exekutiboen eta obreroen artean, baina bai ezintasunik gabeko urteen itxaropenean: 35 urteko andre exekutiboak ezintasunik gabeko 35 urte gehiago dauzka aurretik eta aldiz obreroak 27 baino ez. Antzeko ezberdintasunak errepikatzen dira, emakumeetan bezala gizonezkoetan, II eta III motako ezintasun larriagoei dagokienez.
Ikusten denez, koadro exekutiboek denbora luzeagoz bizi dira ezintasunik gabe obreroak baino, eta tarteak sakonagoak dira gizonezkoen kasuan. Tarteak irauten du zahartzaroan. 60 urtetan, ezintasunik gabeko urte gehiago dauzkate aurretik exekutiboek obreroek baino. Bestalde, urte gutxiagotan bizi arren emazte obreroek urte gehiago pasatzen dituzte ezintasunekin (22, I motakoekin) exekutiboek baino (16).

Exekutiboen eta obreroen artean gainerako lanbideen egoerak daude mailakatuta. Erdi mailako profesionalen, nekazarien eta profesional independienteen bizi itxaropena exekutiboena baino zertxobait laburragoa da. Enplegatuen kasuan, gizonezkoetan hauen bizi baldintzak hurbil daude obreroenetatik eta aldiz emakumeetan gertuago goragoko kategorietakoetatik.

Denetan egoerarik txarrena jarduerarik gabeko –inactif frantsesez– pertsonena da. Atal honetako gizonezkoak ez dira asko, populazioaren %3 baizik ez, baina beren bizi esperantza 65 urtetan dago; emakumeak askoz ugariagoak dira, %21, eta hauen itxaropena sexu bereko obreroen tankerakoa da. Ezintasun mailarik gogorrenak ere kategoria honetakoek nozitzen dituzte.
INEDeko ikerlariok ikasgai hau atera dute azterketa honetatik: “Orokorrean esan dezakegu, zenbat eta bizi itxaropena luzeago orduan eta laburragoa dela ezintasuna jasanez pasa beharreko denbora”. Ondoen bizi direnek irauten dute gehien, eta gehien bizi izan direnak egon dira ondoen. Eta alderantziz: gutxien bizi direnek, zigor horretaz gain bigarrena ere jasan beharko dute, bizimodu latzagoa eramatea.

Arau orokor horren salbuespena nekazariena da. Hauen bizi itxaropena nahiko handia da –aurretik duten erdimailako lanbidekoena baino zertxobait hobea– baina aldiz batere ezintasunik gabeko urte gutxiago gozatuko dituzte proportzioan. Nekazariekin gertatzen da alde batetik enpresaburu txikiekin parekatzen direla, baina bestetik lan fisiko asko egin behar dutela, obreroen gisakoa, horrek jartzen dituelarik istripu eta eritasunen mendeago herritarren bataz bestekoa baino.

Hona ikerketaren azken predikua: “Gizon eta emazte obreroak desabantailan daude ez bakarrik heriotzaren aurrean: bizi laburrago baten barruan, bataz bestekoak baino denbora gehiago pasatzen dute ezintasun egoeraren batean. Eskuzko langintzek oro har era berezian jasaten dituzte ezintasun funtzional fisiko edo zentzumenezkoak, hauekin bizi beharko baitute 60 urtetik gora geratzen zaizkien urteen %60an. Desabantaila bikoitz hau gertatzen da, batetik bizi osoan daudelako gaixotasun eta istripuen arriskupean, beren lan eta bizi baldintzek horrela eraginda, eta bestetik osasun sistemaren baliabideetara ere neurri diferentean iristen direlako”.

Gai honekiko interesa daukanak, INEDen webgunean PDF formatuan aurkituko ditu informea osorik eta datu zehatzak koadro txit argigarrietan sailkatuta. Klase diferentziak gaur ere badirela berresteko... edo aseguru enpresek gutaz egiten dituzten kalkuluez pittin bat gehiago jakiteko.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude