Pinua
Pinuak haizea erabiltzen du bere onerako. Ugalketan nahitaezko parte eginda bere eboluzioan bidaide du. Eta esaerak dioenez, bidaide gogaide. Haizearen gogora makurtua du pinuak sexua. Eboluzioan beste landare askok ugalketarako intsektuak erabiltzea erabaki zuten bezala, pinuak, pinuek, hau da Pinus generoak, eta beste zenbaitek (intxaurrondoak, haritzak, arteak, xarmak, gaztainondoak, urkiak, makalak, zurzuriak, hurritzak...) haizea hautatu zuten sexu arra eta emea uztartzeko zubi. Animaliok ez bezala landareak ezin mugitu dira eta polenak egin behar landareen arteko bidea, erlearen saihetsean edo haizearen bizkarrean. Haizearen hautua egin zutenek intsektuak limurtu beharrik gabe ez dute lore dotore eta erakargarririk ematen energia alferrik galtzen. Izan ere, haritza edo lehen aipatutakoren baten lorerik ezagutzen al duzu? Badituzte bada, lore lekukoak, lore ordekoak edo loretzakoak, txikiak eta aparteko kolorerik gabekoak baina badituzte bai, bestela ez litzateke ez ezkurrik, ez hurrik, ez intxaurrik... Intsektuak loretik lorerako bidea zorrotz eta azkar egingo du eta polenaren garraio egokia ziurtzat jo daiteke. Haizearen esku, ordea, polena lore emera iritsiko denik nola ziurtatu? Bidaide gogaide. Bada, lorearen erakargarritasunean alferrik galdu ez duen energia sekulako polen pilak ekoiztera bideratuta. Alimaleko pilak. Hurritzak, adibidez, lore eme bakoitzeko bi milioi eta erdi polen ale ekoizten du; gerba edo lore multzo zintzilikario bakoitzean 40 bat milioi polen ale... Zuhaitz hauek, haize arinenak dilin-dalan eragin eta polen aleak errazago bereganatzeko moduko gerba zintzilikarioetan ontzen baitituzte lore arrak.
Pinuaren polenak, hegan errazago eta urrutirago egiteko –sei mila metro eskaseko altueran eta milaka kilometrotaraino joanda topatu izan dira–, aparteko egitura du: polen koxkorraren bi aldetara airez puztutako bi konkortxo, toreatzailearen txapelaren antza. Eguzkitan konkortxoetako airea berotu egiten da, baloi aerostatiko baten gisan gora egiten du eta aire! paseora. Negu-neguan hasi lehenak eta udaran azken pinuen polen hodeiak ikusi ohi dira; geurearenak, intsignisarenak (Pinus radiata) dagoeneko azaldu dira eta herenegun ihintzaren hezeak polen aleak lurreratuta errioan olatuz olatu itsasoa horitu egin zen. Itsasoa eta putzu-bazterrak eta leiho bueltak eta zer ez? Baita txurrundunen eztarriak ere... Eta goragale okaztagarrienaren lagun itolarri larria etortzen da, ekartzen du... Eta alergia diotenek ezin ikusi.