Euskaraz dibertitzeko konpromisoa

  • Jolasa behar naturala da haurrarentzat. Fantasiak, nahiak eta bizipenak askatzeko ezinbesteko jarduera. Baina baita hizkuntza jarreretan eragiteko bide eraginkorra ere, Maite Asensio eta Jaime Altuna Urtxintxa eskolako kideek ondotxo dakitenez.
Gurasoak eta haurrak jolasten
Gurasoak eta haurrak jolasten

Donostiako Urtxintxa eskola aisialdiko begirale eta hezitzaileak formatzeko helburuz sortu zen duela hogei urte pasatsu. Irizpide soziolinguistiko sendorik gabe hasieran, garai hartako eliz giroa eta Scout taldeak gaindituz, haur, guraso, irakasle nahiz aisialdiko begiraleei euskaraz jolasten erakustea eta, bidenabar, jolasaren bidez euskararen aldeko jokaera positiboak transmititzea zuten helburu.

Jolasen inguruko programak beranduxeago heldu ziren. Hain justu, euskararen ezagutza handia zen eremuetan ere erabilerak gora egiten ez zuelako kezka nagusitu zenean edota “1997 urtearen inguruan, arlo desberdinetan eskola nahikoa ez zela jabetu zirenean”, Jaime Altuna ekimenaren arduradunak argitu digunez.

“Lehen ikastaroa Goierrin eman genuen –jarraitu du Altunak–. Haurrak jolas orduetan barra-barra erdaraz aritzen zirela eta, guztiz arduratuta deitu ziguten Ordiziatik. Oso sintomatikoa iruditu zitzaigun”. Garai hartan jolas bilduma txiki bat besterik ez zuten esku artean, barne erabilerarako nahiz udalekuetan baliatzeko osatua. Esperientzia hark, ordea, jolasa eta hizkuntza lantzeko planteamentu berrietara eraman zituen, intuizioz egiten zutenari oinarri eta funtsak batzera; alegia, etxean bertan soziolinguistika arloa sortzera. Altunaren hitzetan, “Haurrei hizkuntza motibagarriago egiteko modu eraginkorrena, gurasoei euskaraz jolasten erakustea zela konturatzen ginen. Halaber, jolas bakoitzari helburu zehatzak lotuta, emaitza hobeak lortzen ahal zirela”.

Guraso erdaldun askoren erronka

Gurasoentzako jolas ikastaroak eskolen eta udalen ekimenez antolatzen dira gehienetan. Lauzpabost saio eskaintzen dira normalki, sei bat ordu guztira, eta irekiak izaten dira, euskaldunek nahiz erdaldunek hartzen dute parte. Azken egunean nork bere haurrak ekartzen ditu eta ikastaroan zehar ikasitakoak elkarrekin praktikan jartzen dira. “Saio bikaina izaten da azken hau, erraz ahanzten ez den horietakoa –aipatu digu Maite Asensiok– oso ongi pasatzen baitute denek elkarrekin jolasean. Inoiz edo beste, gurekin ikasitakoa kalean zabaltzeko ekimen politak antolatzen dira herrietan. Legazpin, esaterako, jolas eguna antolatzen da plazan”.

Zenbaitetan, haurren esku-hartzea ikastaro osora luzatzea eskatzen zaie Urtxintxakoei, saio guztiak haurrak ondoan dituztela egitea, geroko praktikarako errazago izango delakoan. Ez da, ordea, aholkagarriena, Jaime Altunak argitu digunez: “Batzuetan ondo ateratzen diren arren, dinamika aldetik askoz ere zailagoak dira ikastarook. Batzuek zein besteek erritmo oso desberdinak, ikasmolde oso desberdinak dituzte”.

Ikastarootan baliatuko den materiala eta gainerakoak euskaraz lantzen ditu Urtxintxa eskolak. Gero, biltzen den taldearen arabera, egokitu egin behar izaten dituzte azalpenak: “Zenbaitetan –dio Maite Asensiok–, gurasoen arteko batzuk hizkuntza aski menderatzen ez dutelako edota batere ez dakitelako, erdarazko laburpenak ere eskaini behar izaten dira”.

Ikastaro osoa erdara hutsean eman beharra ere egokitu izan zaie inoiz. “Etortzen zaizkigun guraso erdaldunei motibazioa eta etengabe erakusten duten gogoa estimatzen diegu guk”, dio Jaime Altunak. Horrelakoetan hautatzen dituzten jolasak eta kantuak xinple-xinpleak izaten dira, motzak eta errepikakorrak, “konfiantza hartzen laguntzeko modukoak”.

Gurasoei zailen egiten zaiena, ordea, ez da jolasen nondik norakoak ulertzea, baizik eta lotsa gainditzea, Maite Asensiok ongi dakienez. “Herri txikietan, denak elkarren ezagunak diren tokietan, adibidez, izugarri kostatzen da martxa hartzea. Barregarri ari direla iruditzen zaie hasieran”.

Teoria berriak praktikan ikasteko modua

Irakasleentzat antolatzen diren ikastaroek, berriz, beste kutsu bateko eragozpenak izaten dituztela aipatzen digu Maite Asensiok. Sarri agertzen den arazoetako bat, hain justu, motibazio maila apala izaten da. “Gure saioak eskolako ordutegietatik kanpo ematen direnez, ezertarako denborarik ez dutela sentitzen dute irakasle askok, ikastaroa egiten ari diren bitartean lana pilatzen ari zaiela. Eta gogoa makaltzen joaten da”.

Bestalde, irakasleen klaustroan nagusi den giroa erabakiorra izaten da ikastaro mota honetan. “Gure saioetan txorakeria eta ziminokeria asko egin behar izaten da. Parte hartzen duten kideen arteko harremana txarra denean, nekez lortzen da gustura bukatzea. Aldiz, giroa ona bada, irakasleek erdi terapia gisa ere hartzen dute ikastaroa. Oso dibertigarria egiten zaie”.
Irakasleek gehien baloratzen dietena, hala ere, pedagogia berrien egokitzapena izan ohi da, unibertsitateetan teorizatzen dena praktikan jartzeko eta egunerokoari aplikatzeko egiten duten ahalegina.
Soziolinguistika arloaren ekarpena
Soziolinguistika arloko irizpideei jarraiki eta euskaraz ondo pasatzea helburu nagusitzat hartuta, programa ugari ipini du martxan Urtxintxa eskolak. Guraso eta irakasleentzako jolas ikastaroez gainera, jakina. Aipagarrienen artean, 13 eta 18 urte arteko gaztetxoak motibatzeko antolatzen diren ekimenak eta guraso etorkinak dituzten haurrei zuzendutako dinamizazioak kasu.

"Lagunarteko hizkerarekin jolasean" deiturikoa hizkuntza ez formala erabiltzeko programa moduko bat da. Ligatzea, adar jotzea eta haserretzea bezalako gaiak hartu eta esamoldeak lantzen dituzte gaztetxoekin. Helburua, gure hizkuntzari zaion beldurra kentzea eta, bidenabar, euskara gaztelania bezain erakargarria dela ikusaraztea. "Gaztelaniaz hitz xelebre asko ezagutzen eta erabiltzen dituzte –Maite Asensiok–. Masturbazioa adierazteko, adibidez. Euskaraz ez dute horrelako baliabiderik, eskolan ez baita antzekorik ikasten eta kalean ere ez baitira entzuten. Euskaraz beste horrenbeste esamolde badela jakiten dutenean txundituta gelditzen dira".

Guraso etorkinak dituzten haurrei zuzendutako programak Aleatitakonba du izena eta haur euskaldunentzat antolatzen dituzten jolas dinamizazioen antzekoa da: pertsonaia baten gorabeherak aitzakiatzat hartuta jolasean aritzea da kontua. Programa hau ludotekak dauden herrietan antolatzen da batik bat, eta bertan biltzen diren haurrak urtebeteren buruan euskal giroan integratzea du helburu. Haurrak astean bitan elkartzen dira begiralearekin.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude