argia.eus
INPRIMATU
Joan Mari Torrealdai
«Irakurri egiten da gutxi euskal liburua, ez gehiegi publikatu»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Joan Mari Torrealdai
Dani Blanco

30 urte daramatzazu liburugintza aztertzen.


Egi-egia da ustekabean hasi nintzela. Bizitzako hautapen asko horrelakoxeak omen dira. Nire azterketa soziologikorako oinarrizko informazioa behar nuelako hasi nintzen. Eta hasiz gero segitu egin behar, beste inork heltzen ez ziolako.

Zertan mamitzen da lan hori?


iru lan diferente egin behar dira urtero. Liburuak fitxatzea da aurreneko lana, nekezena; hasi nintzen hartan 100 pasatxo ziren fitxatu nituenak, eta gaur egun 2.000 pasa dira; bada alderik. Gaien arabera sailkatzea dator gero; eta hirugarrenik, komentarioa. Orain plazaratu dudan liburuan elkarren ondoan jarri ditut 30 urtetan Jakin-en idatzi ditudan gogoeten, kezken, zalantzen, haserreen, txaloen eta iruzkinen laburpentxoa. Hautapen lana ez da samurra izan, baina bai beharrezkoa; agian aukeratu ditudan baino pasarte interesgarriagoak kanpoan utzi ditut, baina...

Euskal merkatua saturatuta al dago?


Badira bi esaldi, egia izanik ere, errealitatea ezkutatzen dutenak. "Irakurtzen denarekin alderatuta gehiegi publikatzen da euskaraz" da bat; "publikatzen den guztia ezin da irakurri", bestea. Irtenbidea ez da iradokitzen dutena; alegia, gutxiago argitaratu behar dela. Kontrara baizik. Produkzioa ikusi besterik ez dago, euskaraz bizi nahi duen gizarte edo herri baten ikuspegitik gutxi(egi) publikatzen dela ondorioztatzeko. Gure liburugintzaren soluzioa ez dator eskaintza murriztetik, eskaria handitzetik baizik. Irakurri egiten da gutxi, ez gehiegi publikatu. Irakurketa da bultzatu dena, eskaria.