argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Greba eraginkorra
Juan Mari Arregi 2008ko otsailaren 15
Greba guztiak ez dira eraginkorrak. Osakidetzako langileek egindakoa eraginkor izaten hasi da. Beraien helburua lortu dute: ugazabak ezarritako “dekretazoa” bertan behera utzi eta horiek negoziaketa mahaira itzultzea. Osasun Sailburuak, beraz bere gobernuak, atzera egin behar izan du hainbat arlotan: grebalariez esandakoan (“diruzale” deitu zien), publizitate bidez eginiko manipulazioan eta greba jarraitu dutenen kopuruaz adierazitakoan. Atzera egin eta sindikatuekin negoziaketa berria onartu behar izan dute. Ikusi egin beharko da orain artean arlo teorikoan egindako atzerapausoa, alor praktikoan ere ematen den proposamen berriarekin. Aurrekoa mozorrotuta mantentzea ez litzateke bidezkoa; zirikatzeko beste modu bat besterik ez litzateke. Eta sindikatuek deitu dituzte greba berriak, otsailaren 21erako eta martxoaren 6rako.

Denek ikasi beharko lukete zerbait greba honetatik. Langileek ikusi dute batasuna dagoenean, greba eta mobilizazioak eraginkorrak direla eta euren helburuak lortzen dituztela. Parte hartu gabe ere hainbat hobekuntza ekonomiko eta sozial lortuko dituztenek etorkizuneko mobilizazioetan partehartzaile izatea pentsatu beharko lukete. Ugazabak, Osakidetzak kasu honetan, ikasi beharko luke gatazkak usteltzen utzi eta “dekretazoak” ezartzea irtenbiderik okerrena dela eta errentagarritasun ekonomiko eta sozial gutxi dakarrela. Orain, garrantzitsuena alde guztiek arrazionaltasunez negoziatzea da eta ase arteko akordioa lortu arte mahaitik inortxo ere ez jaikitzea. Horretarako, guztiek eman beharko dute amore. Izan dadila Osakidetza sendatu eta erabiltzaileek etekinak lortzeko.