Euskaldunak Potosin jaun eta jabe izan ziren hiru gizalditan

  • Frantziskotarra, joan den mendearen erdi aldera Boliviara joan eta Arantzazuko ama birjinaren aztarna ateratzen hasi zena Potosin. Berrogei urte geroago, liburura jaso dizkigu tantaka-tantaka bildu dituen jakingarriak: Arantzazuko Andre Maria Potosi hirian. Merezimenduzko saria Joxe Migel Esnaolari.
Joxe Migel Esnaola
Joxe Migel Esnaola, Arantzazuko fraideaMaddi Soroa

1545. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae. Euskarazko lehenengo liburua. Urte berean, Potosin (Bolivia) bestelako lanetan dira: zilarra aurkitu zuten… Bertako indio batek aurkitu ere.


Hor dago ba kontua! Orain arte hori esan izan da, alegia, esploratzaile baten ondoan zihoan indioak aurkitu zuela zilarra. Baina horri beste irakurketa bat ere egin lekioke. “Aurkikuntza” baino lehen ere Potosin herritxoak zeuden. Haiek bazekiten han zilarra zegoela, baina ez zioten diru erabilera ematen. Zilarra, eta urrea, apaingarri ziren. Espainolek, aldiz, ase ezineko irrika zuten, beti galdezka: “Non da urrea? Non, zilarra?”. Indioek ez zekiten espainolek zertarako nahi zituzten. Orduko hartan, bi indio gertatu omen ziren Potosiko zerroan, eta haietako batek zilarra non zegoen esan omen zien espainolei.

Horiek 1545eko kontuak.


Bai, eta indioetako batek zilarra non zegoen espainolei esan, eta mesedeak jaso omen zituen. Beste indioak ere zer edo zer nahi, ordea, eta aurrekoa salatu. Iskanbila izan zena ez da dudarik.

“Potosi meatze-hiri tipikoa zen, aberatsa eta garestia oso, bizimodu mugitukoa, indarkeria eta kalapitaz betea; kronikariek diotenez, iskanbila eta nahaspilek hautsia, lehen urteetan oldartsua eta mutiria”: historialariaren hitzak dira, Joseba Intxaustik zure lanaren sarrerara ekarriak.


Ikaragarrizko iskanbila, seguru! Hogei urtean, ezer ere ez izatetik 100.000 biztanle izatera iritsi zen. Ezin irudikatu zer izan zen hura! Garai hartako Amerikako hiririk handiena eta inportanteena izan zen Potosi! Hango zilarra oso ezaguna egin zen Europan. Mexikon ere bazen zilarra, baina Potosiko laurdena ere ez! Espainiak urtean zuen aurrekontuaren erdia Potosik egiten zuen. Pentsatu zer zen hura!

Espainiarrak han, eta euskaldunak ere bai haien artean…


Jakina, ba. Garai hartan horrela zen, euskaldunak espainolekin batera zebiltzan.

Ez alferrik! Azkar eratu zuten elkartea euskaldunek, Arantzazuko Andre Mariaren Kofradia.


Arantzazu zaleak ziren, oso, hangoak. Tartean zen Lazarraga, oñatiarra, Verasategi anaiak ere hangoak… Oso elkarte berezia, indartsua. Euskaldun haiek oso jende ikasiak ziren, legelariak ziren batzuk, meatzaritzan adituak, berriz, beste batzuk. Hemen burdina ateratzen ikasita zeuden, Legazpi aldean eta, eta han zilar ateratzen trebatu ziren. Horrek Espainiako errege Karlos V.aren saria jasotzea ekarri zuen, izendapen bidez, esaterako, eta beti ageri dira euskaldunak Potosiko aginte organoetan.

Liburuan diozunez, eta dokumentu eta eskuizkribuen arabera betiere, kofradiakoek behin ere ez dute esaten espainiarrak direnik. Aitzitik, honakoak baliatzen dituzte: “nazion vasca”, “nazion vascongada”, “vizcaínos”, “señorío de Viscaia, Alaba, Reino de Navarra eta Santander”… Abertzaletasuna ez da Sabino Aranak asmatua…


Ez ba! “Foru” hitza agertzen da garai hartako idatzietan. Euskaldunek beren nortasuna zuten, kontziente ziren horretaz. Eta Espainiako agintariek ere errespetatu egiten zituzten. Bestalde, kofradia hark bereizketa handia egiten zuen euskaldunaren eta espainolaren artean. Nik garai hartako Potosiko Udalaren dokumentuak aztertzeko aukera izan dut. Hogei bat tomo bai, behintzat. Han garbi ageri da espainolek euskaldunei zieten inbidia. Euskaldunek kontuan hartu behar izaten zuten hori. Ez zituzten kargu guztiak beraientzat hartzen. Egia da, dena den, egoera larriren bat gertatzen zenean, euskaldunak zirela beti buru.

Euskaldunak Potosiko buru… 1622 arte. Bikuñatarren (gaztelarren eta andaluziarren jatorrikoak) eta euskaldunen arteko etsaigoa areagotu zenean, akabo.


Aurretik zetorren kontua. 1610 aldera agertu zituzten espainolek lehenengo ezinikusiak. Inbidia ez ezik, boterea hartzeko asmoa ibili zuten gogoan. Azpijoko handiak egin zituzten espainolek. Potosiko aginte karguez jabetzeko baldintzak aldatu, adibidez. Euskaldunen kontra hartutako neurriak ziren. Borroka aitzakiak bilatu zituzten. Orain gertatzen zaigun bezala, alegia. Hamar urtean asko itsustu zen hura. Gerra zikina izan zen, eta hildakoak ere ez gutxi, harik eta Espainiako Gobernuak hura etenarazi zuen arte. Gero, ordea, euskaldunak jabetu ziren berriz Potosiz. Horrela segitu zuen horrek 1826 arte. Euskaldunak jaun eta jabe izan ziren –maila batean, behintzat–, Potosin, hiru gizalditan.

Kofradiaren kontrako erasoak aztergai dituzu liburuko atal batean. Zenbait hilketa ere kontatzen dituzu. Joan Okendorena, adibidez. Arrasatekoa zen Okendo…


Bai. 1634an hil zuten, Kandelario egunez, goizean, Matakan. Bikuñatarrak zetozkiola jakinarazi ziotenean San Pedro elizan babestu zen. Hantxe gorde ziren Joan Okendoren ingurukoak ere. Bikuñatarrak etorri eta eliza atarian bertan hil zuten.

Eta Verasategitarrak?


Verasategi horiek bost senide ziren. Euskaldunen artean aipu handikoak, oso ezagunak. Domingo, adibidez, anaietan nagusiena, zen argiena. Agirietan irakurri dudanez, hark zer esan, huraxe egiten zen. Asko balio zuena izan, nonbait, eta botere handia zuena.

Geronimo nola hil zuten ikaratzekoa da.


Bikuñatarrek begiz jota zeukaten Geronimo. Garai hartan euskaldunek zuten bizi-ezinaren berri ematen du. Potosin zinegotzi izana, Siporon bizi izan zen gero, etxaldean. Lurrari eskainia zen. Laborantza zen haren egitekoa. Egun batez, bikuñatarrek harrapatu eta makilaka garbitu zuten, eliza barruan. Hogei lagunek parte hartu omen zuten hilketan... Izan nintzen Siporon. Etxaldea da, eta zilar-zerroa ere bai. Ikusita nago han zilar gaia ehotzeko makineria. Nola ekartzen zuten ura eta.

Kofradiaren asmo eta eginak aztertu dituzu liburuan. Euskaldunok Potosin izan dugun presentziaren isla ere bada zure lana. Bateko eliza, besteko komentua; kapera hemen, hilobiak han…


Gaur egun ez dira hilobiak besterik geratzen. Ez eliza, ez komentu, ez kapera…

Eta zenbait margolan...


Eta zenbait margolan.

Gaspar Berriok egindakoa, garrantzizkoena.


Inportantzia handia du, nire ustez. Gaspar Berrio han jaiotako euskalduna izan zen. Eta, seguru asko, Berrio margolariak berak bazekien euskaraz. Ama birjinaren margolanean ageri diren hitzek horixe eman digute aditzera: “Nere biotza”, “Nere laztana”, “Nere lorea”, eta “Arantzan zu”. Gainera, garai hartan, Potosin, euskaldunen artean euskaraz egiten zen. Hori ageri da eskuizkribuetan. Batzuetan, erdaldunek uler ez zezaten erabiltzen zuten euskara.

Askotan egin izan dugu hori euskaldunok…


Guk bakarrik ez! Txinatarrek ere halaxe egiten omen dute. Herri guztietan gertatu da hori. Uste dut.

Gaspar Berrio.


Garai hartako historialariak ematen digu Berrioren albiste. Historia de la Villa Imperial de Potosí idatzi zuen Arzans de Orsua y Belak. Hiru tomo handi. Arzans de Orsua, Berriok hogeita hamar urte zituela hil zen. Oso litekeena da historialariak eta margolariak elkar ezagutu izana. Arzansek asko hitz egiten du Berriori buruz. Hiru tomo horietan, behin eta berriz jotzen du Berrio aipatzera. Nolakoa zen, zeinekin ikasi zuen, San Frantziskoko komentua gora, Arantzazuko ama birjinaren irudia behera… Boliviaren historian bigarren margolaririk inportanteena da Berrio. Holguin lehenengo, Berrio ondoren.

Interesgarria iruditu zait liburuan kontatu duzun Potosi.


Niri halaxe iruditzen zait, oso interesgarria!

Noiz hasi zinen gaia ikertzen ez dakit…


Hara joan berritan, orain dela berrogeitaka urte. 1961ean. Hemendik bi fraide joan ginen Copacabanara: Guarrotxena –Artigoitikoa–, eta biok. Copacabanako frantziskotarren santutegian geundela, hara joan eta urte erdira, biltzar eukaristikoa omen zen Santa Kruzen, beste herri batean. Etxe guztietara bidali zuten gonbita, joateko eta joateko, eta gurera ere etorri zen deia. Ez dakit nork erabaki zuen, baina ni Santa Kruzera joan behar zenetan izan nintzen. Bost lagun joan ginen, bostak euskaldunak.

Hori da orduan! Izan ere, liburuan irakurri eta barrunda ezinik izan naiz. “Aspaldi batean Potositik pasadizoan nintzela, Arantzazuko Andre Mariaren irudia ikusteko okasioa izan nuen”. Pasadizoan!


Dena kontatzea ere luze izango zen. Gainera, Anastasiok, anaiak, esan zidan lana labur eta zehatz egiteko. Bestela, mila orritik gorako liburua egingo nuen. Anastasiok betiere ezetz: “Ez, egin ezak xinple-xinple, labur-labur”. Gauza handia egiteko adina material nuen, baina ez da komeni, ez jendearentzat, eta ez niretzat.

Anastasio Esnaola. Zure anaia zenaren aholkua, beraz. Hura idazlea izan!


Bai. “Han gaia bazegok!”, nik, eta berak, “Egin ezak labur!”. Horixe esan zidan.

“San Frantziskoko eliza eder bezain bikainaren balio historiko-artistikoak agertu zizkigun gidatzen gintuen bertako fraide batek eta azkenean korupeko zoko ilun batean zegoen Arantzazuko Andre Mariaren irudia ere bai. Hauts eta armiarma sarez estalia zegoen irudia…”.


Biltzar eukaristiko hura bukatu eta baten batek esan zuen: “Eta, zuzenean itzuli beharrean, zergatik ez bazterrak ikusiz itzuli? Sucre, Potosi…”. Eta “A, bai, konforme!”. Horrelaxe egin genuen. Potosira iritsi eta, frantziskotarren komentu ederra ikusi eta!, eliza ederra eta! Halako batean, zoko-zokoan, armiarma eta zikina eta, Guarrotxena hura: “Hau arantza enborra da! Arantzazuko ama birjina dugu!”. Txundituta geratu nintzen, zirrara sentitu nuen, nik ez bainekien historia horretaz ezer ere. Orduantxe hasi zitzaidan nire buruan gogo hori, datuak biltzekoa eta. Harrezkero, Copacabanan nengoela, bi edo hiru aldiz Potosira joan nintzen oporretan, ez gustuz, han inguru hotza da eta, oso hotza, gero! 4.000 metrotik gora da hura…

1961ean izandako zirrara hari tiraka argitaratu duzu liburua gabon aurretik. Berrogeita hamar urte joan dira bien artean.


Bai, bai, baina ez naiz propio horretan jardun nire denbora guztian. Pertsona guztiek dute halako ideia bat, gutxi-asko lantzen dutena, eta niri hauxe egokitu zait. Gainera, nire kasuan, 2005ean Arantzazuko bosgarren mendeurrena ospatzea izan zen tartean. Horrek argia eman zidan, berriz ere gaiari heldu eta Arantzazuri buruz nekiena, Potosiko Arantzazu, paperean jartzeko. Gainerakoan, esan dizut, Anastasio. Hari esan eta, “egin ezak! Badakik, hemen goian daudenek agintzen ditek. Gureak ez dik askorik balioko, baina egiten baduk, horrek balio dik!”. Idatzitakoa hari irakurtzen utzi, hark zuzenketaren bat edo beste egin… Horrela etorri zen liburua. Jende askok lagundu dit nire lana egiten eta eskertuta nago.

Zure lana irakurri eta Potosira joateko gogoa ematen du…


Joan hadi! Han bilatuko dituk dokumentuak, liburuan jarri ditudanak eta beste batzuk ere bai.

Euskaldunek Potosin ibilitako bideak berritzearren ari nintzen…


Horrek ez dizu poz handirik emango. Oso atzeratuta dago hura. Gu euskaldunok 1700. urtean egon gintezkeen mailan dagoela Potosi, esango nuke, oso-oso atzera. Liburuan jarri ditudan etxeak bai, dotoreak, baina gainerakoan… Hango kaleak eta…
Nortasun agiria
Joxe Migel Esnaola Garmendia (Azpeitia, Gipuzkoa, 1934). Oñatz auzoko Artxabaletazarra baserrian jaio zen, zazpi senideko familian. Laugarrena izan zen. Fraide joan zen gazterik, beraren anaia Anastasioren urratsei jarraiki. Frantziskotar askoren ohiko bidea egin zuen: Arantzazu, Foru, Zarautz, Erriberri, Arantzazu. Garai hartakoak ditu lehen idazlanak, frantziskotarren aldizkarietan argitaratuak. 1960an apaiztu eta Amerikan zen handik urtebetera. Hamabi urte egin zituen Copacabanan (Bolivia), Potosira joateko baliatu zuen garaia, hain justu. Ondoren, hiru urte igaro zituen Santo Domingon (Dominikar Errepublika). Hantxe lizentziatu zen Filosofia eta Letretan. Handik, atzera buelta etxera: irakasle izan zen Zarautzen, frantziskotarren etxean, eta Herri Ametsa ikastolan, Donostia eta Pasaia artean. Hamabost urte egin zituen ikastolan, euskara irakasle, 1991n odol isuria izan zuen arte. Tolosan da harrezkero. Ezina ekinez egina, Potosiko historiaren atal iluna jarri digu agerian Potosiko Arantzazuko Andre Maria Potosi hirian idatzirik.
Kitxuaz, aimaraz
"Berriztatzaile lanetan jarduten du Potosin Luis Osvaldo Cruz Llanosek. Asko lagundu dit. Liburuaren atarian gaztelaniaz eta kitxuaz idatzi du. Potosin, hala ere, kitxua eta aimara ere hitz egiten dute bertakoek eta, nik, Agur Maria jartzea erabaki nuen liburuan, aimaraz. Hango katezismo batetik hartu nuen. Osvaldok testu bat kitxuaz, nik Agur Maria aimaraz. Paulo Agirrebaltzategi editoreari erakutsi eta: ‘Oso ondo, oso ondo. Honek hire liburuak adina edo gehiago balio dik’. Hori esan zidan!. Erantzun nion: ‘Hi, aizak, gehitxo esatea ez al da hori?’".
Potosiren amaiera
"Potosiko zilarrak ez du erabat hondoa jo. Ez dakit zein proportziotan, baina oraindik ere ateratzen dute zilarra han. Indioak ari dira lanean, garai batean bezala. Sekulakoak egin dizkiete indioei. Nik oso informe txikiak ematen ditut nire lanean, baina indioen txikizioa beldurgarria izan da, bai Bolivian eta bai Peru Garaian, azukrea ateratzen zen inguruan. Indioek dena galdu zuten: lurra, beren nortasuna, familia… Meategietan lanean ari zirenean ere nahikoa zen aitzakia txiki bat haiek lanetik kanporatzeko. Indioak bizi dira, baina ez dakit nola".
Artxibo lana
"Ikaragarrizko lana egin nuen dokumentuak aztertzen Potosiko artxiboan. Hotza pasa ere bai. Hamaika eskuizkribu aztertu nituen, galdutakoak gehiago dira baina. Dena dela, artxiboko lana oso neketsua da, zaila, eta pozik ematen ez duena. Neure interesa besterik ez zen. Inork ez zuen egina lan hau orain arte. ‘Hor badago lan bat egin beharrekoa!’, esaten zuten, baina inork ez zuen egiten! Neu izan naiz lehena. Oso lan txikia egin dut, Boliviako historiarentzat askorik balio ez duena, baina guretzat, euskaldunontzat, balio duela iruditzen zait".
Isuria
"Odol isuria izan nuen burmuinean orain dela hamazazpi urte. Erabat jota egon nintzen, erabat! Ez nuen uste bizirik irtengo nintzenik ere. Baina poliki-poliki… Anaiak asko lagundu zidan, Anastasiok, animoak emanez eta. Geratu nintzen moduan geratuta, ibiltzea komeni zitzaidan, eta asko ibili naiz mendian. Gorputza askatzeko, batez ere. Medikuak ere esan zidan: ‘Ez gehiegi nekatu, nekea txarra da zuk izan duzun gaitzarentzat!’. Eskola ematen ari nintzela gertatu zitzaidan, Herri Ametsa ikastolan. Gogoan dut Joxe Mari Iturralderen gazte-liburu baten izenburua idazten ari nintzela arbelean, eta ondoeza sentitu nuen, eta eseri nintzen… Ezinean, ikasleei esan nien: ‘Lagundu zaidazue’. Eta berehala etorri zitzaizkidan hiru-lau. Abisu ere eman zuten eta ospitalera. Nire borondatearen indarrez irten al nintzen aurrera galdetzen duzu? Eeezzz. Suertez!".

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude