argia.eus
INPRIMATU
Eliza katolikoa eta familia
  • Joan zen urtarrilaren 20an, Madrilgo artzapezpikuak deituta, “familia kristauaren aldeko ekitaldi” jendetsua egin zen Madrilen. Dena den, han esandakoek baino gehiago harritu ninduen aldizkari honetan bertan (2.120 zka.) Xipri Arbelbidek idatzitako “Rouco Varela eta familia” artikuluak.
Iñaki Mendiguren 2008ko otsailaren 11
Iñaki Mendiguren
Iñaki MendigurenDani Blanco
Xipri beldur da oraingo familia modernoak ez ote duen euskal populua desagertzea ekarriko; eta guk haurrak egin nahi ez ditugulako, indioek eta beltzek urtero 7.000 egin behar omen dituzte guretzat, musu-truk eta esker txarrez, gure garapena segurtatzeko eta gure sexu-janiza asetzeko. Beraz, Euskal Herria desagertzea, immigrazioa, prostituzioa eta gainerako zoritxarrak familia modernoaren erruak omen, eta horren konponbide bakarra, familia tradizionala. Kontxo!
Lehenik, lasai, Xipri, Euskal Herria ez da-eta jende faltaz desagertuko; beste kontu bat da zenbateraino iraungo duen bere euskaltasunean, baina arazo hori aspalditxotik daukagu, bai berton jaioekin eta bai etorkinekin. Zer ikusi gutxi du familia mota batekin edo bestearekin.

Bigarren, noiz gertatzen da emigrazioa? Goseak, bortizkeriak, etorkizun ilunak jendea, bizimodu hobearen bila, bere herrialdetik irtetera bultzatzen dutenean. Herrialde behartsu horien egoeran dagokigun erantzukizuna ukaezina da, baina hori ere ez da oraingoa, eta ba al du zerikusirik familia modernoarekin? Bide batez, noiz deituko ote du kalera Eliza katolikoaren hierarkiak munduko bidegabekeria eta bere ondorio tamalgarriak (adib., Europan sartu nahian milaka itsas zolara joaten direla) salatzeko?
Euskal familia tradizional ugari haietan ere, Xipri, euskal seme asko kanpora joaten zen ogi bila: Gaztela aldera, Ameriketara, Parisera… Eta xehetasun txiki bat: beste seme-alaba askok Elizara jotzen zuten, goseak bokazioa susperturik, nonbait: gure aita zenaren aldetik hamaika senide ziren, haietarik bost Elizarako; gu geu lau izan ginen, eta bi –%50– seminario-bazka. Ez du, bada, Erromatar Elizak iraganeko garaien halako nostalgiaren bat izango, ezta?

Eta prostituzioa? Kasu gehienetan, hori ere miseriak berekin dakarren kontu tristea. Baina familia modernoaren asmakuntza ote da munduko “lanbiderik zaharrena”? Lehen ere gure artean ez al zen prostituziorik? Inoiz ez al dira frantsesez –baina euskal doinuaz– mintzatu putak Parisko kaleetan? Orain ere herrialde behartsuetako aberatsek ez ote dute bertan sexu-esklaborik?
Rouco eta bere gisakoei entzunda, badirudi kristau-familia etorri ahala haur hartzen dituena dela, gero ama zintzo demonio horiek zaintzen etxean geratzeko; aborturik gabe, noski; dibortziorik gabe, jakina; eta homosexualen ezkontzarik? Vade retro, satana! Baina niri hori baino kristauagoa, ebanjelioaren eta giza eskubideen araberakoagoa, iruditzen zait jaiotzen kontrol arduratsua egitea; eta emakumeak –bere zirkunstantziak, askotan larriak, kontuan izanda– haurdunaldia eteteko irtenbidea izatea; eta bikote-bizitzak porrot egiten badu, berriro saiatzeko aukera izatea, infernurik betikotu gabe; eta zeure sexuko jendeak erakartzen bazaitu, zeu bezalako norbaitekin gustura bizitzeko modua izatea, elkar maitatu eta laguntzeko. Eta ez diot eskatzen Eliza katolikoari bere ikuspegia aldatzea; bakar-bakarrik bere morala, Estatuaren indarraz baliatuz, gizarte osoari ez inposatzea, Espainian gutxienez luzaroan egin bezala.

Gainera, Erromatar Elizak badu bere baitan, familiari buruz betiere, zertaz kezkatu. Irakurri bestela Eugen Drewermann-en Clérigos. Psicograma de un ideal (Trotta, 1995); frantsesez Fonctionnaires de Dieu (Albin Michel, 1993). Liburua idatzi ondoren teologo psikoanalista honek apaizgoa utzi eta azkenean bere elizatik irten behar izatea txikikeria bat besterik ez da.