Baxoerdi artean kontu kontari

  • Txikitero izatea ez da baso erdiak hartze hutsa. Lagunartean aritzea, elkarbizitza, finean, bizitzeko era da. Helduenek baino ez dute jarraitzen txikiteoan. Horregatik desagertzeko zorian dagoen espeziea da. Medikuen esanei jaramon egiteak ere eragina izan du. Donostiako Alde Zaharrean pasatako egun oso baten kronika duzu hau.
Txikiteroak
TxikiteroakNere Armendariz
Txikitero koadrilak karriketan tabernaz taberna. Baso erdia eskatu, laurdena utzi eta beste batera. Bost bat minutu taberna bakoitzean, gehiago ez. Tabernari batek diosku garai batean eguerdian bakarrik 12-14 baxoerdi hartzeko kapaz zirela. Arratsaldean, lanetik bueltan beste horrenbeste. Sarri askotan, Kafe torero izenekoarekin. Hots, afaldu gabe kafea, kopa eta purua hartzea. Baina hori guztia iraganeko argazkia da, egun sugar haren errautsak besterik ez baitira geratzen.

Eguerdiko hamabiak. Paco Bueno taberna. Donostiako txikiteroen santutegia. Garai batean esku pilotako final handietan Angelusa errezatzeko geldialdia nola, halakoa da Bueno taberna, txikiteoan hasi aurreko derrigorrezko geldiunea. Tomas Hernández Mendizabal 12:00etan puntuan han dago beste bi lagunekin. 14 urterekin hasi zen baxoerdiak edaten: “Beti hartzen dugu ardo bera: Vega Urumea. Eguerditan eta arratsaldetan ibiltzen naiz”. Bi lagunekin dago, baina garai batean 12-14 laguneko koadrilan ibiltzen zela esan digu. “Kazetari batzuek txikiteroaren irudia desitxuratu dute. Mozkor lagun talde baten pare jartzen gaituzte eta hori ez da egia. Gure artekoa elkarbizitza da. Ardoaren inguruan bildu, taberna batetik bestera kontu kontari, baina ez zurrutean aritzeko nahiarekin soilik”. Mendizabal eta bere lagunak beste taberna batera abiatzearekin bat, sei laguneko taldea sartu da. Haiengana hurbildu, baina antzarrak ferratzera bidali gaituzte. Ez da beti erraza txikiteroen konfiantzazko eremua zeharkatzea.

“Mundua aldatu nahian gabiltza”

Fermin Kalbetonen, txikiteroen kale nagusian, beste koadrila bat topatu dugu. Bost lagun dira mahai baten inguruan. Aurreko esperientzia aintzat hartuz, haiengana hurreratu eta beraiekin solastu nahi genuela esan diegu. Arazorik ez. “Mundua konpondu nahian ari gaituk!” adierazi digu batek. Bere lagunek ezin diote barreari eutsi. Futbola, politika, baina batez ere udal kontuak dituzte hizpide. Udalak hartu dituen erabakien inguruan aritu dira. Batzuk alde, beste batzuk kontra. “Niri ez didate hitz egiten uzten beti kritikatzen nabilelako”; “ni, berriz, gehienetan alde nago” erantzun du bere parean dagoenak. “Mahai honetako txanponaren bi aldeak gara, kar, kar, kar”. Lagun talde hau astean behin biltzen da Jose Mari tabernan. Zerbitzariari txikiteroei buruz galdetu eta gizonezko bat seinalatu digu. Lagun taldearen alboko mahaian dago eta egunero aritzen omen da txikiteoan. Harengana jo, baina buruarekin ezetz dio eta zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta indartsuago mugitzen du burua ezker-eskuin. Gero ere elkarrekin egin dugu topo, baina ezikusiarena egin eta nola edo hala saihestu gaitu. Egun osoa kolpe zorririk jo gabe zurrutean dabiltzan moxkorrak direlako irudi okerra zabaldu dutela hedabideek adierazi du lehenengo elkarrizketatuak eta horregatik egin digu iskin.

Handik atera eta kanpoan beste bost lagun topatu ditugu txakolina eskuan. Gerturatu, bi hitz egin eta beste taberna batera joan gara eurekin.Txakolina hartzera gonbidatu gaituzte oliba batzuekin. Horietako bat 18 urte zituenetik dabil txikiteoan. Orain 72 dauzka. Beste bat berandu hasi zen, 40 urterekin edo. “Orain ez dabil inor, gutxi batzuk baino ez gara geratzen”. Gero eta gutxiago eta gero eta txikiagoak dira lagun taldeak. 10-12 biltzen ziren. Orain erdia dira eta lagun taldeen kopurua oso urria. “Alde Zaharra hustu eta Polloe (Donostiako hilerria) bete, kar, kar, kar”. Egunero elkartzen dira toki eta ordu berean. Ordu-batak hamar gutxitan Bretxan eta hor ekiten diote eguneroko ibilbideari. Josemari, Sport, Elur... Guztira sei taberna, alegia sei trago, txakolina edo ardoa, eta ordu-biak laurden gutxi aldera etxera bazkaltzera. Eta arratsaldean berriro? “Arratsaldean bazkalondoko lo kuluxka luzea, baina txikiteoan ez gabiltza, ez”. Ordu-biak gain-gainean, erretiroa hartu dute txikitero direnek eta ez direnek kaleak inor gabe utziz.

Arratsaldeko lehen orduak, desertua

Arratsaldeko lehen orduak ez dira existitzen. Kaleak eta tabernak mortu daude. Ikatz kaleko Belfast tabernan bi kafe eskatu eta jabearekin berbetan hasi gara. “Astegunetako giroa oso kaskarra da, oso jende gutxi ibiltzen da. Asteburutan gehiago, batez ere eguerditan. Bikoteak elkarrekin ateratzen dira seme-alaba eta guzti, baina helduak betikoak, betiko lau koadrilak. Egia da jendeak ardoa edaten duela, ardo ona gainera, baina ez dira txikiteroak. Txikiteroak beti berdina hartzen du, eurak agertzearekin batera badakigu zer nahi duten, eskatu beharrik gabe. Baso erdiari zurrutada bat eta horren erdia utzi. Ez da edateagatik, koadrilan aritzeagatik baizik”. Orain mende laurden hasi ziren Belfasten lanean eta sasoi hartan egundoko txikiteo giroa zegoela adierazi digu, eguerditan naiz arratsaldetan. Orain jubilatuek baino ez omen dute jarraitzen. Beherakadaren arrazoiez galdetuta, bizpahiru adierazi ditu zerbitzariak: “Adineko jendeari medikuak galarazi egiten dio zurruta eta orain kasu egiten diete. Gainera, garesti ari da jartzen, baina ez da soilik prezioa. Gazteei ez zaie gustatzen txikiteoan aritzea. Asteburutan tragoxka batzuk hartzen dituzte, baina gehienak garagardoarekin. Oso ezberdina da”.

Iluntzea

Gaua sartzearekin bat, iluntasunetik urruntze aldera jendea tabernetan pilatzen ari da. Txikiteroak siestatik jaiki eta kale bueltan dira berriz ere. Goizeko berak dira. Tabernetan jendea egon badago, kostata, baina bete dira pixkanaka. Ez txikiteroz, ordea. Ardoa edaten dute hauek ere, baina ez dira ardoaren aitzakian lagunartean aritzen.

Tabernetan gizonezkoen presentzia erabatekoa da. Hala ere ingurumari horretan emakumerik ere ikusten da, gehienak senarrarekin trago bat hartzera joandakoak. Bi emakume heldu ikusi ditugu eserita ardo bat hartzen Paco Buenon, “baina, ez gara txikiteoan ari”, argi utzi nahi izan dute. Haietako baten senarra txikitero peto-petoa zen. “Telebistak eragin handia izan du. Orain urte batzuk gutxiago ikusten zen eta kalean bizi zinen. Egun alderantziz da”.

Telebista, ardoaren prezioa, ondorengo belaunaldiek tradizioari atxikimendurik ez... txikiteoaren goren uneak kadukatzearen arrazoiak dira. Ilargiak hildakoen arimei egiten omen die argi. Txikiteroak ilbeheraren argipean bizirauten du.
Txikiteroen Festa Bilbon
Nekez irudika daitezke Bilboko Zazpikaleak txikitero koadrilarik gabe. Baxoerdiaren tradizioa erraietaraino dago hedatuta Bizkaiko hiriburuan eta horren erakusgarri da 1964tik aurrera urtero-urtero antolatzen den Txikiteroen Festa. Urriaren 11n ospatzen da, egun seinalatua oso, Begoñako Amaren eguna baita, Bizkaiko zaindariarena.

Orain 44 urte, Done Epi izeneko apaizak hildako txikiteroen ohoretan antolatu zuen estreinakoz, baina orduz geroztik tradizioa bizirik mantendu duten gizon eta emakume ororen omenez egiten da. Urteen poderioz festa finkatzen joan da bilbotarren egutegian eta esparru mediatikoa ere bereganatu du egunkari, irrati eta telebistetan agertzen delako. 1997an, festa sustatzen zuten talde ezberdinek lan batzordea osatu zuten izaera iraunkorra emate aldera. Jai horren ezaugarri nagusia bat-batekotasuna da, apenas dagoelako ezer aldez aurretik antolatuta. Amabirjinari lore eskaintza egitea eta txikiteroen Salbe izeneko kanta herrikoia abestea baino ez.

1950 eta 60ko hamarkadetan Bilboko Zazpikaleko taberna guztietan Txikiteroen Kutxa izeneko itsulapikoa zegoen. Errondetako soberako dirua sartzen zuten hiriko umezurtzentzat bideratua. Egun itsulapiko bakarra dago Pelota kalearen izkina batean. Toki adierazgarria da, Alde Zaharrean bertatik baino ezin daiteke ikusi eta Begoñako basilika.

Ulibarri euskaltegiak ekarpenak egin zituen Txikiteroen festa finkatu eta euskalduntzeko. 1985etik 1987ra, Kepa Junkerak zuzendutako Basurtoko Eskolako trikitilariak, Jon Enbeita bertsolaria edota fanfarriak izaten ziren errondetan, besteak beste.

Lan batzordea eratu zenetik, ohorezko txikitero bi izendatzen dituzte urtero. Baxoerdiaren tradizioa kontserbatzen lagundu duten lagun eta erakundeak saritzen dira txikito edalontzi mitikoarekin. Sarituen artean, Athletic-eko Superligako futbol taldea, Josu Ortuondo Bilboko alkate ohia edota Iñaki García-Ergüin margolaria aurki daitezke.

Bilbotarren nortasunaren ikurretako bat da Txikiteroen Festa, baina ez luke izaterik Zazpikaleetako Athletic-eko Peñaren jardunik gabe. Peña horretako lehendakariorde Jose Mari Granderen hitzetan, txikiteoak behera egin du nabarmen: “Betiko jubilatu koadrilak aritzen dira, baina belaunaldi berriek beste bizimodu bat dute eta ez dira baxoerdiak hartzera ateratzen. Gure garaian, 14 txikito hartzen genituen, baina egun 3-4rekin nahikoa da. Gainera, garesti dago”. Festa egunerako 4.000 pintxo inguru prestatzen dituzte eta parte hartzen duen orok jan ditzake bere baxoerdiarekin; gehienetan urteko ardoa izaten da. “Gustura asko egiten dugu, baina lan handia da, eta garestia”. Datorren ekitaldirako diru-laguntza eskatuko diote hiriburuko Udalari.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude