30 urteko bilakaera euskal liburugintzan

  • Joan Mari Torrealdai ::30 urte liburugintzan

    Jakin

    orrialdeak ::182

    prezioa ::12€

Hutsune bat betetzearren ekin zion Joan Mari Torrealdaik euskal liburugintza aztertzeari. Euskal idazleak, gaur (1977) lana prestatzen hasi zenean jabetu zen zein informazio gutxi eta eskasa genuen euskal produkzio idatziaren gainean, azterketa soziologikoa egin ahal izateko ezdeusa. Geroztik, urtez urte plazaratu ditu Jakin aldizkarian gaiari lotutako ikerketak, nahiz eta aitortzen duen bibliografia ariketetan luze eta sakon jarduteko aldizkarian baino aukera gehiago izan duela bestela, enkarguzko lanetan edota bere gain hartu dituenetan. Garrantzizkoenak Euskal idazleak, gaur eta 1997an kaleratu zuen Euskal kultura gaur izan dira. 30 urte liburugintzan lanean, epe horretako emaitzak idatziz eta grafikoetan azaltzeaz gainera, informazio berria eskaini du, euskal liburuaren sektoreak eman diona, irakurleak jakin dezan zenbatekoak diren eta izan diren tiradak, zein den 30 urteotako ale kopurua bai orokorrean eta bai generoka, eta zein den ekoizpenaren fakturazioa. Kultur industriak hazkunde esanguratsua izan duela azaldu du: XXI. mendeko lehen bost urteetako produkzioaren balioa 214.000.000 eurokoa da; zerikusi gutxi frankismoa bukatu ondorengo 46.000.000 euroekin.
Joan Mari Torrealdai
«Irakurri egiten da gutxi euskal liburua, ez gehiegi publikatu»

30 urte daramatzazu liburugintza aztertzen.


Egi-egia da ustekabean hasi nintzela. Bizitzako hautapen asko horrelakoxeak omen dira. Nire azterketa soziologikorako oinarrizko informazioa behar nuelako hasi nintzen. Eta hasiz gero segitu egin behar, beste inork heltzen ez ziolako.

Zertan mamitzen da lan hori?


iru lan diferente egin behar dira urtero. Liburuak fitxatzea da aurreneko lana, nekezena; hasi nintzen hartan 100 pasatxo ziren fitxatu nituenak, eta gaur egun 2.000 pasa dira; bada alderik. Gaien arabera sailkatzea dator gero; eta hirugarrenik, komentarioa. Orain plazaratu dudan liburuan elkarren ondoan jarri ditut 30 urtetan Jakin-en idatzi ditudan gogoeten, kezken, zalantzen, haserreen, txaloen eta iruzkinen laburpentxoa. Hautapen lana ez da samurra izan, baina bai beharrezkoa; agian aukeratu ditudan baino pasarte interesgarriagoak kanpoan utzi ditut, baina...

Euskal merkatua saturatuta al dago?


Badira bi esaldi, egia izanik ere, errealitatea ezkutatzen dutenak. "Irakurtzen denarekin alderatuta gehiegi publikatzen da euskaraz" da bat; "publikatzen den guztia ezin da irakurri", bestea. Irtenbidea ez da iradokitzen dutena; alegia, gutxiago argitaratu behar dela. Kontrara baizik. Produkzioa ikusi besterik ez dago, euskaraz bizi nahi duen gizarte edo herri baten ikuspegitik gutxi(egi) publikatzen dela ondorioztatzeko. Gure liburugintzaren soluzioa ez dator eskaintza murriztetik, eskaria handitzetik baizik. Irakurri egiten da gutxi, ez gehiegi publikatu. Irakurketa da bultzatu dena, eskaria.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude