Zein da liburu hau egiteko zio nagusia?
Euskal eleberri modernoan ugaztuna izan da nagusi hasieratik beretik, zehazki ziminoa. Txillardegiren obra ziminologia sakona da, besteak beste; polisemia handiko eleberriak dira bereak, baina orobat, Joan Mari Irigoienek dioenez,
polisimio handikoak.
Azaldu al dezakezu hori pixka bat gehixeago?
Txillardegik usu nabaritu du, batetik, gizakion funtsezko aberetasuna; eta bestetik, ziminoen gaitasuna gormutuen zeinu hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko, Ameslan-ez mintzatzeko, ehunka hitz erabiliz, hitz berriak sortuz, txinpantze elebidunak ahozko ingelesa entzun eta Ameslan-era itzuliz. Alegia, gizakion eta ziminoen artean ez dago funtsezko alderik. Txillardegirentzat gizakia funtsean zimino hutsa da.
Hori dela-eta, euskal gizakiok iraun dezagun, proposamen berezi samarra egin duzu zuk Txillardegi eta ziminoa liburuan...
Bai. Zeregin garrantzitsua dugu aurrerantzean euskaltzaleok: milaka zimino erosi, Ameslan-en pareko “Euzehizk” (Euskarazko zeinu hizkuntza) bat sortu (konplikatuagoa izan zen euskara batua), ziminoei irakatsi eta ondoren zimino euskaldunok ere estatistiketan zenbatuak izan daitezen erdietsi, hedabide erdaldunek haiek arroztu baino lehen. Gainera, auskalo, baliteke ziminoek gizakiok bezain traidoreak ez izatea hedabide arrotzetara lerratzeko orduan. Txillardegiri eskertu behar diogu aukera itxaropentsu honi ere bide teorikoa zabaldu izana. Ziminoei euskaraz irakastea ez zaigu oso zaila egingo, baditugu aurrekariak eta zubiak.