Rosa Maria Martin Sabaris EHUko irakaslea eta Ikus-entzunezkoetan adituaIñigo Azkona
Ez eta handituta ere hurrengo bi urteetan. Unibertsitateko kontuak horiek ere. Gizabanako bakoitzak egiten duen lanaren kontrola arazo handia izan da luzaroan unibertsitatean. Lanuzte haren ostean onartu zen “osagarri gehigarrien” sistemak kontrol-gabezia hori arindu nahi izan zuen, A, B eta C osagarrien bidez; lehena, bertan lanean emandako urte kopuruaren arabera; bigarrena, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzeko; hirugarrena, bikaintasuna ospatzeko. Urtetako irakaskuntza, ikerkuntza eta kudeaketaren ziurtagiriak biltzeari ekin behar izan genion orduan. Eta une hartantxe hasi ginen susmatzen egindako batzuk meritua izango zirela, eta beste batzuk ostera lana baino ez.
Izan ere, UNIQUAL “Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak” izendatutako jakintsuek lanak izan dituzte gu guztion lana neurtzeko orduan, kalitatea kantitate bihurtu behar izan baitute puntuazioa esleitzeko orduan. Hiru milatik gora irakaslek aurkeztutako dokumentazio mardula aztertu eta bakoitzak merezi izan duen puntu kopurua zehaztu dute. Eta horren arabera soldata.
Oraindik ere ez dugu sosik ikusi (udaberrirako akaso), baina hasi dira antzematen bestelako ondorio bi. Lehena, nor bere buruarekiko solasaldian: atzera begiratuta, ez da oso lanputsa izan behar konturatzeko egindako hainbat lan hutsaren hurrengoa direla baremo horietan, lanputza. Hemendik aurrera baremoari begirik kendu gabe egingo ditugu beharrak. Puntuaziorik altuena lortu dutenei, gainera, %5eko, %10eko edo %15eko gehigarria gehitu zaie, “bikaintasuna bultzatzeko helburuarekin” (sic), dauden kuartilaren arabera. “Daukanak ez daukanari, imilaun arto eta gari” zen aintzinako gizalegea; orain, aldiz, D’Hont legea.
Eta bigarrena, lagun hurkoarekin berbetan: egun hauetan nor bere puntuazioa kontatzen ari dela, ezinbesteko bilakatu da alderaketa. Lankide batek botatakoa: “nork duen luzeagoa, hari (lan) saria!”, baina gaztelaniaz erabili duen izenordainak ondo erakutsi du zerekikoa izan den metafora. Eta aldameneko gizonezkoen barre-algarak entzun behar izan ditut.
Osagarri gehigarrien sistemak kalitatea hobetzeko putzak eman nahi izan ditu, eta haizeputz batzuek ondo baino hobeto hartu dituzte putzak.