Erditze bitartean pelbisean izandako traumatismoak dira arrisku faktorerik garrantzitsuenak. Baina erditzea da nagusi: umea izan eta bost urteren buruan ia hiru emakumetik batek gernu-ihesa izaten du. Norberaren gorpuzkerak ere eragin handia dauka. Gaitzari aurre hartzeko metodo eraginkorra da pelbiseko muskuluak lantzen ikasi eta maskuriaren berreziketarako metodoak ezagutzea. Zenbait kasutan, gerta daiteke botika espezifikoak gehitu behar izatea, baina zoru pelbikoa lantzea da tratamendurik onena.
Diagnostikoa beti urologoak egin behar du. Behin gaitza behar bezala diagnostikatuta, tratamendu kirurgikoa ere erabil daiteke, baina hori da metodorik gogorrena. Uretraren azpian sare moduko bat kokatzen da, eta kasuen %80 baino gehiagotan emaitza onak lortzen dira. Teknika kirurgiko berri hori ez da hain inbaditzailea, eta sarritan ospitaleratu gabe egin daiteke. Horri esker eguneroko bizimodua bizkorrago berreskuratzen du gaixoak.
Gernu-ihesak ondorio psikosozial nabarmenak ditu emakumeengan: autoestima galera, lan eta sexu jardueretan arazoak, besteekiko harremanak garatzeko oztopoak... Laguntza psikologikoa hartzea eska dezakete gaitzak jota dauden emakumeek, batez ere ondoko sintoma hauek agertzen direnean: lotsa, segurtasunik eza, inhibizio afektiboa, antsietatea, depresioa eta tristura, sexualitatearen inhibizioa eta gizarte-isolamendua.