argia.eus
INPRIMATU
Matxet - Naiz Roxa
«Taldekide batek ehuneko ehuna emango taldea birplanteatuko genuke»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Taldearen argazkia

Bataplan scape plan. Hor hasi zen, Matxet, aspaldi amestutako ihesaldi plana?

1997ko Kilometroak-en Latzen, Urtz eta Exkixurekin jo genuenean hasi zen. Talde horiek errespetatzen ditut, baina kontzertu hark eragina izan zuen nigan. Horrek eta txikitan entzuten nituen aitaren diskoek (Phil Collins, George Michael…), argitu zidaten hori ez nuela egin nahi.

Entseguetan oso gogor zabiltzate, eta zuzenean izugarri bizi duzue taldea. Zer da une honetan zuentzat Naiz Roxa?

Gure bizitzaren zati handi bat. Hasi ginenetik feeling-a dugu; argi daukagu zer den Naiz Roxa. Taldekide batek ehuneko ehuna emango ez balu, taldea birplanteatuko genuke.

Hain harro zaudete sanjuandarrak izateagatik? Izenak badu zerikusirik “soinu arrosa”-ren bilaketarekin?

Gure herri txikia asko maite dugu: estropadak, arrosa kolorea… Hasieratik argi genuen izenak herriarekin lotuta joan behar zuela. Eta hitz jokoa egin nahi genuen: soinu arrosa, zarata, noise, naiz… Hasieran jendeak uste izan du poperoak garela.

“Aitaren eta semearen eta espiritu santuaren izenak alderantziz” daude Naiz Roxaren bidean? Kristautasuna askotan ageri da hitzetan…

Benetan hori sinisten duen jendea errespetatzen dugu, baina bada jende asko beste batzuk zapaltzen dabilena eta gero igandero mezetara joaten dena arimak salbatzera.

Zer esanahi dauka diskoko hitzak euskara etchepariarrean idatzi izanak? Hala jarraituko duzue?

Ez dakigu taldearen bereizgarri bihurtuko dugun. Diskoa egiterakoan Etxepareren Iqharaturic idatziari arreta eman genion, oso indartsua delako. Orduan pentsatu genuen hitz guztiak euskara zaharrean idaztea. Entzuleek esan dezakete gure musikarekin gertatzen den moduan, hitzak ere ez direla berehala ulertzen. Gainera, sustraiak eta gaur egungo musika lotzen saiatzen gara. Hor dago Laboaren kolaborazioa, atzokoa eta gaurkoa batzen.