argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Ilegalizazioen aurretik jarduera etena
  • EAE-ANV eta EHAK Espainiako hauteskunde orokorretatik at jarriko dituzte seguruenik aste honetan bertan, Baltasar Garzon epaileak hala erabakita. Datorren astelehenerako, hilak 11, hautes zerrendak aurkezteko epea itxiko da eta ordurako dena lotuta utzi behar da. Auzitegi Gorenean fiskaltzak aurkeztutako ilegalizazio prozesuak bide luzeagoa eramango du. Dena aurreikusi bezala doa eta honek berriz ere tentsioa dantzan jarriko du.
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko otsailaren 05a
EAE-ANV
EAE-ANVren ekitaldi politikoa.L.J./Argazki Press
Ezaguna ez dena da tentsio giro horrek ekarriko duen panorama politikoa, baina pentsa liteke Batasunaren ilegalizazio prozesuan ezagutu izan den girotik oso desberdina ere ez dela izango, azken finean eremu politiko bakoitzak duen indarra du.

Edozein modutan, bada tentsioa biziki goratu dezakeen eragilea eta hori ETAren jarduera izan daiteke. Azken hiruzpalau hauteskunde prozesutan, ETAk ez du hildakorik eragin eta elkarrizketa prozesu bat ere indarrean izan da. Oraingoan, negoziazio saio baten porrotaren ondorengo lehen hauteskundeak dira, Espainiakoak –beraz ezker abertzalearentzat ez horren garrantzitsuak– eta bi alderdiren jarduera zibikoa debekatuta. Koktel zinez arriskutsua.

Ilegalizazio prozesuek bereziki ezker abertzalea kaltetzen badute ere, Espainiako sinesgarritasun demokratikoa ere guztiz kolokan jartzen dute. Baina bereziki, euskal gizartea bera zangotrabatu eta kateatzen da, Alderdien Legearen aurka daudenen arteko elkar lan dinamika oztopatu eta tentsio handiak eraginez.

ENAMeko indarrek, Estatuaren kolaboratzailetzat jotzen dituzte Alderdian Legea onartu ez baina hauteskundeetan ezer gertatuko ez balitz bezala parte hartzen duten alderdiak. Gainerako alderdien ustez, salaketa eta aurkako jarrera erakusteaz gain gutxi egin liteke, ENAMen jarrerak berak, berarekiko elkartasunerako tarte txikia uzten duelako, eta bere nahiekin bat eginda, bere eskakizunekin bat egitea bere estrategia babestea litzatekeelako.

Egungo konfrontazio dinamikan irtenbiderik ez duen korapiloa bide da ilegalizazioan bakarrik zentratzea eta berau askatzeko, partekatzen diren beste balore eta dinamiketara jotzea beste biderik ez dago, bakoitzak bestearen izaera onartu eta errespetatuta.
Hego Euskal Herrian salbuespen egoera nabarmena jarri du indarrean Estatuak, bereziki ENAMi eragiten diona, baina bide batez gizarte osoari ere bai. Zuzenbideko estatuaren zutoinak gero eta zilegitasun txikiagoa dute euskal gizarteko gero eta herritar kopuru handiagoarentzat. Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa biziki sustraitua diren baloreak dira, azken bake prozesuan behin eta berriz agerian geratu zen moduan. Eta, hala ere, ezin konfrontazio bortitza eta inposaketaren gurpila eten. Kontraesana agerikoa da, eta alderdi politikoek badute zer hausnartu, baina baita balore horien alde agertu den gizarte zibilak ere, bereziki erabaki eskubidearen aldeko jarrera dutenen artean.

Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskundeak irabazten baditu –inkestek hori diote –, EAJrekin akordioa lortzen saiatuko ei da, hori zioen Alberto Suriok joan den igandeko El Diario Vasco-n. Helburuaz garbi hitz egiten da, Ibarretxeren kontsultaren plana indargabetzea; akordioaren baldintzez gutxi, baina erabaki eskubidearen inguruko planteamendurik ez da aipatzen.

PSOEk hauteskundeak irabazi edo ez, datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarra eta Ibarretxe lehendakaria izango dira tentsio politikoaren gune nagusiak. Batetik, Legebiltzarrak erabaki beharko du zer egin Auzitegi Gorenak EHAK-ko taldea desegitea eskatzen badio. Bestetik, hauteskundeen ostean begiak ekainera joko du, kontsultarena aurrera aterako den hala ez ikusteko. Eta tartean Ibarretxe lehendakaria epaitu dezakete. Zigorrarena ez dago horren argi, baina Atutxa auziak kargugabetzearen bidea zabalik utzi du.