Maldan gora Gasteiz, maldan behera Vitoria

  • Vitoria da batzuentzat, Gasteiz beste batzuentzat, ofizialtasun kutsua duten aipamenetan gidoi batek lotzen ditu, edo agian banatzen, EAEko eta Arabako hiriburuaren bi izenak. Eta izenarekin batera doakio hiriari izana; oraingoan, bi direnez gero, izanak. Hala, bi Gasteiz ezagutuko ditugu ondorengo lerroetan, edo Gasteiz bat eta Vitoria bat, auskalo. Muinoko kantoi estuetan Erdi Aroaren arima eskuz ukitzen saiatuko gara, beherago, hiri neoklasikoan, hain iraganekoak ez diren garaietara eramango gaituzte jauregi dotoreek. Asko eskain dezake izen bakarra nahikoa ez duen hiriak.
Gasteiz
Gasteiz, ArabaAiala Elorza
Oso leku gutxik dute, Vitoria-Gasteizek bezala, izena eta abizena. Izena, “Nueva Victoria”, Nafarroako Antso VI.a erregeak jarri zion 1181ean, herri zena hiri izendatuz. Abizena, muino gainean zegoen Gasteiz herrixkak eman zion. Garai hartan, Gaztelako erreinuak hiria bereganatu eta, horrela, Gasteizek izaera militarra galdu zuen, artisau eta merkatari bilakatuz.

Azken urteotan, eta batez ere 1950eko hamarkadatik aurrera, hiri handi bihurtu da Gasteiz. Auzo ugari jaio zaizkio lau haizetara. Antzinako erromatarrak bezala, hiri honek ere lurralde berriak konkistatu ditu Arabako Lautadan, eta baita inguruetako zenbait herrixka bereganatu ere.

Hala ere, konkista ez da erabatekoa. Etxebizitzak bai, aurkitu egingo ditugu han eta hemen, kolore, material eta tamaina guztietakoak, baina bizitza? Non da gasteiztar guztien bizitza, bai betikoena bai berriena? Leku askotan gertatu ohi den bezala, Gasteizen ere esparru txiki bat da hiriaren arnasa. Nonahi aurkituko ditugun bide-seinaleek horra garamatzate: erdigunera.

Erdi Aroko hiria muinoan

Hirigintza etengabeko erronka izan da Gasteizentzat, eta esparru horretan aitzindari bihurtu da hiria. Muinoko eraikinei erreparatuz gero, XII. eta XIV. mendeko arbendol itxurako egitura antzemango dugu. Kaleen izenak ere mende haietako egitura sozialaren seinale dira: Aiztogile, Zapatagile edo Errementari. Erdi Aroko karrika hauetan barrena gabiltzala, Errenazimentuak utzitako aztarnak aurkituko ditugu, familia nobleek egindako jauregi dotore bihurturik: Kordoi etxea, Eskoriatza-Eskibel jauregia, Villa Suso jauregia, Doña Otxanda dorretxea… Gehienak museo edo eraikin publikoak dira gaur egun.

Kale estuz eta kantoiz osatutako hirixka honen inguruan, harresi handia altxatu zuten. Erabat ziur ez badakigu ere, ustez Antso Jakituna izan zen hiria harresiz inguratzen hasi zena. Garai hartan, bi ate baino ez zituen eta Santa Maria eta San Bizente tenpluen paretak ere harresiaren zati ziren. Egun, eraberritutako 230 metroko harresiaren zatia bisitatu daiteke.

Harresitik gertu, Erdi Aroko altxorra aurkituko dugu, Santa Maria Katedrala. Eliza-gotorleku baten gainean eraiki zuten egun ikusten dugun tenplu gotikoa. Eraikinaren ahuleziak bat-bateko eraberritzea egitera behartu zuten 1990eko hamarkadan. Momentu hartan Santa Maria Katedralaren Fundazioa sortu zen, lanak gidatu eta tenpluari mundu mailako ospea emanez. Ken Follet izan da azkena, baina Antonio Gala, Arturo Pérez-Reverte eta Geraldine Chaplin ere egon dira, besteak beste, Santa Maria katedralean.
Lautadan hiri neoklasikoa

Hiriak hedatze prozesu handia nozitu zuen XVIII. mendean. Garai hartan, muinoan zegoen Erdi Aroko hiria Arabako Lautadara zabaldu behar zen, horrek hirigintza eta arkitektura aldetik zekartzan zailtasun eta guzti. 22 metroko desnibela gainditzeko lanak 1781. urtean hasi ziren, Justo Antonio de Olaguibel gasteiztar arkitektoa zuzendari zela. Proiektu hark muinoaren punturik altuena gaurko Dato kalearekin lotzea lortu zuen. Hala, “Los arquillos”, Enparantza Berria, Ama Birjin Zuriaren Enparantza eta Matxete Plaza sortu ziren. Altxor arkitektoniko horrek zerikusi txikia du orain gutxi irisgarritasun arazoei konponbidea emateko egin diren aldapa mekanikoekin.

Desnibela gaindituta, Enparantza Berria dago, arkupeduna eta erabat karratua. XIX. mendean sortu zuten, festak, zezenketak eta herri merkatuak egiteko. Han dago hiriko udaletxea, arkitektura neoklasikoaren adierazle. Haren parean jarriz gero, eraikinaren atzetik ageri, enparantzaren zaindari diren bi dorre ikusten dira. Ezkerreko aldean San Migel, kontrako aldean San Bizente. Bi eliza-dorre horiek, Santa Maria eta San Pedrorekin batera Gasteizko “lau dorreak” izenez ezagutzen ditugu.

Jaiaren bihotza

Ama Birjin Zuriaren Enparantza gasteiztarren ohiko topalekua da, hemen elkartzen dira urtero, abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsierarekin hiriko jaiei hasiera emateko, baita hiriko kirol taldeak, TAU zein Alaves, omentzeko ere. XIX. mendeko etxez eta horien ezaugarri diren egurrezko leiho zabalez inguratuta dago, eta plazaren erdian “Vitoriako Bataila”-ren omenez eraikitako monumentua ikus daiteke. Hiruki formako enparantza honen erpinean, XIV. mendeko San Migel eliza dago. Tenpluaren kanpoko aldean, Gasteizi begira, Ama Birjin Zuria, hiriko zaindaria. Azken urtean eztabaida handia izan da enparantzaren inguruan, zaharberritzea dela eta. Ekaitzaren ostean, gauzak lasaitu eta lanak aurrera doaz. Uda partean bukatuko omen dira.

Hiriko merkatua zegoen lekuan, egun, Foru Plaza dago. Peña Ganchegui arkitektoaren proiektuaren arabera eraiki zen 80ko hamarkadan. Hiriaren ikur bihurtu dira enparantzaren harmailak, frontoia eta sakonunean dagoen Chillidaren eskultura. Plaza honen inguruan, hiriko bi kale nagusi, Independentzia eta Postas. Biek bat egiten dute hiriko beste gune garrantzitsu batean, Posta enparantzan. Izenak agintzen duen bezala, bertan dago hiriko postetxea. Eraikina XX. mende hasierakoa da eta sinestezina badirudi ere, arkitektoari ate nagusia proiektatzea ahaztu zitzaion. Hala, sarrera handi baten ordez, etxaurre nagusiaren bi muturretan ate txiki bana eraiki behar izan zuten.

Jauregiak begi-bazka

Florida Parkea XIX. mendean diseinatu zen garaiko joera erromantikoei jarraiki. Lorategi botaniko handia izateko jaio zen, errekasto eta baso-lege ugarirekin. Lorategian barrena munduko leku guztietatik heldutako espezieen aldaki arraro eta exotikoak aurkituko ditugu. Parkearen erdian musika kioskoa dago, eta haren inguruan Madrildik ekarritako lau errege godoren giza irudiak. Lorategiaren sarreran Eusko Legebiltzarra ageri da, eta metro gutxira, hiriko katedral berria. Tenplua eraikitzeko lanak 1907an hasi ziren garaiko haize neogotikoei men eginez. Eraikina oraindik erabat bukatuta ez badago ere, 1969. urtean inauguratu zuten, Maria Guztiz Garbiaren omenez.

Florida parkean Armentia basilikaraino doan La Senda pasealekua hasten da. Zuhaitzen itzalpean, bidearen bi aldeetan, XX. mende hasierako jauregi ederrak aurkituko ditugu. Horien artean ezagunenak Zulueta, Villa Sofia eta Augusti dira, azkenekoa gaur egun Arabako Arte Eder Museo bihurtua.

Ibilbidearen kontrako aldean beste jauregi garrantzitsu bat, Ajuria Enea. Haren kanpo itxurak “euskal estiloa” esan zaionaren elementu arkitektoniko guztiak erakusten ditu. Garai batean, jauregian Ajuria familia bizi zen. 1972an Arabako Foru Aldundiak bereganatu eta sei urte geroago, Euskal Artearen museo bihurtuta, herritarrei zabaldu zizkien ateak. Hamarren bat urte beranduago, jauregia Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuetara pasa zen, bertan, ondo jakina denez, Lehendakariaren egoitza ofiziala ezarriz.
Armentia, euskal arkeologoen ninietako bat
Hiri erdialdetik kanpo, La Senda pasealekuaren bukaeran, Armentiako basilika dago, XII. mendeko tenplua, Euskal Herriko arte erromanikoaren adierazle nagusietako bat. Eliza barruan San Prudentzio dago, arabarren zaindaria. Ohiturak aginduta, urtero, apirilaren 28an, santuaren egunean, erromeria handia egiten da, hiri erdian hasi eta Armentiako zelaietaraino doana.

Arkeologoentzat leku preziatua dugu hau. Hantxe dago, egon, Euskal Herriko indusketa-gunerik aipagarrienetakoa. Armentia apezpikutza baten egoitza izan zen X. mendean, eta horrek pentsarazten du noizbait katedrala izan zela bertan, gaurko basilikaren ordez. Katedral horren aztarnen bila, aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte ikerlariek. Besteak beste, bi sakraria. Elizen inguruan egindako zirkuluak dira sakrariak, eta ohikoak ziren XI. mendean. Europa erdian oso ezagunak dira, baina Euskal Herrian bakarrak, oraingoz, Armentiakoak ditugu.

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 10a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude