Mimosa zuhaitzaMimosa, hori biziz jantzia
Klima sasoi bereizien ondoren antzeko xelebrekeriak ohikoak direla hausnarrean nenbilkienean danba, lehenengoa muturraren aurrean. Beterriko neure paisaia edo ikuspegi honetan, neuretzat behinik behin, ikuskizun berria: horitarren loraldi bateratua. Ugaztunaren oritza ez, landareen horitza nagusi. Jose Luis Zumetaren margolanetan bezala neguko oihalean horidurak ageri dira, ez horikail, ez horikaratu eta hori-aire xalo bat hartu, ez horixe! Horia, horibegitutako beilegia jaun eta jabe...
Garaiz kanpo, inoiz baino kanporago, hurritzaren (Corylus avellana) loraldi laru deigarria ohikoa dena baino pare bat hilabete atzera. Antzeko lore laruak zabaldu ditu lehen sahats ilunak (Salix atrocinerea), peto egin gabe, berea duen sasoi peto-petoan.
Ote zuriak (Ulex europaeus) eskarda arteko lore biziak urrutira erakutsiz gustuko duen neguari diosala dio. Bizietan udaberri lorea (Primula vulgaris) ere azaldu da bere izenari muzin egin eta berri berrienen artean bere burua erakusteko ahalegin ikaragarrian. Sasoi honetan hori deigarririk bada, ordea, mimosarena (Acacia dealbata). Eskuarki, neguko ekinozioaren plazan, eguna luzatzen hasi ordurako loratzen da. Aurtengoan berandu antzera dabil eta asko ustekabekoak topatu ditu bere loralditzarrari posturaka, lehia egin nahian bezala, gajo errukarri alaenak! Ez bai da aurrekoetako inor mimosak paisaian eransten duen horitza arrasto larriaren mailara hurreratu ere egiten. Pinuak (Pinus radiata) ere ia igartzen ez diren loreak ireki eta bazter guztiak polen horiz estaliagatik ez dio aurrea hartzen mimosa mainosa andere eta jabeari.
Horitzaren ondoren datorrenaren mokoa ageri da eta, garaiz kanpo hau ere, haltzak (Alnus glutinosa) bere urardozko loretza zintzilik du dagoenerako. Baina zuriak datoz indarrean. Erne, etxe gaineko elorri beltza (Prunus spinosa) zuritu da. Kate luzea da zuriena, hurrengoa maaltza (Pyrus communis).