Euskal Herri osoan 2006an plazaz plaza entzun eta ikusi ziren bertsoak gogoratu eta gordetzeko aukera eman du Bertsozaleen Elkarteak kaleratutako Bapatean 2006 liburuak. 649 bertso dakartza denera. Norbaitek haiek entzun nahiko balitu, guztiak ez, baina liburuan musika ikur batekin agertzen direnak aurkitzeko behintzat www.bertsozale.com web-gunera jotzea besterik ez du. Bertso saio guztien informazioa biltzea ia ezinezkoa da, baina asko daude jasota. Nolanahi ere, besterik da grabatzen dena: 2006an 209 saio grabatu ziren, 314 ordu guztira. Bapatean 2006 izenburuko liburuan bat-batean kantatutako bertsoak aurki daitezke, txapelketakoak izan ezik. Bertso-paperen alorretik ere ez dituzte jaso, bai ordea bat-bateko gazte sariketakoak.