argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Zotzetik txotxa
  • Pipan edo upelean hartzitu eta heldutasunaren atarira iristean bonbilara edo botilara; bonbilatik prat-txin edalontzira eta ahosabaiaren zurrunbiloan arrastoa utzita eztarrian barrena... Sagardoaren patua.
Jakoba Errekondo 2008ko urtarrilaren 28a
Garai batean bide bakarra ezagutzen zuen sagardoak: sagarrondo amaren zuretik abiatua, zurezko hagaz moildua, zurezko kixkiaz zurezko zarera bildua, zume-zurezko adarrez lotutako zakutan gurtetxea eta gainerakoak zurezkoak zituen gurdian garraiatua, zurezko askan zurezko sumilaz joa, zurezko kantalerak, sareak, azpisunbilak eta oholak dituen dolarearen askan beratua, zurezko palaz patsatua, dolareko zurajeko hori patsola giltza urkatxu eta ardatzek zanpatua, zurezko tinan bildua, zurezko pipa, barrikote, barrika, bukoi edo upelean hartzitua, zur-azalez itxitako bonbiletan ondua edo zurezko txotx edo txorrotatik zurezko pitxarretara eta zurezko edalontzietara eta zuretik ezer ez duen bakoitzaren ondo nork bereko ahoko zulora. Milaka urtetan sagardoaren ohaidegokoak izan dira zurak, zur denak ez badira ere asko: lizarkia, haltzakia, sagarkia, hurrizkia, urkikia, zumekia, sahaskia, gaztainkia, gerezikia, harizkia, pagokia, intxaurkia, artekia, sasiakaziakia, amezkia, erkamezkia...

Ardoa eta zuraren arteko ezkontzaren berri oso da zabaldua eta jakina. Ardoa, mahatsarena, kristauek ekarri, zabaldu eta oraindik ere sustatzen ari diren edaria izaki elizaz ezkontzea ulertzekoa da. Sagardoa, ordea, Eliza zergazale eta bizitza-lapurren aldean zaharra da, zaildua eta amoranteek nahiago, nonbait. Bada sagardoa ardoa ez dela dioen gastronomorik, geure ardo zaharrena... Kalitatezko ardoan zurak duen garrantzizko ekarriaz inork badaki ardozale horiek dira; bada, horiek eta sagardoa sagarretik ahorako bidean zur gozotik erabat urrutiratu eta metal hotzarekin ezkondu nahi duten sagardogileek eta enologoek jarri dute sagardoa inoizko maila behekoenean, lurpean. Orain arteko sagardoa ez den edari baten sortzearen lekuko gara azken urte hauetan eta datozenetan izango gara. Jende hori erraz ezagutuko duzu: zuraz gaizki esaka entzungo dituzu. Bere patrika berotzeko sagardogintza berriari “merkatuak eskatzen duena emate” deitzen diote, harroputz asko! Eta mahatsaren ardoa bezala, txarretan ikaragarriena metalak egiten duela badakite, eta onena, ahaloro zintzurreratuko dutena, zurak. Zuretik ezpala... eta sagardoa!