«Bizitzari aurre egiteko modu asko dago. Politena, barrea»
Zer dela-eta idatzi duzu nobela umoretsua?
Nik umoregilea izan nahi nuen, baina inork esan ez zidanez non ikasi behar zen horretarako, ez non zen umoregile onen ikasketa handien fakultatea, atzizkiarekin geratu nintzen: alegia, umorerik gabeko egilea. Ez da niri umorea bost axola zaidalako, ezta gutxiagorik ere. Baina idatzi ditudan liburuen artean gutxi dira umorezkoak, serioak izan dira gehienak.
Etxearen negarra ez.
Ni ez naiz gizon serioa. Hala banintz, ez nintzatekeen idazle izango, Kutxako langilea edo udaleko funtzionarioa baizik. Uste dut bizitzari aurre egiteko modu asko dagoela, eta politena barrea dela. Baina barre egitea gaizki ikusia dago. Gizartean errazago onartzen dira negargarriak barregarriak baino. Oso jende gutxik egiten du barre bakean, haurrak, eroak edo adinekoak izan ezik. Baina barrea oso serioa da. Hain serioa, ezen hilgarria ere izan baitaiteke.
Hilgarritzat jo behar al dugu zure nobela hau?
Ez. Nik ez dut esango berau irakurtzean barrez hilko zaretenik; ez nuke halakorik nahi; jendeak hatzez seinalatuko ninduen eta esan ere bai, ozenki gainera, “horra hor barrez hiltzen duen gizona!”. Ez da parte onekoa. Dena dela, aukeran, hobe barre eragile izan, barre eraile baino. Liburua, benetan gertatutako kontu batetik sortua da. Bikote bat ari da etxe bila, bere garaian andregaia eta biok aritu ginen bezala. Kontatuko banu zenbat ikusi genituen eta zer desastreak! Eta orain etxe bat egoera onean aurkitzea lehen baino zailagoa da, oso zaila.