Bezpera ala Biharamuna

  • Prozesuaren biharamunetik hauteskunde bezperatara egin dugu salto, eta niretzat daukat ez dugula lehenengoan gertatua ondo hausnartu, arin kaskarin baitabil mundu politiko ofiziala, botoen merkaturako prestakuntza kosmetikoan. Estatu espainiarreko politikariak, hauteskunde lehia horretan aktore nagusi izango direnak, aldiz, azkar ibili dira prozesuaren ondorioen irakurketa propioa egin eta beren komenientziazko neurriak hartzen; are gehiago esango nuke, presidente espainiarrak egin dituen balantze publikoetan, disimulurik gabe aitortu du prozesuaren erabilera instrumental hutsa.
Karmelo Landa
Karmelo LandaIñigo Azkona
Euskal Herritik begiratuta, aldiz, esperientzia horrek guztiak mereziko luke hemengo alderdi boto zale amorratuek eskaini nahi dioten baino arreta handiagorik; izan ere, 2004-2008 zikloa ez da edonolakoa izan Euskal Herrian, ezker eskuin eta gora zein behera begiratuaz: Anoetatik hasi eta hortik aurrera egindako bidean, Uztaritze edo Iruñea, Zapatero zein Sarkozy, Ibarretxe eta Sanz, bada zeri erreparatu eta zer aztertu, nahi izanez gero. 
 
Kontua da hauteskundeen lasterketan sartzeko irrikan diren zenbaitzuk ez dutela hausnarketa handirik egin nahi, eta batez ere ez dutela prozesutik ateratzen diren ondorioekin konpromezurik hartu nahi, lehengoan segitzeko prest daudelako. Oso deseroso egingo litzaioke gaur NaBairi, adibidez, aurreko hauteskundeetako Nafarroako Gobernu “aldaketa” PSOErekin konpartituaren inguruko kapitulu hura gogora ekartzea; edota PNVri begien aurrean jartzea PSOErekin batera prozesuan zehar izan duen jokabidea. Baina hemen plazaratzen den arazoa ez da birkokatze elektoral ingurukoa soilik. Askoz sakonagoa da eta urrunago doa. Kontua da azken finean prozesu horretan benetako gako politikoak mahai gainean jartzera heldu zela, eta une horretan bertan biluztu zela guztion begien aurrean gatazka luze honen benetako arrazoia eta benetako soluziobidea: euskal herritarroi erabakia emateko moduko marko politiko zehatz, gauzagarri, egingarri eta lorgarriaren inguruko akordioaren beharra. Baina gobernuak ezetz esan zion, eta honen lagunek amen gobernuak esandakoari. Eta hor hasi zen biharamuna.
 
Paradoxa handi bi planteatu dira prozesu hautsi horren ondorenean: lehena, ezker abertzalearen aurka piztu den paroxismo errepresiboa; ondo pentsatuz gero, soluziorako bidean proposamen politiko hain neurtua, zehatza eta landua aurkeztu duen agente politikoa laudatu, zaindu eta bultzatu egin beharko litzateke, prozesu berri baten lorpenera begira.
 
Bigarren paradoxa hauteskundeetarako deialdiarekin batera planteatu da: gobernu espainiarrak ezker abertzaleko edozein aukera legez kanpo utzi eta zigortzeko jarrera indartu duen une berean, “erabakitzeko eskubidearen alde” agertu den pertsona ospetsu batzuen plataformak eskaini diguna; edonork espero zezakeen, baldintza hauetan, erabakitzeko eskubide hori estu-estu lotuko zutela plataforma kideek hauteskunde-baldintzetara, nahitaez berauetara joateko baldintzatzat hartuaz aukera guztien berdintasuna, “denok ala inor ez” formulaz baliatuz. Baina ez da horrela izan, ez. Erabakitzeko eskubide hori ad calendas uzten denean, are okerrago gertatzen da, apartheid bortitz eta anker honekin nolabaiteko bateragarritasuna agertzen duen proposamen zehatz eta deitura ezaguna duena bultzatzen dela era horretan, paisaia errepresibo neurrigabe eta nardagarri hau “udaberritzerik” balego bezala.
 
Bi paradoxa hauek badute loturarik: batak zein besteak atzera egiten duela egoeran, zigorrera edota bazterketara jotzen dutenean. Hortik ez dator soluziorik, hori ikasteko sobera esperientzia izan dugu azken urteotan. Horrez gain, aurreko prozesuak utzi dituen emaitza baikorren artean badugu bat argia: euskaldun guztion hitza eta erabakia oinarrian jartzen duena, lurraldetasun osoa errespetatuz eta aukera guztiak, independentziarako bidea barne, gauzagarri bihurtuz.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude