Vampire Weekend musika taldea
Dracula kondeari ere irribarrea ezpaineratuko liokeen diskoa da. Xalo, Paul Simonen Graceland ezagunaren bidea jarraitu dute ahotsaren melodiek, baina 1980ko hamarkadako soinua kafearen filtrotik pasata. Ez espero gehiegizko sintetizadorerik, tarteka eta behar denean bakarrik sakatu dituzte teklak. Gitarren soiltasunean eta bateriaren jolasean datza graziaren parte handi bat. Egiten dutenak oso sinplea ematen du, erraz sartzen da belarritik, baina kantu bakoitzaren oinarri erritmikoa landu egin dutela igartzen da. Halako kutsu, ez dakit, afro bat antzeman daiteke diskoa osatzen duten hamaika kantuen baterietan, eta horren gainean eraiki dituzte euren pop doinuak. Beharbada hori da eszena indie-ari egin dioten ekarpenik, ez dakit originalena, baina interesgarriena behintzat.
Bukaerarako utzi dut baratxuria. Abeslariaren ahotsak goiko notetan karranka egiteko joera du eta horren erruz, zenbat eta entzunaldi gehiago egin, orduan eta errepikakorragoa egingo zaizu diskoa. Peccata minuta azken aldian buztin berarekin egindakoak diruditen talde anglosaxoien artean zerbait, ez dakit, desberdina ekarri duten lau gazte hauentzako. Ea arrakastarik ez duten. Pena litzateke industriaren erritmo kriminalek derrigortuta disko hau lantzeko hartu duten denbora ondorengoetan ez hartzea.