Alberto Elosegi
Ailarra omen da barrikaren uztaia, zur arteko bizkaieratarrak zuzendu dit. Ikusiak ditut, museo edo antzeko zokoren batean eta, batik bat, argazki zaharretan, gerrian zurezko lokarriak dituzten barrika eta barrikoteak. Eta, kaikua halakoa, gaztainazkoak irudikatuak nituen. Otargintzan ikusia, gaztainazko heldulekua duten lepotarretan, kopotarretan eta zareetan, horienaren tankerakoa irudikatu bakailao gaziz, bale-sainez edo sagardoz beteta ontzien altzoan kaian pilatutako barriken bueltakoa.
Zumitzaren antzekoa da ailarra, baina bada aldea: zumitza bi aldeetatik landutako uztaia da, aldiz, ailarra alde bakar batetik. Azken horrek, landutako aldea barrura upelak estu-estu eutsiz, kanpoko aldera erakusten duen aldea bere azal eta guzti dago, landu gabea, basagoa; horregatik erabiltzen ote da ailarra hitza basatiaren sinonimo gisa bizkaieraz eta gipuzkeraz? “Umandi”, Urestarazu`tar Andonik bere milaka eta milaka orriko asmo-hiztegi ederrean argitzen digu. Honela dio ailarraz: “Oyan eta landaetan landu gabe sortzen dan edozein landarea”, horra basatiarekiko sinonimiaren iturria. Landare horiek erditik pitzatu eta zartatuta sortuko zituzten uztaietarakoak. Hona Andonik berak horretarako erabiltzen zen ailarraz dioena: “(Ereztun): iz. Upaen pipolak estekatzeko erabiltzen dan kurkurua”. Bai dotorea!
Pipa, barrika, upa, barrikote, kupel, bukoi... Oraintxe da bada hauen artean ibiltzeko sasoia. Iazko sagarraren gozatu ezinak, aurreko urteko sagardo berak ahantzarazi eta aurtengo lehorrak, idazten duen aho sabai honentzat ezin goiengoagoak, dagoenerako etorriak dira eta datorrenean ez bada hurrengo ilbeheran botilaratu aurretik gozatzeko sasoia, adiskidea...