Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzetako Departamentuari eta Ostiraleko Lagunak Atsegintzeko Elkarteari esker dugu eskuartean Gipuzkoako atezainak. Porteros guipuzcoanos liburua. Gipuzkoako futbolaren historian nabarmendu diren atezainei egindako omenaldia da lana. Lurralde txikia izan arren, hainbat eta hainbat atezain handiren sorlekua izan da Gipuzkoa. Anechino, Agustin Eizagirre, Sebitas, Eduardo Chillida, Jesus Mari Zubiarrain eta Javier Urrutikoetxea izen handiak dira futbolaren historian. Gipuzkoako atezainak liburuak bost onenak omendu ditu: Inazio Eizagirre, Josetxo Arakistain, Jose Angel Iribar, Luis Miguel Arkonada eta Andoni Zubizarreta.