Azal ezazu zer den Etzi.
Liburu nahiko fina da, baina asko kostatu zait bukatzea. Sarritan halaxe izaten dira gauzak: zenbat eta txikiagoa lana, orduan eta zailago izaten da bukatzen. Liburu honen atzean dagoen historia hauxe da: nik iloba bat daukat Down sindromea duena. Hamabost-hamasei urte dauzka. Berari liburu bat eskaini nahi nion, baina beti utzi egiten nuen, sekula ez nuelako aurkitzen gaiari heltzeko tenore aproposa: behingoz ordea, erabaki nuen bere bizitzan edo izaeran oinarritutako liburuxka egitea. Hauxe da.
Nola burutu zenuen zeure asmoa?
Bi anaien istorioa da. “Normala” den anaia gazteak kontatzen ditu bere anaia sindromedunaren gertakariak. Nolanahi ere, egun bateko epean gertatzen den istorioa da. Ez dago akzio handirik, gogoeta liburua da gehienbat. Uste dut maitasun istorioa dela; anaiak, aiton-amonak eta gurasoek anaia, iloba eta seme horri dioten maitasunaren istorioa.
Zer izan da zailena idazterakoan?
Askotan horrelako kasuetan erruki faltsua izaten da jende honekiko. Nik hori saihestu nahi izan dut, eta uste dut ez dagoela liburuan erruki faltsurik, justu kontrakoa baizik. Pasarte triste samarrak daude, umorea ere bai, poesia pixka bat... Eta intriga pixka bat hasieratik bukaeraraino. Irakurlea engantxatzen duen zerbait. Horretan saiatu naiz ni behintzat, irakurlearen arreta mantentzen duen tentsioa agertzen: bukaera arte gurasoak eta mutil sindromeduna nora joan ote diren galdera sortzen.