argia.eus
INPRIMATU
Beti berandu
Joxemari Ostolaza 2008ko urtarrilaren 22a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Beranduegi datorkio kaltedunari kalte-onarpen soziala. Eta ez beti. Boterearen bertsio ofizialekin siesta lasai egiten duena, nekez iratzarriko du Bergarako epaitegira jo duen lekukoarenak, Igorren eta Mattinen atxiloketaren bertsioa, Rubalcabaren ipuin inpunea gezurtatu duena. Eta bere burua aurkezteaz bat frogatu badu ere burmuina bere lekuan daukala, nekez sinets dezaket entzun dion epaileak berea behar tokian izanen duenik. Arrestatu eta mendira eraman zituzten Zabaltzarena gogoan. Hauek bai, hauek errekan hartu zuten komisaldegiko aperitiboa. Erosoagoa zaigu Rubalcarena onartzea, garai batean GALen eta Manuel Ballesterosenaren antzera. Orain edonork onartzen ditu haien ankerkeriak diktadura bati zegozkiela, demokrazian ezin onartuzkoak zirela. Berantegi. Eta berriro ere, tortura katea haustea burmuina lekutua duten epaile lotsagabeen esku dago, boterearen beroan bizi diren horien esku. Atxilotzeak eta komisaldegiak automatikoki tortura dakarrela eskarmentuz dakigunontzat, Igorrena eta Mattinena ohiko inpunitatearen neurriz kanpokoa izan da, kalkuluaren errua. Eskua joan zaie. Konjeladorean sartu eta deskonjelatzerako gu, jada, ez gara hemen izango. Eta diktadurarik gabeko demokrazia noizko?