argia.eus
INPRIMATU
Benetako Amerika (IV)
Igor Estankona 2008ko urtarrilaren 22a
Igor Estankona
Igor Estankona
Edo beste Amerika. Amerika bihozbera bezain erreala baita, zoritxarrez, aurka gauzkan Amerika. Eta beltzen iraultza bat-batean iritsi zen. Egia esan, sano arinagotik zetozen puztuz-puztuz ekaitzaren lainoak zerumugatik. Eguneroko umilazioen gogorrak horixe dauka: errepresioa arinkeriaz aplikatzen da maiz, baina gainezka egiten du gero. 30. hamarkadan Langston Hughesek jadanik arkatza hartua zuen profeta batek bezala:

“Zer gertatzen zaio atzeratu den amets bati?/ Sikatu egiten al da/ mahaspasaren moduan eguzkitan?/ Edo, areago, zornea dario mintzarrari bezala/ gero galapan ihes egiteko?/ Usteldutako okelari legez kiratsa ote dario?/ Edo geruza egingo zaio eta pikortatu/ almibarrean utzitako sagar-gozokia nola?/ Behar bada karga astun baten gisan eskegita dago./ Edo leher egiten ote du?"

Eta ordurako Nate Shawek eskopeta hartua zuen, behin baino ez, baina hartua zuen, eta tiro egin ere bai, etxetik kaleratu behar zuten maizter pobre baten defentsan. Boteretsuen klaseak kondenatzen baitzuen, haren aburuz, zuri pobrea beltz pobrearekin batera. Eta gaineratu zuen: “Zera ikasi dut, hitzek baino askoz altuago hitz egiten dutela ekintzek”.