argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Joare hotsak
  • Ituren eta Zubietako inauteriak

    Inauteria ilargiaren menpekoa da, horregatik ibiltzen da egutegian hara-hona dantzan. Ospakizun batzuek, hala ere, tinko eusten diote data bati. Ituren eta Zubietako inauteria da horietako bat. Urtarrileko azken astelehen eta asteartea dira, urtero, inguruko mendi magalak zintzarri hotsaren oihartzunez betetzeko aukeratutako egunak. Egun aproposak, lanaren diktadurari ihes egiteko modua edukiz gero, aspaldiko ohitura baten magiaz gozatzeko Euskal Herriko eskualderik ederrenetako batean. Hots, Malerrekan.
Unai Brea @unaibrea2 2008ko urtarrilaren 23a
Iturendar Joaldunak
Iturendar Joaldunak
Sinonimoen maitaleentzat pagotxa da Ituren eta Zubietako inauteria. Zanpantzarrak, joaldunak, ttuntturroak, jaiaren protagonistak izendatzeko; zintzarri esateko, pulunpa eta joare. Zubietan ba omen zen horiek ekoizten zituen oinarrizko metalurgia industria, eta baliteke hori izatea ohituraren jatorria. Iturenek ez du gutxiago izan nahi ordea; joare egile bat gutxienez izan da herri horretan, Mikel Laboari esker ospetsu egin zen kantuari sinestera. Eta sinonimoetara itzulita, abesti horren zenbait bertsiotan Baztanen jatorria duen hitza aipatzen da: garea. Hots, joarea.

Nekazal eta artzain gizarteetan, joare-zintzarri-pulunparen doinua izpiritu txarrak uxatzeko erabili izan da. Baita Zubieta eta Iturenen ere, edo hori da uste zabalduena behinik behin. Hala dio egile ugarik, eta urrunago joan gabe, hala irakurri ahal izango duzu esku artean duzun aldizkari honetan, bost orrialde barru. Juan Antonio Urbeltz adituetan adituenak dioenez, berriz, euliak uxatzea da zintzarrien funtzioa, hala nola hisopuarena. Hots, joaldunek eskumako eskuan daramaten zaldi-isatsarena.

Dena prest dago honenbestez. Astelehenean zubietarrak joango dira Iturenera bisitan, bi herrien arteko lau kilometroak betez. Asteartean alderantziz, badaezpada bidean zerbait gelditu den uxatzeke. Bi egunetan, eta bide erdian gutxi gorabehera, Aurtitz auzokoak bilduko zaizkie batzuei nahiz besteei, burrunbari burrunba gehituz. Aurtiztarrek, Iturengoek bezala, bi artilezko atal daramatzate: gerri inguruan jartzen dena, joarea lotzean sokak minik ez emateko –eman egiten du, hala ere–, eta sorbalda gainekoa. Zubietarrek gerrikoa baino ez. Den-denek daramate, hori bai, inauteri-jai honek hain berezko duen kapelu koloretsua.

Hots, ttuntturroa.