argia.eus
INPRIMATU
Rouco Varela eta familia
  • Gaitzeko manifa izan da Madrilen: Espainiako jendetzaren arabera, guk Egunkariaren alde egin genuenaren mailakoa. Bi gogoeta merezi ditu, ezta!? Aitortuko dut Rouco Varela batere ez zaidala gustatzen, ezta Cañizares ere. Zapateroren kontra bildu ote dira jende oste horiek? Ez zait iduri Rajoyk gehiago entzunen dituenik bozak irabazten baldin baditu. Baina niretzat ez da aski zerbait Rouco, Cañizares, Zapatero ala Rajoyk errana izatea, gezurtzat ala egiatzat hartzeko.
Xipri Arbelbide 2008ko urtarrilaren 14a
Xipri Arbelbide
Xipri ArbelbideDani Blanco
Demokraziaren izenean, Roucok badu Espainia batuaren alde mintzatzeko eskubidea, nik kontra bezala. Familia mota baten alde manifestatzekoa, beste batzuk Euskadi independentearen alde edo kontra bezala. Bakoitzak bere argumentuekin, nahi badu gehiengoa bereganatu. Baina familiari doakionaz, iduri luke “modernitateko” ikuspegiaz besterik aipatzea debekatua dela, “zuek, ixilik!” oihuak entzun gabe. Galdera zenbait egin nitzake.

Urtean 7.000 etorkin beharrezkoak dira EAEn. Belaunaldi batez 200.000. Ez ote sortze baino heriotza doble eta gehiago dugulakoz? Horrek ez ote du deus ikustekorik familia mota bat edo bestearekin? “Modernitateak” ekarri familiaren ala tradizionalaren ondorioa da? Lehenak ez ote du euskal populuaren desagertzea ekartzen? Gizonaren historian populuak desagertu dira. Zergatik ez gurea?

Euskal herri batek iraun dezan, zilegi ote da, guk haurrak egin nahi ez ditugulakoz, indio eta beltzei eskatzea urtean 7.000 egin ditzaten guretzat? Musu-truk. Edo esker txarrean truk. Gure garapena segurtatzeko. Gure zahar arranda edo erretiroa pagatzeko. Zuzen da, bizitzeko, egunean euro batez petik daukan Niger-eko emazteak haurrak egin ditzan, hazi errentagarria izan arte, gu asean eta betean bizi gaitezen? Emazte horri galdetzen ahal diogu egunean bi edo hiru kilometro egitea hamabost litro buru gainean, Europak zerrientzat debeka lezakeen ura emateko edatera bere haurrei, gure ongizateagatik?

Normal ote da seme horiek milaka joan daitezen itsas zolara, Afrika eta Kanariar Uharteak, Gibraltar, Espainia, Sizilia, Zipre edo Arabia artean? Herri izen horiek argi erakusten dute nor noren bizkar bizi den.

Normal ote da “modernitateko” kotzoen sexu-janiza asetzeko, Amerika, Afrika edo Eki Europatik ekar ditzaten puta-esklaboak (putetarik %90)? Ez dadin ez polizia nazional ez ertzaintzarik izan esklabo horien libratzeko?

Horrelakoak ezin jasanak zaizkit niri. Horrelakoak ez gertatzeko, ez dut familia tradizionalaz besterik ikusten, ukitu zerbait behar badu ere. “Modernitateak” ekarri digun familia berriaren aldekoek erakuts dezatela zer aterabide duten gorago aipatu arazoxka horientzat.