Kontuz solidaritatearekin

  • Samurtasun goxoa gurea, sentimendu onak nagusitzen zaizkigunean. Bertzeak bertze, solidaritate sentipena: errukia, maitasuna, sinpatia, enpatia, tolerantzia, eskuzabaltasuna… Batik bat, solaskideekin horretaz aritzeko orduan. Baina askoz zailagoa izanik ere praktikara eramaterakoan, pasatu berri ditugun data hauek bereziki egokiak dira asmo berrietan hasteko, sentimendu onen ildoari helduz. Ea irakurleak hau leitu orduko oraindik ere gelditzen zaigun zertxobait horretatik, lausotuz joaten badoakigu ere.
Bixente Serrano Izko
Bixente Serrano IzkoJosu Santesteban
Ez diet gorroto sentimendu onei. Solidaritatea kasu. Izan ere, itxuraz bederen badu zerikusirik solidaritateak maitasunarekin, eskuzabaltasunarekin, altruismoarekin, geurekoikeriaren ukazioarekin… Halere, ez dakit, susmoa dut solidaritateak ez ote dituen bere mugak izaten: ez soilik geure zilborretik harago so egiterakoan ditugun zailtasunetan, zerbait askoz sakonago batean baizik, ezintasun filosofiko batean ere. Ongi begiraturik, kontu bakarra ez da guk geuk mugak jartzen dizkiogula solidaritateari geurekoikeria malapartatu bat dela kausa: solidaritate sentimenduak berak jartzen dizkigu mugak geuri, berez eta ezinbertzean.

Ez dago, ezin egon, solidaritate unibertsalik. Solidaritateak, beti, “gu” bat eratzen digu, zabalagoa edo murritzagoa, baina “gu” bat. Gugandik kanpo gelditzen dira bertze gutxi-asko, ezinen duena gure solidaritaterik erakarri, geuregan sartzen ez den heinean. Aingeru Epaltzak bere azkeneko liburuan, Bezperaren bezperan alegia, dioenarekin jokatuz, hilotz guztiak hilotz zaizkigu, baina batzuek bertzeek baino hotzago uzten gaituzte.

Solidaritatearen mugen kontua da, zer erranik ez. Beraiek ohartu ala ez, solidaritatea eskatu ohi digute biktima guztiek. Sinpatia eta enpatiarik eskatzen digute. Ez ohi dute nahikoa gu euren eskubideen alde egotearekin, euren eskabideak geure egin ditzagun nahi dute. Baina biktima batzuekin bakarrik egin dezakegu horrelakorik. Egon, egon naiteke edozein biktimak jasandako eskubide urraketaren kontra; ezin naiteke egon, aldiz, biktimek guztiek eskatzen duten guztiaren alde. Egon naiteke, eta banago egon, kasurako, Capbretoneko biktimek jasandakoaren kontra; baina ezin egon biktima horiek egiten ari ziren lanaren alde, eta ezin egon biktima horien solidarioekin ados. Egon naiteke, eta banago egon, kasurako ere, 18/98 sumario erraldoiaren biktimek jasandakoaren kontra, baina ez nago ados horren biktimekin guztiekin, horren biktima batzuek planteatzen duten guztiarekin: ez naiz horiekiko guztiekiko solidario.

Solidaritatetik harago eta honago ibili behar dugu, neure uste apalean: erran nahi baita, harago, nire eskabideen aurka jokatzen dutenen eskubideen alde jartzeraino ere; baina –honago– nire eskabideen aurka jokatzen dutenen asmoen kontra tematzen jarraitzeko eskubidea gordetzen: zure eskabideen kontra agian, baina beti ere zure eskubideen alde: solidaritatetik honago apika eskabideen arloan, solidaritatetik harago beti eskubideei dagokienez.

Horratx! Mesedez, kontuz solidaritatearekin. Eska iezadazu, bai, zure eskubideen alde agertzea, eskatu kontuak niri gorrarena egiten badizut; baina ez eskatu ni zure alde agertzea, ez eskatu niri kontuak, aldi berean zure ideien kontra jokatzen jarraitzen badut ere. Ez eskatu solidaritatea guztioi, eskatu justizia, guztioi bai horixe! Solidario gutxi izanen duzula? “Gutariko/Zuetariko” gutxi izanen duzula..? Ez da hori auzia: jende justu gehiagoren premia larrian zaude eta gaude. Eta gero gerokoa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude