argia.eus
INPRIMATU
Cefektua areagotzen dute
  • 2002an oso lehorte gogorra jasan zuten Ipar Amerikan, eta horren ondorioz 330 milioi tona CO2 gehiago geratu ziren atmosferan. Ipar Amerikan urtero 1.850 milioi tona CO2 igortzen dira atmosferara gizakiaren jardueraren eraginez, eta horren zati bat landareek xurgatzen dute. Batez beste, landarediak xurgatzen duena 650 milioi tonatan estimatzen da, baina 2002. urteko lehorte gogorraren eraginez 320 milioi baino ez zirela xurgatu adierazi du Wouter Peters Herbereetako Wageninen Unibertsitateko ikerlariak.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko urtarrilaren 15
2003an gauza bera gertatu zen Europan: urte horretan atmosferan ia 500 milioi tona CO2 gehiago geratu zela uste da. Petersen arabera, oso kontuan hartzekoak dira gertaera natural horiek. Lehorteek, esaterako, berotegi efektua moteltzeko gizakiok hartzen ari garen neurrien eragina gutxitu dezakete.

Kontinenteen higidurak kliman eragin

Duela milioika urte kontinente guztiak baturik zeuden, Pangea superkontinentea osatuz. Ondoren pixkanaka bereiziz joan ziren, abiadura desberdinetan gainera. Orain, Washingtoneko (AEB) Carnegie Institutuko ikerlari talde batek kontinenteen higidurak kliman duen eragina aztertu du.

Kontuan hartzen bada kontinenteen higidura oso motela dela –zentimetro batzuk baino ez urtero–, oso zaila da ondorio erabat ziurrak ateratzea. Dena den, ia segurutzat eman dute kontinenteak geldi ere egoten direla aldiro. Horrek izugarrizko eragina omen dauka kliman, izan ere, kontinenteen higidura eteteak sumendien jarduna moteltzen du, atmosferara igortzen duten partikula kopurua askoz ere txikiagoa baita. Partikula horiek oztopoa dira eguzki-izpientzat eta hortaz klima erregulatzen dutela esan daiteke.

Esandakoak ez du eraginik gure bizitzetan –zer da ba mende bat milioika urteren ondoan?–, baina lagungarria izan daiteke Lurrean gertatu diren beroketa-boladen zergatia ulertu ahal izateko.